Josu Erkorekak ongietorria egin die zibersegurtasunari buruzko «68th TF-CSIRT Meeting & 2023 FIRST Regional Symposium Europe” nazioarteko biltzarreko parte-hartzaileei

0
PRUEBA
  • Biltzarrak segurtasuneko eta gertakariei erantzuna emateko nazioarteko profesionalak elkartuko ditu hiru egunetan Bilbon
  • 2023an Eusko Jaurlaritzak Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia sortuko du mehatxu digitalei aurre egiteko estrategia eta baliabideen kudeaketa bateratzeko

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak eta Olatz Arabiourrutia Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko zuzendariak lagunduta, ongietorria egin die gaur gauean, Bilboko Guggenheim Museoan, «68th TF-CSIRT Meeting & 2023 FIRST Regional Symposium Europe» nazioarteko biltzarreko parte-hartzaileei; biltzarraren anfitrioia da Basque CyberSecurity. Hiru egunetan segurtasuneko eta gertakariei erantzuna emateko taldeei zuzendutako zibersegurtasunaren sektoreko azken berrikuntzak izango dituzte eztabaidagai.

Erkorekak esku-hartzean azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak zibersegurtasunarekin zerikusia duen guztiarekin hartuta duen konpromisoa eta segurtasun publikoa mehatxatzen duten arrisku digitalen aurrean nazioartean elkarlanean jardutearen garrantzia. Horren erakusgarria da 2017an Basque CyberSecurity Centre sortu izana enpresei eta Euskadiko industriaren lehiatzeko eta berritzeko ahalmenari eragiten zieten mehatxu digitalei erantzuna emateko, bai eta Ertzaintzaren Delitu Informatikoen Unitateak herritarrak ziberdelinkuentziatik babesteko egiten duen etengabeko lana ere.

Alde horretatik, lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak jakitera eman du datozen hilabeteotan Basque CyberSecurity Centre Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia bihurtuko dela, dauden baliabideen eta ekimenen estrategia eta kudeaketa bateratzeko eta sektore publikoaren, herritarren eta enpresa-sarearen babes-maila areagotzeko.

Bilakaera horren ildotik, Erkorekak adierazi du Ertzaintza jada ari dela lanean bere ikerketa-prozesuak egokitzeko, ziberdelinkuentziaren aurrean elkarlana sustatzeko antolaketa optimizatzeko, adituak erakartzeko eta atxikitzeko, punta-puntako teknologia izateko eta Euskadin zibersegurtasunean prebentzioaren kultura hedatzeko.

SEGURTASUNEKO ETA GERTAKARIEI ERANTZUNA EMATEKO TALDEEN FOROA (FIRST)

Basque CyberSecurity Centre Segurtasuneko eta Gertakariei Erantzuna Emateko Taldeen Foroko (FIRST) kide da 2018az geroztik. Ekimenak gertakariei erantzuna emateko mundu osoko 650 talde baino gehiago elkartzen ditu. Arlo publikoko nahiz pribatuko taldeak dira, eta hainbat eta hainbat sektoretakoak: administrazioa, osasuna, finantzak, energia, ikerketa, garraioa, eta beste hainbat.

Ekimenaren helburu nagusiak koordinazioa eta lankidetza sustatzea eta gertakariei erantzuna ematearen arloko jardunbide egokiak partekatzea da, ahalik eta eraginkorrenak izateko eta horien eragina arintzeko helburuarekin.