Euskadiko Filmategiak «Euskal Emakume Zinemagileak» aurkeztu du, gure zinemagintzan funtsezkoak izan diren emakumeei buruzko hainbat saiakera biltzen dituen lehen liburua

0

Euskadiko Filmategiak Euskal emakume zinemagileak aurkeztu du, gure zinemagintzan funtsezkoak izan diren emakumeei buruzko hainbat saiakera biltzen dituen lehen liburua. María Pilar Rodríguezek, Deustuko Unibertsitateko irakasleak, koordinatu du lana, eta haren helburua euskal zinemaren berri ematea da, emakume zuzendariek hainbat genero eta formatutan egindako obretatik abiaturik. Era berean, proiektu artistiko horien esplorazio akademiko eta dibulgatibo bat eskaintzen du.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzarren bozeramaile Bingen Zupiriak aurkezpenean adierazi duenez «emakumeen begirada sortzailea behar-beharrezkoa dugu baina baita ere emakumeen begirada analitikoa. Emakumeek egindako azterketak, balorazioak, analisiak. Adituen lana biltzen du argitalpen honek. Zinema egin duten eta egiten duten emakumeez informazioa, azterketa eta hausnarketa dakartza. Haien begiradak zinemari eta gure gizarte osoari egin dioten ekarpena agerian jartzeko». 

Argitalpenak lau zati nagusi ditu: Ikuspegi globalak, Generoak, formatuak eta moldaketak, Ekoizpena, distribuzioa eta harrera eta Hiru emakume zinemagile. Lehenengoak, Ikuspegi globalak, euskal emakume zuzendarien produkzio filmikoa lantzen du hainbat ikuspegitatik: gaiak, generoaren errepresentazioa edo haien filmen aniztasun estetikoa eta formala. Bigarrenak, Generoak, formatuak eta moldaketak, euskal emakume dokumentalgileen begirada aztertzen du eta, baita ere, Kimuak programak egindako lana; aldi berean, produkzio transnazionalak eta literatura obren egokitzapen zinematografikoak ere esploratzen ditu. Hirugarrenean, Ekoizpena, distribuzioa eta harrera, elkarte eta zinemaldi batzuek emakumeek egindako zinema bultzatzeko eta hari ikusgarritasuna emateko egindako ahaleginak biltzen dira eta, baita ere, haien harrera kritikoaren eta akademikoaren aurrerabidea; eta laugarrenak, berriz, Hiru emakume zinemagile, euskal zinemako hiru figura nabarmen ditu ardatz: Ana Díez, Helena Taberna eta Yannick Bellon, Euskadiko Filmategian zeinek bere ziklo eta argitalpena izan zuten hiru egile.

Atal bakoitzean egile espezializatu hauek parte hartu dute: Carlos Roldán Larreta, Casilda de Miguel, Iratxe Fresneda, María Marcos Ramos, Nekane E. Zubiaur, Ainhoa Fernández de Arroyabe, Iñaki Lazkano, Cristina Ortiz Ceberio, María Pilar Rodríguez, María José Olaziregi Alustiza, Javier Sánchez Zapatero, Izaskun Arandia Galarraga, Ana Gutiérrez, Elena San Julián, Pilar Martínez-Vasseur, Annabel Martín eta Luisa Etxenike.