IMATek bere eserlekuak 2023an Bangladesh, Libia, Egipto edo Brasilgo aireportuetan presente egoteko helburua du

0

IMAT enpresa arabarra, aireportuetako, ospitaleetako, itsas terminaletako edo autobus- eta tren-geltokietako itxaronguneetarako eserlekuak diseinatu, fabrikatu eta hornitzen ditu. 2023an “Bangladesh, Libia, Egipto eta Brasilgo aireportuetan eserlekuak hornitzeko prozesuan gaude”, Leire Guibelalde konpainiako finantza zuzendariak azaldu duenez. Konpainiak bere merkatua zabaldu nahi du orain arte oso aktiboa izan ez den herrialdeetan, “Asiako ekialdean hain zuzen ere”, aitortu du. Ildo horretan, proiektu horietakoren bat aurrera badoa, “gure plantilla handitu beharko dugu; plantilla aldakorra da, eta 15-25 pertsonakoa izan ohi da”, azaldu du. 

Euskal enpresak 3,5 milioi euro inguruko batez besteko fakturazioa izan du azken bost urteetan. “Proiektu indibidualizatuekin lan egiten dugu. Ez daukagu bezero bat hilero eserleku finko kopuru batekin”, aitortu du. Enpresak presentzia handia du nazioartean, mundu osoan eserlekuak instalatzen baititu, bereziki Latinoamerikako herrialdeetan, hala nola Mexikon, Kuban, Dominikar Errepublikan edo Argentinan. “Urte batzuetan enpresaren fakturazioaren % 92 baino gehiago esportatu dugu”, adierazi du Guibelaldek. 

50 urte betetzear dago enpresa gasteiztarrak, eta 15.000 eserleku inguru instalatu zituen iaz, batez ere aireportuetan, baita mundu osoko ospitaleetan eta autobus eta tren geltokietan ere. “Gure eserlekuak Uzbekistanetik Mexikoraino presente daude”, adierazi du enpresaren ordezkariak. 

Horrela, 2.000 eserleku baino gehiago hornitu zituen Cancungo aireporturako, eta Salomon uharteetako Honiara Nazioarteko Aireportua altzariz hornitzeko proiektu bat lortu zuen. “Ilusio berezia egin zigun lana da, kokalekuaren exotikarengatik. Materialak hiru hilabete behar izan zituen iristeko”, gogoratzen du. 

Teknologia berriak

Euskal enpresak aireportuen sektorean jarduten du batez ere, besteak beste, Aena, Vinci eta Bouygues aireportuen jabe edo emakidadun diren enpresentzat. Aireportuak bezalako ingurune oso teknologikoetan lan egiten duenez, IMAT etengabe dago harremanetan bere bezeroekin “osagarri eta teknologia berriak garatzeko, hala nola kargatzeko puntuak, bakterioen aurkako pinturak edo gure eserlekuen balio erantsia handitzen duten pintura autokonpontzaileak”, finantza-zuzendariak adierazi duenez. 

Ildo horretan, berrikuntzaren aldeko apustua indartu du, SPRI Taldearen ‘Enpresetara Bisitak’ proiektu pilotuan parte hartu baitu. Proiektu horrek euskal enpresa-sarea bisitatzen du, taldeko arlo operatiboetako teknikarien bitartez. “Duela aste batzuk bildu ginen, eta topaketaren balorazioa oso positiboa izan zen, bertatik bertara ezagutu baikenituen SPRI Taldeak lagun diezagukeen eta ezagutzen ez genituen alderdiak”, azaldu du. 

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.