Elkarrizketa Eider Goibururekin, ‘Gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko estrategiak hezkuntza formal eta ez-formalean’ ikastaroa emango duen teknikariarekin

0
  • Indarkeria sexista adin guztietan ematen den fenomenoa da, baina modu berean ematen al da gazteen artean edo pertsona helduen artean?

Egiturazko arazo baten aurrean gaude eta egiturazkoa den heinean gizartearen edo sistemaren barruan den pertsona orori eragiten dio. Hau da, adin guztietan eta eremu guztietan ematen da baina egia da adin tarte bakoitzean ezaugarri espezifikoak dituela. Burura etortzen zaigun lehenengo gauza bikote harremanak izan arren, familian, eskolan, espazio publikoetan, kirol eremuan, festa giroan, eta beste hainbat eremutan ere ematen da. Pasa den udan izan dugu adibide argia jai eremuetan eman diren ziztadekin edo honen gainean sortu den izuarekin.

  • Azken urteetan berdintasunaren aldeko diskurtsoak nabarmen egin du aurrera. Zergatik ez du aurrerapen horrek isla zuzena gazteen jokabideetan?

Egia da gizarte mailan diskurtso aldaketa bat izan dela. Nekez aurkituko dugu gure inguruan berdintasunaren ideiarekin bat ez datorren norbait. Baina, zoritxarrez, adostasun hori maila diskurtsiboan geratzen da. Beharrezkoa den aldaketa soziala oraindik ez da eman, eta, horregatik, indarkeriaz hitz egiten jarraitzen dugu. Zentzu horretan, arrisku handi bat ikusten dut; halaber, maila diskurtsiboan izan den aldaketa ontzat ematea eta horretan soilik geratzea.

  • Zer egin beharko litzateke maila diskurtsibo hori gainditzeko?

Lehenik eta behin gure errealitatea ondo ezagutu behar dugu. Aldaketa sozial bat sustatu nahi denean, nagusiki diskriminazioaz hitz egiten ari garenean (matxismoa, arrazismoa…) psikologia sozialak hiru eremu edo esparru aztertzen ditu: eremu arrazionala edo kognitiboa (zer pentsatzen dugun, zertan sinesten dugun), eremu emozionala (zer sentitzen dugun) eta jokabideen eremua (zer egiten dugun). Eremu arrazionala edo kognitiboa aldatzeak ez du eragin zuzena eremu emozionalean. Gure jarrerek berean jarraitzen dute; haur bat jaiotzen denetik neska/mutila bereizketa egiten hasten gara eta, horrekin batera, estereotipoak eta genero rolak ezartzen. Prozesu horretan, bereizketak egiteaz gain pertsonen arteko hierarkizazioa ematen da, eta horrela dominazio-sumisio harremanak sortzen ditugu.

  • Baina nerabe askok jada badute aipatzen dituzun diskurtso horiei aurre egiteko nahikoa heldutasuna…

Nesken artean eta eredu hegemonikotik at dauden gazteen artean ohikoagoa da horrelako diskurtsoen aurkako jarrerak ikustea, baina ez hainbeste mutil eredu hegemonikoa betetzen dutenen artean. Azkenean, gai honek kolokan jartzen du indarrean den botere harremana. Harreman horiek daudela onartzeak eta hori mantentzeko indarkeria behar dela onartzeak pribilegioak galtzea dakar. Harremantzeko eta gizartean kokatzeko eredu berriak sortzea dakar. Kontuan izan behar dugu  nerabezaroan hainbat aldaketa garrantzitsu ematen direla. Adin horretan nerabeek segurtasun falta handia dute haien identitatea eraikitzen ari direlako eta, ondorioz, adin horretan, berdinen arteko onarpena oso elementu garrantzitsua da. Bestalde, nerabezaroan identitate sexuala ere indartzen da eta hori, gaur egun, genero-rol tradizionalei lotuta azaltzen da. Beraz, onarpen beharrak eta sexu identitatea eredu tradizional eta sexistei lotuta izateak, kasu askotan nerabeen arteko arazo sozialak eta sexistak izatera daramate.

  • Zer egin daiteke nerabeekin indarkeria sexista prebenitzeko?

Ikuspegi ezberdinetatik lanketa ezberdinak egin daitezke. Alde batetik, helduok geure buruari begiratu behar diogu. Hausnarketa bat egin geure jarrera eta jokabideen gainean. Askotan, aurretik esan bezala, diskurtso bat dugu, baina gure jarrerarekin mezu kontrajarriak ematen ditugu. Helduok, eredu gara eta horren kontzientzia izan behar dugu. Bestetik, egia da beste bide batzuetatik (komunikabideak, Internet, publizitatea, eta abar) mezu sexistak jasotzen dituztela. Gure lana, mezu horiek guztiak interpretatzen irakatsi eta irizpide kritikoa izateko baliabideak eskaintzea da. Gaur egun, ezin izango dugu mezu sexistak jasotzea ekidin, baina bai mezu horiek ulertzen eta kudeatzen lagundu. Azkenik, nerabeekin eta gazteekin hitz egin eta esan behar dutena entzun behar dugu. Nerabeen subjektu politiko izaera aitortu behar dugu. Beraiek beraien bizitzari buruzko erabakietan parte hartu dezaketela, erabakitzeko eta proposatzeko gaitasuna dutela eta eskubide subjektu direla onartu behar dugu. Sarritan,  hainbat ekimen jartzen dira martxan beraien errealitatea, bizipenak eta desioak kontutan izan gabe. Beraien beharretatik abiatu behar dugu eta ez helduon beharretatik. Abiapuntu horretatik bakarrik lortuko dugu benetako aldaketa.

  • Zergatik animatuko zenuke jendea ikastaroan parte hartzera?

Espazio gutxi daude non eremu berdineko pertsonek beraien kezka, zalantza eta errealitatea partekatu ditzaketen. Ikastaro honek, espazio hori eskaintzen du. Alde batetik, indarkeria sexistari buruzko formazioa eskainiko dut, baina partekatzeko aukera ere izango da. Aurrez-aurrekoak partekatzeko, saretzeko eta errealitate eta bizipen anitzak ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen du. Horrela, indarkeria sexistaren prebentziorako gakoak eskaini eta eraikiko ditugu guztion artean.