Tumore gaizto guztien minbiziak eragindako heriotza-tasak behera egin du nabarmen Euskadin 2001 eta 2021 artean

0
Surgeon doctor and nurse walking in hospital corridor, Onkologikoa Hospital, Oncology Institute, Case Center for prevention, diagnosis and treatment of cancer, Donostia, San Sebastian, Gipuzkoa, Basque Country, Spain

Osasuneko sailburuak jakitera eman duenez, heriotzen arrazoi nagusia da oraindik ere, eta prebentzioaren eta ikerketaren arloan lanean jarraitu behar da heriotza-tasa jaisteko, biziraupena handitzeko eta pazienteen arreta hobetzeko

Tumore gaizto guztien minbiziak eragindako heriotza-tasak behera egin du nabarmen Euskadin bi sexuetan 2001 eta 2021 artean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur, gaixotasun horri eskainitako Mundu Egunaren bezperan, jakitera eman dituen datuen arabera.

Hala ere, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak gogoratu du minbizia dela oraindik ere heriotzen arrazoi nagusia, eta beharrezkoa dela, beraz, lanean jarraitzea, Euskadiko Onkologia Planaren esparruan, bereziki prebentzioaren eta ikerketaren arloan, heriotza-tasa jaisten, biziraupena handitzen eta pazienteei ematen zaien arreta hobetzen jarraitzeko.

Gizonen minbiziak eragindako heriotza-tasaren beherakada aldi osoan mantendu da, baina 2001 eta 2014 artean urteko % 0,9koa izan zen (438,9 100.000 biztanleko 2001ean) eta 2014tik aurrera urteko % 2,6koa (321,1 100.000 biztanleko 2021ean). Gizonetan nabarmen jaitsi da aldi osoan laringeko, urdaileko, aho-barrunbeko eta faringeko, esofagoko, prostatako eta giltzurruneko minbiziak eta ez-Hodgkin linfomakoak eragindako heriotza-tasa. Besikula eta behazun-bideetako minbiziak 2013tik egin du behera nabarmen; kolon-ondestekoak 2012tik; maskurikoak, 2015etik; eta biriketakoak 2007tik. Aitzitik, gizonen heriotza-tasak nabarmen egin du gora nerbio-sistema zentraleko eta pankreako minbiziaren kasuan eta aldi osoan; 2009tik aurrera mesoteliomaren kasuan; 2016ra arte leuzemien kasuan; eta 2018ra arte gibeleko minbiziaren kasuan.

Emakumeen heriotza-tasaren beherakada ez da hain esanguratsua: urtean % 0,3koa da aldi osoan, 2001eko 177,3ko tasatik 2021eko 160,3ko tasara. Nabarmen jaitsi da aldi osoan besikulako eta behazun-bideetako, urdaileko, bularreko eta ez-Hodgkin linfomako minbiziak eragindako emakumeen heriotza-tasa. Aitzitik, nabarmen igo da aldi osoan biriketako, aho-barrunbeko eta faringeko, pankreako eta maskuriko minbiziak eragindako heriotza-tasa.