Fakultateko azpiegitura berri honek 2026/2027 ikasturtean irekiko ditu ateak
Sei eskaintza aurkeztu dira azkenean Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria eraikitzeko lizitaziora, Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen inguruan egingo dena. Gogoan izango duzuenez, joan den abuztuan Euskal Herriko Unibertsitateak bukatutzat eman zuen eraikin berria esleitzeko aurreko prozedura, erakunde esleipendunak kontratua formalizatzeari uko egin baitzion azkenean. Horretarako arrazoia egoera ekonomikoa izan zen, kostuen igoera neurrigabea eragin zuena energiaren, lehengaien eta eraikuntzaren merkatuetan, eta aurkeztutako eskaintzari eustea ezinezko egin zuena. Horren aurrean, UPV/EHUk deialdi berria egin zuen, lehiaketaren baldintzak birformulatuta. Oraingoan, lanak 64.092.000 eurotan lizitatu dira, aurrekontu hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatuko du.
Euskal Herriko unibertsitate publikoak aurreikusi du azpiegitura berria 2026/2027 ikasturtean egongo dela martxan. Unibertsitatearen aurreikuspenen arabera, lanak, ziurrenik, aurtengo ekainean hasiko dira.
Fakultatearen eraikin berrian bilduko dira Medikuntzako, Fisioterapiako eta Erizaintzako graduak, baita Osasun Zientzien arloko zazpi master ofizial ere: Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea, Farmakologia, Ingeniaritza Biomedikoa, Ikerketa Biomedikoa, Mikrobiologia eta Osasuna, Neurozientziak, eta Osasun Publikoa. Eraikin berrian egongo da, baita, Osasun Zientzien arloko Unibertsitate Prestakuntzarako, Elkarlaneko Ikerketarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Polo Aurreratua. Azpiegitura berri horri esker, ikasleak pazienteen errealitatetik gertu egongo dira hasieratik, graduko ikasketen arteko koordinazioa hobetuko da, ikaskuntza sustatuko duten lekuak sortuko dira, eta sinergia berriak sortu ahal izango dira hurbileko guneekin, hala nola Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin, non Ingeniaritza Biomedikoko Gradua eskainiko den datorren ikasturtean.
Ikerketari dagokionez, Ingeniaritza Biomedikoarekin, Familiako Medikuntzarekin eta Medikuntza Pertsonalizatuarekin lotutako proiektu berriak bultzatzeko aukera emango du, eta Erizaintza eta Fisioterapia arloak indartuko ditu, arlo horietarako ildo espezifikoak dituzten doktorego programen bitartez.
Eraikin berriaren ezaugarriak
Eraikina lau orraziz osatuta egongo da, espazio erabilgarria optimizatzeko, eta handienean (hegoaldekoan) egongo dira ikerketa guneak eta irakaskuntza laborategiak. 5.300 metro karratu inguruko lurzati triangeluarrean eraikiko da, Montevideo etorbidearen eta Gurtubay kalearen artekoan, eta 32.000 metro karratuko azalera erabilgarria izango du (bost solairu eta sotoa), Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak egindako premien memorian jasota dagoen moduan. Gune akademikoan egongo dira 75 ikasgela, bi ospitale birtual, ikerketarako eremuak eta 10.000 metro karratuko espazioa hainbat arlotako laborategietarako –anatomia, disekzioa, mikrobiologia, kirurgia, genetika…–; eta, horiez gain, beste ekipamendu batzuk ere izango ditu.