Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilu berria eratu da

0

Gobernantza Soziosanitarioari buruzko abenduaren 7ko 150/2022 Dekretua indarrean jarri ondoren, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilu berria eratu da gaur goizean. Kontseilu hori Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eta Euskadiko Osasun Sistemaren arteko lankidetza eta koordinazioa egituratzen dituen organoa da.

Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua arreta horretan erantzukizuna duten erakunde guztiek osatzen dute: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL).

Kontseilua eratzeaz gain, hainbat gai aztertu dira, eta, haien artean, Arreta Soziosanitarioko Estrategiaren garapenari buruzko 2022ko Memoria. Memoria horretan, mugarririk azpimarragarrienak jaso dira, hala nola Euskadiko gobernantza soziosanitarioari buruzko dekretuaren argitalpena, Osasun Sailaren eta Foru Aldundien arteko lankidetza soziosanitarioko hitzarmenak landu izana, elkarreragingarritasun soziosanitarioaren inguruko erabilera-kasuetan egindako aurrerapena eta historia soziosanitarioaren proiektua landu izana.

Memorian, halaber, erreferentzia soziosanitarioen mapa bat landu da, eta baliabide soziosanitarioen mapa eguneratu da.

Bestalde, elkarreragingarritasun soziosanitarioaren ildo estrategikoaren barruan, berreskuratze- eta erresilientzia-mekanismoko funtsen bidezko 3 milioi euroko inbertsioarekin eta 2023tik 2026rako egikaritze-epearekin, historia soziosanitarioaren eraikuntza onartu da, eta, ildo horretan, aginte-koadro soziosanitario bat sortu eta elkarreragingarritasun soziosanitarioari buruzko dekretu bat landuko da.

Azkenik, Euskadiko Arreta Soziosanitariorako Finantza Lankidetzako Esparru Akordioa sinatu da. Ildo horretan, lankidetza soziosanitarioko hitzarmenek baliabide soziosanitarioen katalogoan ezarritako baliabideak abian jartzeko finantza partekatuko bideak ezartzen dituzte. Zirkunstantzia horri formaltasun eta sendotasun instituzionala emateko, akordio bat landu da Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluan ordezkatuta dauden erakundeek lankidetza eta kudeaketa partekatuaren ildoan jarraitzeko egun duten eta etorkizunean izango duten konpromisoa adierazteko.