Emakumeen elkarte eta federazioekin bilduta ospatu du Artolazabalek Emakunderen 35. urteurrena

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Emakunde sortzeko Legea onartu zenetik (1988ko otsailaren 5a) 35 urte bete direla ospatu nahi izan dute, emakumeen elkarte eta federazioekin egindako bilerekin. Goizean, Artolazabal Emakunderen Aholku Batzordearen bileraren buru izan da. Batzorde horrek Euskadiko emakume-elkarteen ordezkaritza bat biltzen du, eta Emakunderekin eta Eusko Jaurlaritzarekin hitz egiteko organoa da. Arratsaldean, berriz, EnpresariAK-Euskadiko Emakume Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioarekin bildu da. Bilera horiei esker, Artolazabalek agur esan die Berdintasunerako sailburu gisa.

Aholku Batzordearekin egindako bileran, sailburuak adierazi du gure herrialdeko berdintasun-politikak ezin direla ulertu Emakundek hamarkada hauetan egindako lana gabe. Azaldu duen bezala, “Emakunde aitzindaria izan zen hasieratik, mugimendu feministaren eskakizun baten ondorioz sortu zen, eta funtsezkoa izan zen agenda politikoetan berdintasuna txertatzeko  garaian, oraindik dena egiteke zegoen garai batean”. Urte hauetan, Emakundek administrazioen barruan berdintasunaren aldeko egiturak eta sareak sortzea bultzatu duela nabarmendu du, “eremu guztietan berdintasun-politiken zeharkakotasunaren aldeko apustu sendoa eginez”, eta politika horiek markatu dituela berdintasun-planak prestatuz eta 2005ean Berdintasunerako Legea eta orain urtebete, 2022an, Lege berria egiteko mugarriekin.

Bilerak, halaber, Berdintasuneko sailburu gisa agur esateko balio izan dio Artolazabali. Elkarteetako ordezkariei adierazi dienez, “nagoen lekuan nagoela, berdintasunak nire bizitza profesionalean eta pertsonalean itsasargi garrantzitsua izaten jarraituko du; nire asmoa emakumeen elkarteei entzuten jarraitzea izango da, haien ahotsa eta aldarrikapenak entzuten jarraitzea, zer esan handia duzuelako politikan eta bizitza publikoan”.

Bileran, sailburuak, halaber, emakumeen eta gizonen egoerari buruzko zifren azken txostenaren berri eman du, bai eta botere publikoek berdintasunaren arloan duten jarduera-memoriaren berri ere, biak aurretik Emakunderen Zuzendaritza Kontseiluan aurkeztuak, baita erakundeak deitzen dituen dirulaguntza baliogabetzeen berri ere, besteak beste.

Arratsaldean, sailburua eta Emakundeko zuzendaria EnpresariAk Euskadiko Emakume Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioarekin bilduko dira, eta Artolazabalek gogora ekarriko die bere sailak eta Emakundek enpresetan berdintasuna sustatzeko duten konpromisoa. Artolazabalen hitzetan, “garrantzitsua da emakumeak federazio batean biltzea beren eskubideak aldarrikatzeko; izan ere, justizia sozialaren bidez ez ezik, enpresaren munduan berdintasuna sustatzea ere berrikuntzarako, kalitaterako, kudeaketa aurreraturako eta etengabeko hobekuntzarako elementutzat hartu behar da”.

Federazioaren aldarrikapenen artean, honako hauek daude: Euskadiko ekonomia- eta enpresa-esparruko erabaki-foroetan emakumeen parte-hartze aktiboa bermatzea, zuzendaritza-postuetan eta administrazio-kontseiluetan emakumeen presentzia handitzea, soldata-arrakalaren kontrako eta enpresetan berdintasun-planak orokortzearen aldeko politika aktiboak egitea edo emakumeen ekintzailetza erraztea.