Konkurtso-, zigor- eta administrazio-prozesuek aurrera jarraitzen dute Zaldibarko hondamendia gertatu eta 3 urtera

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gogorarazi du, atzo, otsailak 6, 3 urte bete zirela Zaldibarko zabortegia behera etorri zenetik. Horren ondorioz, Joaquín Beltrán eta Alberto Sololuce hil ziren, eta kalte larriak eragin ziren inguruko ingurumenean. Eusko Jaurlaritzak, modu subsidiarioan, hasiera-hasieratik egikaritu zituen desagertutako pertsonak bilatzeko lanak, baita zabortegia egonkortzeko eta ingurumenaren gaineko kalte gehiagori aurrea hartzeko lanak ere. “Gaur egun, Zaldibarko zabortegia egonkortuta eta aurrezigilatuta dago, eta ingurumen-baimena aldatu egin da. Horren arabera, zabortegiko titularrek behin betiko zigilatu beharko dute zabortegia, eta itxi ondorengo kontrol- eta jarraipen-neurriak hartu beharko dituzte”, azaldu du sailburuak.

Merkataritza-arloko epaitegiak konkurtso-likidazioko prozesua onartu izanaren ondorioz, jarduketa horiek KONKURTSOAN ETA LIKIDAZIOAN dagoen VERTER RECYCLING 2002 SL enpresak egin beharko ditu.

Gainera, Arantxa Tapiak aipatu du konkurtso-, zigor- eta administrazio-prozesuek aurrera jarraitzen dutela.

GAUEKO AISIALDIKO ERASOAK

Gauez arma zuriarekin eta objektu arriskutsuekin egindako erasoak ugaritu egin direnez, Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du Segurtasun Saila aztertzen ari dela aisialdiko lokalek metalen detektagailuak izateko betebeharra duten ala ez.

Delitu gehienak bide publikoan eta lokaletan edo jai-giroan egiten dira, eta, batez ere, larunbat eta igandeetan, jarduera handiagoa baitago; horregatik, Segurtasuneko sailburuak arma zuriak eta bestelako objektu arriskutsuak erabiltzearen aurkako ekintza-plan bat iragarri zuen joan den ostiralean, Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen artean koordinatutako polizia-neurri zehatzekin. Zupiriak azaldu duenez, segurtasun-operatibo bat da, jende gehien biltzen den guneetako eta gaueko aisialdiko inguruetako polizia-kontrola barne hartzen duena, eta Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Araudia aldatzeko aukerak aztertzea ere jasotzen du, arazo horri aurre egiteko zer erabaki har daitezkeen ikusteko.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, Gobernuaren bozeramaileak jakitera eman du Irekia plataformak denbora errealean azpititulazioaren soluzioa estreinatu duela gaur, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Horrela, bileran hartutako erabakien berri emateko eta komunikabideetako galderei erantzuteko Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak egin ohi duen agerraldia –maiz beste sailburu batekin batera– aurrerantzean azpitituluekin jarraitu ahal izango da streamingez, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Irekiaren webgunearen bidez.

Halaber, Gaurko Gobernu Kontseiluak baztertu egin du EH Bilduk proposatutako jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzea, Organo hori sortzeko lege proposamena aintzat hartzearen aurkako irizpidea adieraziz. Zupiriak azaldu duenez, Legebiltzarreko talde berak 2020an aurkeztutako ia ekimen bera da, eta orduan ere atzera bota zen eta orduan emandako arrazoia oraingoaren antzekoak dira, hau da, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan badagoela egitura juridiko eta instituzional bat indarrean eta aktibo, gardentasuna bultzatzeko eta euskal administrazio publikoetan ustelkeriari aurrea hartu eta aurre egiteko.

Hezkuntza arloan, hezkuntza-konplexutasun berezia duten itunpeko 21 ikastetxeri zuzeneko dirulaguntzak ematea erabaki da, guztira, 2.200.000 eurokoa, ikasle hauek Lehen Hezkuntza eta DBHrako errefortzuko irakasle gehigarri bat izan dezaten. Sailburuak azpimarratu du Jaurlaritzak, eta bere Hezkuntza Sailak konpromiso irmoa duela gizarte eta hezkuntza ikuspegietatik zaurgarritasun egoera argian dauden ikasleen portzentaje handia hartzen duten eta funts publikoekin sostengatzen diren ikastetxe guztiei laguntzeko, eta helburu honi eutsiz, Hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleen arreta hobetzea, eta hezkuntza-aukeretan ekitatea lortzen laguntzea da neurri honen helburua.

Gainera, gaurko bileran, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei zuzendutako ordainketa bakarreko laguntzaren zenbatekoak handitzea erabaki da, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osorako Neurriei buruzko Lege Organikoak ezarritakoa betez. Ordainketa bakar honen helburua da egoera hau bizitzen ari diren emakumeei erasotzailearengandik independizatzen laguntzea eta bizitza berri bati ekitea. Horrela, eurten, Jaurlaritzak 1,6 milioi euroko partida bat bideratu du eskari horri erantzuteko eta esan beharrekoa da ere laguntza hori behar duten eta baldintzak betetzen dituzten emakume guztiek jaso ahal izango dutela laguntza, partida hau handitu daitekelako.

Prentsa-txostena