Konkurtso-, zigor- eta administrazio-prozesuek aurrera jarraitzen dute Zaldibarko hondamendia gertatu eta 3 urtera

0

Atzo, otsailak 6, 3 urte bete ziren Zaldibarko zabortegia behera etorri zenetik. Horren ondorioz, Joaquín Beltrán eta Alberto Sololuce hil ziren, eta kalte larriak eragin ziren inguruko ingurumenean. Eusko Jaurlaritzak, modu subsidiarioan, hasiera-hasieratik egikaritu zituen desagertutako pertsonak bilatzeko lanak, baita zabortegia egonkortzeko eta ingurumenaren gaineko kalte gehiagori aurrea hartzeko lanak ere.

Gaur egun, Zaldibarko zabortegia egonkortuta eta aurrezigilatuta dago, eta ingurumen-baimena aldatu egin da. Horren arabera, zabortegiko titularrek behin betiko zigilatu beharko dute zabortegia, eta itxi ondorengo kontrol- eta jarraipen-neurriak hartu beharko dituzte. Merkataritza-arloko epaitegiak konkurtso-likidazioko prozesua onartu izanaren ondorioz, jarduketa horiek KONKURTSOAN ETA LIKIDAZIOAN dagoen VERTER RECYCLING 2002 SL enpresak egin beharko ditu.

Konkurtso-, zigor- eta administrazio-prozesuek aurrera jarraitzen dute.

VERTER enpresaren konkurtso-likidazioko prozesua

Ingurumen-erantzukizunaren arloan indarrean dagoen araudiak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzak bidezko neurriak hartu zituen, modu subsidiarioan, lerraduraren ondoriozko ingurumen-kalteak saihestu eta minimizatzeko eta desagertutako pertsonak bilatzeko. Egindako jarduketak jatorrizko isurketa-ontzitik kanpora lerratutako hondakinak kentzea eta isurketa-ontzia egonkortzea izan ziren funtsean. Jarduketa horiek 28 milioi euroko kostua izan zuten. Zenbateko hori enpresari erreklamatu zaio.

Erreklamazio horren aurretik, enpresak konkurtso-prozesua hasteko eskatu zuen, likidazioa egiteko eta ondoren desegiteko. Prozesu hori Bilboko Merkataritza Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak bideratzen du.

Jarduketa subsidiarioen egikaritzearen ondorioz, Eusko Jaurlaritza da Verter Recycling enpresaren hartzekodun nagusia.

Zabortegiaren mantentzearen eta kontrolaren jarraipena egiteko prozesua

2022ko otsailaren 3ko ebazpenak aldatu egin zuen VERTER RECYCLING 2002 SL enpresari Zaldibarko udal-mugartean hondakin ez-arriskutsuen zabortegi-jarduerarako emandako ingurumen-baimen bateratua, eta amaitutzat jo zuen isurketa-jarduera. Halaber, zabortegia zigilatzeko eta itxi ondoren kontrolatzeko bidezko ekintzak egin zitzan eskatu zitzaion enpresari. Ekintza horiek, alde batetik, zabortegiaren gaineko ingurumen-kalteak kontrolatzea ahalbidetzen dute, eta, bestetik, zabortegiaren segurtasun- eta egonkortasun-baldintzak hobetzen dituzte, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzak, oraingoz, ohiko ikuskapenak egiten jarraitzen du, zabortegiak nola eboluzionatzen duen ikusteko, eta Verter enpresari dagozkion mantentze- eta zigilatze-lanak eta kontrol-lanak egiteko eskatu dio berriz ere.

Prozesu judiziala 

Hasitako prozesu judizialak aurrera jarraitzen du, eta Eusko Jaurlaritza justiziari laguntzen ari zaio eskatzen zaizkion alderdi guztietan.

Zabortegia behera etorri ondorengo mugarri nagusiak