Kulturaren Euskal Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzko dekretu berria onartu du Eusko Jaurlaritzak

0

Gobernu Kontseiluak Kulturaren Euskal Kontseiluaren Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko dekretu-proiektua onartu du. Gaur onartutakoak orain arte indarrean egin den 27/2008 dekretua, otsailaren 5ekoa, Kultuaren Euskal Kontseiluaren antolamendu eta funtzionamendu araudia aldatu eta bateratzekoa, ordezkatzen du. Aldaketek 2004ko Kulturaren Euskal Plana onartu zenetik garatu diren kultura-politikako modu berriek sortutako beharrei eta errealitateei erantzuten diete.

Kulturaren Euskal Kontseilua kulturaren alorreko partaidetza, lankidetza eta aholkularitzarako tresna da, eta arlo horretan eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek eta kulturaren sektoreko azpisektoreek osatzen dute. Arlo horretan, besteak beste, zeharkako jarduera-ildoak jasotzen dira, bai eta garapen sektorialak ere kultura-ondarearen, museoen, artxiboen, liburuen eta liburutegien, arte eszenikoen, ikus-entzunezkoen, musikaren eta arte plastikoen esparruan.

Organo nagusi bik osotzen dute Kulturaren Euskal Kontseilua. Batetik Osoko Bilkura dago eta bestetik Herri Administrazioen Kultura eta Ondare Batzordeak (HAKOBA Kultura). Azken honek orain arteko erakunde arteko batzordea ordezkatuko du. Gainera osoko bilkurak eta HAKOBA Kulturak izaera teknikoko batzorde bereziak ere sortu eta izendatu ditzakete. Batzorde hauetan kulturaren alorreko gaiak eztabaidatuko dira baina gero Osoko Bilkurak eta HAKOBA Kulturak onartu beharko dituzte.

Gaur onartu den dekretuak honela zehazten ditu Kulturaren Euskal Kontseiluko Osoko Bilkuraren zereginak:

    • Kulturaren arloko kudeaketa koordinatua ahalbidetzen duten neurriak proposatzea.

 

    • Kulturaren arloko jardunbide egokiak ezartzeko ekintzak proposatzea.

 

    • Informazioa eta ezagutza partekatzea eta, hala badagokio, horiei balioa ematea.

 

    • Euskal Autonomia Erkidegoarentzat erreferente diren eredu, proiektu edo esperientzia arrakastatsuak aurkeztea eta ezagutaraztea.

 

    • Hobekuntza- eta garapen-esparruak proposatzea, honako gai hauen inguruan: kulturaren arloko sorkuntza, prestakuntza, ekoizpena, zabalkundea, sozializazioa, kudeaketa, kultura-ondarea eta kultura- eta sormen-industriak.

 

    • Kudeaketari buruzko memoria bat idaztea.

 

    • Bere xede eta eskumenen esparruan agintzen zaion beste edozein eginkizun.

 

HAKOBA Kulturaren zereginak aldiz, honako hauek dira:

    • Inplikatutako erakunde publikoen politikak koordinatzea, bakoitza bere jarduera eta eskumen-eremuan.

 

    • Kulturaren arloko datuak, informazioak, esperientziak eta ezagutzak partekatzea.

 

    • Ildo estrategikoak eta ekintzak modu koordinatuan kudeatzea, eta, behar izanez gero, jarduerak hobetzeko proposamenak egitea.

 

    • Legeek edo araudiek agindutako beste edozein eginkizun.

 

Kulturaren Euskal Kontseiluak eta HAKOBA Kulturak urtean, gutxienez, bi bilera egin beharko dituztela zehazten du dekretu berriak. Dekretua indarrean sartu ondoren hilabeteko epea egongo da Kulturaren Euskal Kontseiluko kideak izendatzeko.