Artolazabalek bere kudeaketa-balantzean nabarmendu ditu Hirugarren Sektore Sozialaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sortutako elkar ulertzea eta konfiantza

0
  • “Oso etapa aberasgarria izan da niretzat, herritarrentzako politika garrantzitsuen kudeaketa nire gain hartuz”, laburbildu du gaur Herri Irratiari eskainitako elkarrizketa batean
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ere hitz egin du “alde guztietako biktimek” eman dioten eskuzabaltasun-lezioaz
  • Gogor kritikatu du Barrionuevok GALi buruz egindako adierazpenen inpunitatea

Koldo Camporekin Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azpimarratu du bere sailak Jaurlaritzako beste sail batzuekin, beste erakunde batzuekin, gizarte-erakundeekin eta enpresekin batera egindako lana: “EAEko Hirugarren Sektore Sozialarekin ulermena eta konfiantza areagotu izana eramango dut, bereziki. Une zailak kudeatzea egokitu zaigu. Oso eragin handia izan zuen finantza-krisi batetik gentozen, eta mundu mailako pandemia batek astindu gaitu, eta, ondoren, Ukrainaren inbasioak eta haren ondorioek”.

“Testuinguru horretan, modu koordinatuan lan egiteko gai izan gara, lehenik, pertsona eta familia askorentzat zailak diren egoerak detektatzeko eta, ondoren, konpontzen saiatzeko”, azpimarratu du.

“Konfinamenduaren garaian, batez ere, konfiantzazko oso oinarri garrantzitsuak ezarri dituen harremana areagotu genuen”, aipatu du; halaber, hauxe gogoratu du: “motxilan erantzun gutxi genituen arratsalde haietan, Teams bidez elkartzen ginen, eta proposamenak egiten genituen, eztabaidak izaten genituen eta adostasunak lortzen genituen, borondatea zegoelako”.

Sailburuak azken bi legegintzaldietan —lehenik Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu gisa eta orain Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu gisa— Eusko Jaurlaritzan izan duen ibilbidearen balantzea egin du berriro.  “Oso etapa aberasgarria izan da niretzat; garai honetan herritarrentzako politika garrantzitsuen kudeaketa nire gain hartu dut eta oso harro sentitzen naizen talde batez inguratuta egon naiz”.

Biktimak

Artolazabalek alderdi zehatz batzuk aipatu ditu bere elkarrizketan, hala nola era guztietako biktimekin izan duen harremana, hauei kaltea nork eragin dien alde batera utzita. “Hainbeste sufritu duen pertsona baten aurrean jartzen zarenean eta begietara begiratzen diozunean, garrantzitsuena haiei entzutea eta haiek zaintzea da”, esan du.

“Haien mina eta galera konponezinak izan arren, aurrera egiten eta eraikitzen laguntzeko haiek erakutsitako eskuzabaltasuna azpimarratzen dut batez ere”.  Ildo horretan, sailburuak “ahaztu gabe aurrera egiteaz” eta “beti biktimen ondoan egoteaz” hitz egin du, nahiz eta desadostasunak egon, “baina betiere errespetuz”.

“Euskal gizartea gero eta helduagoa da, asko garelako gure aletxoa jarri dugunak, baita erakundeak ere, nahiz eta oraindik lana dagoen egiteko. Izan ere, egoera batzuk ez dira onargarriak gizarte demokratiko batean”.

Sailburuak adierazi du “beharrezkoa dela bizikidetza eraikitzen jarraitzea”, eta ildo horretan, “Jose Barrionuevok —Barne ministro ohia Espainiako Alderdi Sozialistarekin 1982tik 1988ra— legegintzaldi honetan egin dituen adierazpenak” kritikatu ditu, “lotsagarriak iruditu zitzaizkidalako, eta haien inguruan erabateko inpunitatea erakutsiz jardun delako”.

Espetxe-eskumenei dagokienez, sailburuak euskal ereduaren alde egindako urratsak nabarmendu ditu berriro. “Eskumen konplexu bat geureganatu dugu, azpiegituretan gabezia asko dituen herentzia batetik eta plantilla azpi-dimentsionatua jasotzetik abiatuta; baina urrats asko eman ditugu eskumen hori hobeto kudeatzeko, hurbiltasun handiago batetik, zorroztasun profesionaletik eta lankidetza publiko-sozialetik abiatuta”.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko lehen sailburua izateagatik pasatuko da historiara, baina gaur nabarmendu nahi izan du “Euskal Autonomia Erkidegoan urte asko daramatzagula berdintasunaren arloan lanean, eta horren froga Emakundek ospatu berri duen 35 urteurrenean dagoela”. “Ardanza eta Ibarretxe lehendakariek bultzatuta, aspalditik egiten ari diren lana balioetsi behar da, baita ondoren Patxi Lopezen garaian eta orain Urkullu lehendakariarekin egin diren ekarpenak ere”, adierazi du. Bere agindupean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azpimarratu du Berdintasunerako Lege berri bat onartu dela eta Berdintasunaren aldeko Ituna bultzatu dela, “gizarteko eragile askoren inplikazioarekin”.

Azkenik, Koldo Campok Gasteizko Arana klinika zaharrean asilo-eskatzaileentzako zentro bat zabaltzeko iragarpenaren inguruan galdetu dio Artolazabali. “Polemika hori oso etsigarria eta antzua izan da”, argitu du. “Gure helburu bakarra Migrazio Ministerioarekin akordioak lortzea da, eta eskumenik ez baina parte hartzeko borondatea dugun gai batean gure lankidetza eskaintzea. Oraindik ere ez dakigu tamaina horretako zentro bat nork eta nola kudeatuko duen, Euskal Autonomia Erkidegoan aspaldidanik garatzen ari garen —lankidetza publiko-sozialetik— eta pertsona horien integrazioa bultzatu nahi duen harrera-ereduarekin talka egin gabe”.