Chivitek Belateko tunel berriaren obren lizitazioa iragarri du, 95 milioi euroko inbertsioarekin

0

Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak Belateko tunel berriaren lizitazioa iragarri du, 95 milioi euroko inbertsioarekin. Lehendakariak azpimarratu du tunelen bikoizketa izango dela Foru Erkidegoan azken urteotan egin den bide lanik garrantzitsuena eta konplexuena.

Chivitek prentsaurrekoan egin du iragarpena, eta proiektuaren xehetasunak azaldu ditu. Berarekin batera izan dira Nafarroako Gobernuko delegatua, Jose Luis Arasti; Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza; eta Herri Lan eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Pedro Lopez.

Lehendakariak nabarmendu du mugarri berri bat lortu dela gaur N-121-A errepideko segurtasuna hobetze aldera: “Obra honi esker, Baztan eta Bidasoako zonetako 22.000 bizilagun baino gehiagorekiko zegoen zor historikoa itxiko da. Duela 25 urte, tunelak ireki ziren, eta Belateko portuko alde bateko eta besteko lurraldeak urruntzen zituen banaketa-horma bat salbatzea lortu genuen; orain, ezinbesteko komunikazio-arteria honi eusteko beharrezkoak diren segurtasuna eta bermea handitzea lortu dugu; izan ere, gure Komunitatea Iruñetik iparralderantz egituratzen du, Europarekin zuzenean konektatzearekin batera”.

Hitzaldian, Chivitek azpimarratu du errepideetan inbertitu beharra dagoela zerbitzu publikoa diren aldetik, eta lurraldearen konektibitatea eta garapen sozio-ekonomikoa sustatzeko duen garrantzia ere azpimarratu du: “Gaur, lehen harria jarri dugu, administratiboki hitz eginez, proiektu honetako lehen tunela zulatzeko. Jarduera honen  barruan, tunel luze eta konplexuena da eta, baita ere, gure Errepide Sareko puntu beltz handienetakoaren irtenbidearen hasiera, eta, batez ere, iparralde osoko eta, bereziki, Baztan eta Bidasoa bailaretako herritarrek eskatzen zuten irtenbidea”.

Horrez gain, Lehendakariak zehaztu du “tunel berria egiteko epea 45 hilabetekoa izango dela; 95 milioi euroko lizitazio-aurrekontuan, berriz, honako hauek bezalako partida nagusiak sartzen dira: hondeaketa-lanak (35 milioi), eustea (16 milioi), estaltzea (10 milioi) eta segurtasun-instalazioak (7 milioi), besteak beste”.

Tunel berriari buruzko xehetasunak

Belateko tunel berriak 2.885 metro inguruko luzera izango du, egungo galeriaren antzekoa. 28+010 puntu kilometrikoan hasiko da, egungo sarreraren ezker aldean, eta 30+895 puntuaren inguruan amaituko da, egungo iparraldeko ahoaren ondoan. Beraz, tunel berria hegoalderantz, Iruña aldera, doan trafikoarentzat izango da.

Larrialdietarako bost galeria eraikiko dira, 500 metrotik 500 metroa, eta lehendik dagoen tunelarekin konektatutako dira. Galeria nagusiak larrialdietarako ibilgailuak pasatzeko aukera emango du, eta beste 4 oinezkoak izango dira, ibilgailu arinentzako sarbide eta  guzti.

Tunel berriko bi erreiek 3,5 metroko zabalera izango dute eta 3 metroko bazterbidea eskuinaldean, zirkulazioaren noranzkoan, eta metro 1eko beste bat ezker aldean. Galtzadaren bi aldeetan, 0,75 metroko bi espaloi proiektatuko dira. Galiboa, hots, tunel horren barrutik igaroko diren ibilgailuentzako baimendutako altuera, 5,5 metrokoa izango da.

Aireztapen-sistema bat izango du, 30 MW-tik gorako sute-potentzietarako 17 haizagailuk osatua; era horretan, hodian ingurumen-mailei eustea eta sutea gertatuz gero kea ateratzea bermatuko da.

Seinaleei dagokienez, kanpoko eta barruko hainbat euskarri izango ditu. Tunelaren kanpoan, 4 semaforo, 2 itxitura-hesi eta mezularitzako panel 1 jarriko dira; barruan, berriz, erreiaren afekzioaren inguruko 16 panel, abiadura-muga adierazteko 16 panel, 16 semaforo, mezularitzako 2 panel eta seinaleztapen fotoluminiszenteak jarriko dira.

Modu horretan, Belateko tunelak bikoiztearekin, noranzko bakarreko galeriak eduki ahal izango dira, zirkulazio-noranzko independentekoak, eta hodi bakoitzetik zirkulatzen duen ibilgailu-kopurua murriztu ahal izango da. Gainera, larrialdia izanez gero, bi tunelak elkarri lotzeko galeriak egongo dira, erantzuteko gaitasun handiagoa eta esku-hartze arinagoa lortzeko.

Honela eraikiko da galeria

Belateko tunela bikoizteko epea 45 hilabetekoa izango da. Lanak antolatzeari dagokionean, txandak antolatuko dira eguneko 24 ordutan, lurpeko lanak egiteko nahiz tunelaren bi ahoetatik paraleloan eraikitzeko.

Belaten egindako azterketa geoteknikoaren arabera, galeriaren %70 inguru sekzio osoan induskatu ahal izango da, eraikuntza-zailtasun baxuko edo oso baxuko zatietatik igarotzen delako. Tunelaren %30, berriz, kalitate geologiko okerragoko edo konplexuagoko zonetan induskatu beharko denez, eraikitzeko Austriako Metodo Berria (NMA) erabiliko da.

Eraikuntza-metodo horren arabera, hondeaketaren inguruko lur-eremuak tunelaren egonkortasunean parte hartzen du, eta elementu nagusi horren mende dago. Alegia, lurrak berak bere buruari eusten dio tunelaren inguruan deskarga-arku bat eratuz, eta horrek tentsioak bi aldeetara transmititzen ditu.

Obrak egiteko bi fase egongo dira: aurreratzea eta txikitzea. Aurreratze-fasean, tunelaren sekzioaren goiko erdia induskatuko da (ganga-aldea). Aurrealdea irekiko den bakoitzean, aditu geotekniko batek egiaztatu eta ziurtatuko du euskarria nahikoa dela edota errefortzuren bat egitea beharrezkoa izango dela. Behin ganga finkatuta, txikitze-fasea hasiko da, tunelaren sekzioaren beheko erdia induskatzeko. Arazo geoteknikoak agertzen badira, hondeaketa-lanak batatxeetan zatitzen dira, tartekatutako zati txikien bidez. Horrez gain, hirugarren fase bat egon daiteke, kontraganga bat egiteko, beheko zatian sekzioa egitura aldetik ixteko. Eragiketa hori ohikoa izaten da kalitate geotekniko txarragoko zonetan, tentsio horizontalak bertikalak baino handiagoak izateagatik.

Belateren kasuan, jatorrizko galerien funtzionamendua aztertu ondoren, baita ere erabaki da hormigoizko estaldura oso bat egitea. Errefortzu gehigarri horrek hondeaketaren egonkortasunerako segurtasun-koefizientea handitzen du, hodiaren gainerako elementuei eusten eta horien degradazioa txikiagotzen laguntzearekin batera. Estaldura tunel berrian ez ezik, egungo galerian ere aplikatuko da.

Belate eta Almandoz bikoiztea

Nafarroako Gobernuak 2019ko urrian erabaki zuen Belateko eta Almandozko tunelak bikoiztea, bi arrazoi medio: alde batetik, segurtasuna handitzea; eta, bestetik, Europa barneko Errepideen Sareko tuneletarako gutxieneko segurtasun-baldintzei buruzko 2004/54/CE Zuzentaraua betetzea. Ildo horretan, behin tunelak bikoiztuta, Nafarroak sare horretan dituen galeria guztiek indarrean den araudia beteko dute.

Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko lanak faseka egingo dira. Herri Lan eta Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiak aurreikusitako kronogramaren arabera, lehenik eta behin, lizitatu berri den Belateko tunela bikoizten hasiko dira, eta, pixkanaka, Almandozko tunelarekin eta tunelen arteko zatiarekin jarraituko da; azkenik, Belateko eta Almandozko egungo galeriak eguneratzeko lanak egingo dira.

Ekonomikoki, Belate eta Almandoz bikoizteko proiektu osorako, 180 milio euroko inbertsioa egingo da. Gainera, lanaldi osoko 2.500 lanpostu baino gehiago sortuko dira eta Balio Erantsi Gordineko (BEG) 100 milioi euro inguru.

N-121-A errepidearen eraldaketa osoa

Nafarroako Gobernua N-121-A errepidearen eraldaketa osoa egiten hasi da legegintzaldi honetan, Iruña Irundik barrena Frantziarekin lotzen duen bide horretako segurtasun-arazoak konpontzearren. Eraldaketaren bitartez, Belate eta Almandoz bikoizteaz gain, errepidea 2+1 bide bilakatuko da.

2+1 bide bihurtzeko obrak egiten 2021ean hasi ziren. Orain arte, bidearen lehen 17 kilometroak amaitu dira, Ezkaba eta Olabe eta Olabe eta Lantz arteko zatikoak.  Gaur egun, Oronoz-Mugairitik Sunbillara bitarteko obrak egiten ari dira. Gainera, Almandoz eta Oronoz-Mugairi loturaren arteko zatia lizitatzeko dago, eta azken zatiko trazadura-aukerak aztertzen ari dira, Sunbilla eta Endarlatsa artean, trazadura horren barneko herriekin adostutako hobekuntzak sartze aldera.

Espainiako Gobernuak 2023ra bitarte 95 milioi euroko konpromisoa hartu du N-121-A errepidea osorik eraldatzeko. “Inbertsio horiek agerian uzten dute Estatuak Komunitate honen aurrerapenarekin eta bertako azpiegitura nagusiak garatzearekin duen konpromisoa”, Gobernuko delegatua den Jose Luis Arastik bere hitzaldian nabarmendu duenez. Konprometitutako 95 milioi horietatik, 55 milioi N-121-A errepidea 2+1 bide bilakatzeko obretarako izango dira eta 40 milioi Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko.