Eusko Jaurlaritzak 1937ko udaberrian hildako sei gudariren eta milizianoren gorpuzkiak emango dizkie bere familiei

0

• Honako hauen gorpuzkiak identifikatu dira genetikoki: Patxi Jaka Bikandi, Jose Martin Arrieta Ikaran, Martín Fabo Colera, Ramón Crespo Ortiz, Fernando Lahera Urrutia, eta Inazio Lopetegi
• Identifikatutako bost gorpuzki Bilboko Begoñako hilerrian berreskuratutako gudari eta milizianoenak dira
• Patxi Jaka Bikandiren gorpuzkia Gamiz-Fikan berreskuratu ziren 2019an, eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren DNA bankuari esker identifikatu ahal izan da

Datorren otsailaren 11n, 11:00etan, Gogora Institutuaren egoitzan (María Díaz de Haro 3, Bilbo), identifikatutako sei gudari eta milizianoren gorpuzkiak beren familiei entregatzeko ekitaldia egingo da.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak emango dizkiete.
Ekitaldian izango dira, halaber, Bilboko Udaleko eta Gamiz-Fikako ordezkariak, herri horietan berreskuratu baitziren; biktimen jaioterrietako herrietako ordezkariak; Aranzadi Zientzia Elkarteko eta UPV-EHUko Biomics analisi genetikoen laborategiko kideak; 1937ko ekainean Bilbo defendatzeko borroketan desagertutako biktimen senideak eta memoria historikoko elkarteetako kideak.
Larunbatean emango dira ondoko pertsonei dagozkien hezur-hondakinak:
Patxi Jaka Bikandi (Amorebieta-Etxano, Bizkaia), Gamiz-Fikan desobiratua, 2019an; Jose Martin Arrieta Ikaran (Markina-Xemein, Bizkaia), Martín Fabo Colera (Martzila, Nafarroa), Ramón Crespo Ortiz (Lanestosa, Bizkaia), Fernando Lahera Urrutia (Sopuerta, Bizkaia), Inazio Lopetegi Oliden (Zumaia, Gipuzkoa), bostok Begoñako hilerrian desobiratuak, 2022an.
Larunbateko ekitaldian gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik atera diren inguruabarrak, eta biktimen eta haien familien historiak eta gertakariak azaltzen dituzten bideo bi emango dira. Halaber, identifikatutako biktimen objektu pertsonal batzuen erakusketa txiki bat jarriko da ikusgai.

Gamiz-Fika
• Patxi Jaka Bikandi (Amorebieta-Etxano), Izquierda Republicanari atxikitako Zabalbide Batailoiko milizianoa, haren gorpuzkiak Gamiz-Fikan lurpetik berreskuratu zituzten 2019ko ekainean.
Patxi Jaka Bikandi milizianoaren gorpuzkiak Gamiz-Fikan desobiratu zituzten, 2019ko ekainaren 8an. Memoriaren Institutuaren datu-base genetikoari esker identifikatu ahal izan dira. Hildakoaren familiak, haren gorpuzkiak non aurki zitezkeen jakiteko zantzurik ez zuenez, DNA lagin bat eman zuen, Gogora Institutuak Gerra Zibileko desagertuak identifikatzeko deialdiari erantzunez.
Gorpuzkiak 2019an aurkitu ahal izan ziren, lursailaren jabeak familia-lekukotasunen bidez jakinarazi zuelako eremu horretan hainbat borrokalari lurperatu zirela (izan ere, 2019ko azaroan beste bi borrokalariren gorpuzkiak aurkitu ziren eremu horretan bertan).
Dokumentazio historikoaren eta inguruko borroken kronologiaren arabera, Patxi Jaka 1937ko ekainaren 11 inguruan hil zen, Zabalbide batailoiak tropa frankistei aurre egin zienean. Haren heriotza ez zen inongo erregistro zibil edo parrokialetan inskribatu, eta, beraz, ez zegoen haren ehorzketa-lekuari buruzko aztarnarik; beraz, Gerra Zibileko desagertutzat jotzen zen.

Begoñako hilerria, Bilbo
• Ramón Crespo Ortiz, Lanestosakoa, UGT sindikatuari atxikitako Jean Jauresen batailoian borrokatu zen.
• Fernando Lahera Urrutia, Sopuertakoa, hau ere, Jean Jaures Batailoiko gudularia (UGT).
• Inazio Lopetegi Oliden, zumaiarra, San Andres batailoiko gudaria, ELA-STVri atxikia.
2022ko martxoan, Begoñako hilerrian Bilboko Udalaren ‘Begoñako Argia’ proiektuaren baitan, hobi komun handi bat aurkitu zen, 43 pertsonaren gorpuzkiekin, haien hobiraketa ez zegoen erregistroetan jasota, eta, beraz, aurkikuntza horrek Gerra Zibilean desagertutako 43 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratzea ekarri zuen.
Lurpetik ateratzean, 5 gudariren eta milizianoren identifikazio-txapak berreskuratu ziren, eta, horri esker, haien izenak aurkitu eta haien senideak aurkitu ahal izan ziren. Orain arte, horietako hiruren identitatea egiaztatu ahal izan da genetikoki, Crespo, Lahera, eta Lopetegi, eta larunbatean entregatuko dira. Lucas Galbete Gainza eta Ángel Pérez Puertasen gorpuzkiak erkatze-proba berrien zain daude.
Hobi komun hori aurkitu zenetik, Gogora Institutuak Bilbo inguruan Bizkaiko hiriburua erori aurretik hil eta desagertutako borrokalarien 80 familia ingururekin harremanetan jartzea lortu du. Horietatik 50ek kudeatuta dute jada DNA laginak hartzea, eta gainerakoek ikerketa dokumental handiagoa eskatzen dute.
Honako gorpuzki hauek ere identifikatu dira eta larunbatean entregatuko dira:
• Jose Martin Arrieta Ikaran, Markina-Xemeingoa, ANVko Olabarri Batailoiko gudaria, Solluben zauritua, Basurtuko ospitalean hil zen 1937ko maiatzaren 9an.
• Martín Fabo Colera, Martzillakoa (Nafarroa), Otxandiano batailoiko gudaria, EAJ-PNVri atxikia, Urduñan hil zen 1937ko maiatzaren 27an, 23 urte zituela.
Arrieta eta Fabo gudarien gorpuzkiak Begoñako Hilerritik atera zituzten 2022an,, bi kasuetan, Gogora Institutuaren ‘Gerra Zibilean hildakoen datu-basean’ agertzen zen haien ehorzketa lekua, baina haren familiek ez zuten horren berri jakinarazi zitzaien arte.
Desobiratze eta identifikazio lan hauek guztiak, 2003tik Eusko Jaurlaritzak martxan duen ‘Gerra Zibilileko desagertuen bilaketa’ programaren baitan egiten ari dira.

*Larunbateko ekitaldia streaming bidez emango da Irekian