Victoria Landak emakumeek Ertzaintzan izan duten bilakaera azaldu du Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako hitzaldi-ziklo batean

0

Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak “Emakumeak Bizkaian. Talentua, lankidetzaren kultura eta gizarte-proiekzioa” III. Jardunaldiko lehenengo mahai-inguruan parte hartu du gaur arratsaldean. Jardunaldia Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatu dute emakumeek egungo gizartean egin dituzten aurrerapenak eta dauzkaten erronkak eta aukera berriak sakontzeko.   

Bere esku-hartzean, Ertzaintzaren zuzendariak emakumeek Ertzaintzan duten presentziaren bilakaera aztertu du, lehenengo 94 emakumeak kidegoan sartu zireneko 40. urteurrena betetzera doanean. Bigarren promozioan, 1983an, sartu ziren, eta promozioaren %»15 baino ez ziren. Une hartan Eusko Jaurlaritzak kendu egin zuen soldadutza eginda izatearen baldintza emakumeak Ertzaintzan sartu ahal izateko, eta erabaki horri esker sartu ahal izan ziren lehenengo 94 emakume horiek Ertzaintzan. Berez, Victoria Landa bera urte horretan bertan sartu zen hirugarren promozioarekin, eta gogora ekarri du une hartan, beste hainbat desabantailaren artean, gizonek zuten uniforme bera ez izatearena zutela, “gure uniformean gona zuzena genuen, belaunetik beherakoa, eta mugitzea zailtzen zuena”, eta, horrez gainera, “galtzerdi gorriak, 4 zentimetroko takoia zuten zapatak eta poltsa bat”.  

Victoria Landak gogoratu du, bestalde, lehenengo urte haietan emakumeak kidegoan sartzeko plaza-kuotak zeuden arren (1992 arte), emakumearen presentzia oso eskasa zela, ez baitzen %»11ra ere iristen: “Ertzaintzaren 21. promoziotik aurrera izan da igoera nabarmena hautaketa-prozesuetan parte hartu duten emakumeen kopuruan, eta pixkanaka gora egiten joan da Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen azkeneko LEP bateratuan %»30,5ekoa izatera iritsi arte”.   

2026rako sustapen-plana 

Gaur egun Ertzaintzaren plantilllan %»83,2 inguru dira gizonak eta %»17,8 inguru emakumeak, eta, une hauetan, horietatik hiruk baino ez dute komisario kategoria, eta horietako bat intendente gisa gaituta dago, aginte-eskalako kategoria gorena izanik.   

Desberdintasun-egoera horri buelta emateko, eta emakumeak Ertzaintzan sartzea sustatzeko oinarrizko helburua betetzeko, Landak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak Emakumeak Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente-kategorian sartzeko I. Sustapen Plana jarri duela abian, eta 45 ekintza zehatz, berritzaile eta ausart proposatzen dituela datozen 4 urteotan egoera pixkanaka zuzentzen joateko; hauek dira ekintza horietako batzuk:  

    • Hautaketa-prozesu bakoitzean emakumeek beteko dituzten plazen ehuneko progresiboa erreserbatzea legeak baimendutako %»40ko gehienekora iritsi arte: 2022. urtea, %»33; 2023. urtea, %»35; 2024. urtea, %»37; 2025. urtea, %»39; eta 2026. urtea, %»40.  

 

    • Proba fisikoak hurrengo deialdira atzeratu ahal izatea erditze aurreko, erditzeko edo erditu ondorengo egoeran dauden emakumeei.  

 

    • Sarbide-probak lau urtez behin berrikustea genero-ikuspegitik, datu zientifikoetan eta neutraletan oinarrituta. 

 

    • Lanarekin lotutako ezaugarri anatomikoekin, fisiologikoekin edo psikosozialekin zerikusia duten emakumeen behar bereziak aztertzea. 

 

    • Ertzaintzako irakasleen artean emakume gehiago izatea sustatzea. 

 

    • Sexu-erasoaren edo sexuagatiko jazarpenaren aurrean jarduteko protokolo espezifiko bat diseinatu eta ezartzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Diziplinazko falta oso larritzat hartuko dira.

 

“EMAKUMEAK BIZKAIAN” III. JARDUNALDIA 

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Joseba Jauregizar Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Bizkaiko Batzordeko lehendakariak inauguratu dute “Emakumeak Bizkaian” III. Jardunaldi hau, eta bertan parte hartu dute Miren Onaindia UPV/EHUko Ekologiako katedradunak eta Amelia Baldeón Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen zuzendariak ere. 

Mahai-inguru hau izango da Bizkaiko Batzar Nagusietako hitzaldi-aretoan otsailaren 14an, 21ean eta 28an egingo diren lau saioetako lehenengoa.