Europako Carlos V. Saria jaso du Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasle ohi batek

0
Unai Gómez Hernández Eskoziako Unibertsitatean.

Unai Gómez Hernándezek, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Zientzia Politikoetako ikasle ohi batek, Yuste Fundazioak ematen dituen Carlos V. Sarien hamar beketako bat jaso du, Europako ikasketetan ikerketa eta mugikortasuna sustatzeko (Europako Kontseiluaren Kultura Ibilbideak).

Gaur egun, Edinburgoko Unibertsitatean eta Lovainako Unibertsitate Katolikoan (KU Leuven) doktorego aurreko ikertzailea da Gómez Hernández, eta haren ikerketa Europako kanpo-ekintzan zentratzen da; hain zuzen ere, Europako eskuin muturreko alderdi populistek EBren kanpo-ekintzan duten balizko eragina aztertzen du. Era berean, gradu eta masterreko ikasleekin irakasle lanetan ere aritzen da Edinburgoko Unibertsitatean.

Gómez Hernándezen arabera, oso pozgarria da ikertzaile ibilbidearen lehen urteetan horrelako sari bat jasotzea; izan ere, doktoregoa prestatzea oso epe luzeko prozesua da, eta ikertzaile lanagatik aitortza jasotzeak lanean gogor jarraitzera animatzen du. Gaineratu duenez, bere lana unibertsitate mundutik harago eramateko eta jendarte osoari ezagutarazteko aukera ere ematen dio Yuste Fundazioaren zabalkunde lanak.

Europako Kontseiluaren kultura ibilbideen aldeko Carlos V. Saria

Europako Carlos V. Sarien helburua da Europaren historia, memoria eta integrazioari lotutako ikerketa sustatzea, betiere diziplina arteko ikuspegi batean oinarrituta. Hautagaiek aurkeztutako proposamenetan hainbat gai jorratzen dira, hala nola, kultur ondarea, jasangarritasuna, hizkuntza aniztasuna, herritarren partaidetza, europar identitatea, Europako balioak, bakea, literatura, gorroto-diskurtsoen ezabatzea edota feminismoa.

2.500 euroko zuzkidura du bekak, eta Europako gaiei buruzko ikasketa eta ikerketetan diharduten ikertzaileen mugikortasuna finantzatzera bideratuta dago, baita “Europa Garaikideari buruzko Diziplina Anitzeko Ikasketen VII. Doktorego Mintegian” aurkeztuko diren hitzaldiak prestatzera ere.

Yuste Fundazioak Europako Kontseiluarekin batera proposatzen ditu beka hauen deialdi bakoitzean jorratuko diren gaiak. Sariaren bitartez, Europako kultura, gizarte, zientzia eta historia arloko balioen ezagutza orokorraren alde egiten duten pertsonen lana aitortu nahi da, baita Europaren eraikuntza eta integrazio prozesuaren alde egiten dutenena ere. Kultur ibilbideen Europako Erakundea 1997. urtean sortu zuen Europako Kontseiluak, ziurtatutako ibilbideen sustatzaileei babesa emateko, proiektu berriak aurkezten dituztenei ekimenak aurrera eramaten lagun diezaieten. Luxenburgon du egoitza.