Jendaurrean jarri da Oria Tolosako hirigunetik igarotzean uholdeetatik babesteko proiektua

0

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako  URA-Uraren Euskal Agentziak urtarrilaren 25az geroztik jendaurrean jarri du Tolosako alde zaharra eta hirigunea 100 urteko errepikatze-denborako (Q100) uholdeetatik babesteko obra-proiektua. Obraren jarduketa-eremua Larramendi kaleko 11ko biribilgunetik Tolosako zezen-plazaraino doa, Zumalakarregi pasealekuan.

Proiektu horren nondik norakoak azaltzeko, agerraldia egin dute gaurkoan, Tolosako Udaletxean, Tolosako alkate Olatz Peonek eta Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aizek.

Proiektuaren dokumentazioa URAren webgunean dago eskuragarri, eta alegazioak Eusko Jaurlaritzaren erregistro elektroniko orokorrean edo Uraren Euskal Agentziaren bulegoetan aurkeztu ahal izango dira. Proiektua aztertu eta alegazioak aurkezteko epea balioduneko 30 egunekoa da, aldizkari ofizialean argitaratzen denetik hasita; alegia, martxoaren 7ra arte.

Proiektuaren aurrekontua 5,5 M euro ingurukoa izango da, BEZa barne, eta lanak egiteko zortzi hilabeteko epea aurreikusten da, obrak hasten direnetik zenbatzen hasita. Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantzazioa jasotzen du.

Proiektuaren ezaugarriak

Behin betiko onartuz gero, Nafarroa Hiribideko zubiaren ordez 53,60 metroko argia izango duen bao bakarreko zubi bat jartzea aurreikusiko da, Oria ibaiaren bi ertzak lotzeko. Nafarroa Hiribideko zubia XX. mendeko bigarren hamarkadan eraiki zen, ibaiaren ur-goraldien fluxua ahalbidetzeko gaitasun hidrauliko nahikorik gabe. Zubiak 51 m inguruko luzera du, 12.75 m luze diren 4 baotan banatuta (uren jarioaren noranzkoan) eta 15 m zabal da (uren noranzkoarekiko perpendikularrean).

Zubi hori eraitsi egingo da. Lehenik, taula desmuntatu eta dagoen zubitik kenduko da erabat. Ondoren, egungo pilak eraitsiko dira beren oinarriraino, eta horiek aprobetxatuko dira zubi berria eraikitzeko beharrezkoak diren behin-behineko egiturei eusteko. Ondoren, aipatutako zubi berria eraikiko da.

Bestalde, Oriaren ibaiertzeko pasealekuan ezkerraldeko baranda ordezkatzea aurreikusten da, Nafarroa Hiribideko zubiaren eta Zerkausiaren Merkatuko pasabidearen artean. Oinezkoen erorketak saihesteko, metalezko baranda bat dago, hormigoizko pilastretan finkatuta. Horren ordez, hormigoizko hormatxo bat jarri nahi da, 0,5 metroko altuera izango duena eta 245 metroko luzera izango duena, dauden pilastrak mantenduz, gaur egun  dagoenaren antzeko diseinuarekin.

Era berean, uholdeen aurkako horma mugikorrak jarriko dira Zerkausia Azokara sartzeko pasabidearen hasieran, eta, ezkerraldean,  Oria ibaira sartzeko atean, Aramele zubitik ibaian behera. Panel mugikorrak Tolosako suhiltzaileen bulegoetan biltegiratuta egon beharko dira. Suhiltzaileak baitira horiek jartzeaz arduratuko direnak, uholdeen ondoriozko larrialdi-abisuak jasotzen direnean.

Obra horiek egin ondoren, beharrezkoa izango da hiri-zuhaitzak landatzea obrek ukitutako eremuetan: bai ibaiaren ezkerraldean, Nafarroa Hiribidea zubitik gora, bai GI-2130 errepideko biribilgunearen inguruan.

Defentsa-lanen beharra 

Tolosatik igarotzean Oriak ohiko ibilguaz haratago gainezkatzearen arrazoia:  ur-emariak gaur egungo ibilguaren edukiera gainditzen dute, eta, gainera, zubiek ur-lamina hazarazten dute, zabalera ez nahikoa izateagatik.

Oria ibaiaren lehen gainezkatzeak herrigunean gertatzen dira, 50 urtetik beherako errepikatze-denborako ur-goraldietan: Aramele zubiaren inguruan, eta Zumalakarregi pasealekuaren parean.

500 urteko uraldirako, FFCC trenbideko lubeta gainditzen da, eta San Esteban auzoari eragiten dio. Urteko batez besteko 2,51 M €-ko kaltea kalkulatu da, eta 354 biz./urteko arriskua du. EAEn uholde-arrisku handiena duen UAAEetako bat da (Uholde Arrisku Handiko Eremuak (UAHE). (132 or.)

Uholde-arriskua nabarmen murrizteko, ezinbestekoa da egiturazko neurriak gauzatzea hiri-ingurune-bilbe dentso eta  egonkortuan. Non eta ibilgua zeharo eraldatua dagoen eremuan.