XII. Ikasenpresa Azokak Lanbide Heziketako 1.800 ikasle batu ditu Eibarren, aurrez aurreko izaera berreskuratuta

0

Bi urtez aurrez aurreko ediziorik egin gabe egon ondoren, kultura ekintzailea sustatzeko Ikasenpresa Azokak normaltasuna berreskuratu du berriro pandemiaren ondoren, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako 1.800 ikasle inguru bildu ditu. Aurten XII. Ediziora iritsi den azoka gaur goizean egin da Eibarren. Jon Labaka Tknikako (Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa, Hezkuntza Sailaren baitakoa) zuzendari exekutiboak azokaren irekiera-ekitaldian parte hartu du eta, ondoren, ikasleen postuak bisitatu ditu.

Goizean zehar, Untzaga Plazan eta Txantxa Zelain prestatu duren karpetan, Ikasenpresa programaren baitan garatu dituzten produktu eta zerbitzuak erakutsi dituzte. Tknikak antolatzen du urtero azoka, Eibarko Udalaren laguntzarekin.

Aurten, azokan erakutsi diren Ikasenpresa proiektuen kopurua 350era iritsi da. Ekimenean parte hartzen duten Lanbide Heziketako 50 ikastetxetakoak izan dira guztiak, askotariko arlo edo sektoreetakoak. Izan ere, Ikasleek aurkezten dituzten negozio-ideiak ikasten ari diren lanbide-arloekin harreman zuzena izaten dute. Aurkeztu diren proiekturik gehienak honako arlo hauetakoak izan dira:  Jarduera fisikoak eta kirolak, Industrialak, Irudi pertsonala, Ostalaritza eta turismoa, Informatika, Diseinua, Gizartearentzako zerbitzuak, Arte grafikoak, Nekazaritza eta arrantza, Informatika eta Zerbitzuak.

Gaur Eibarren ikusgai izan diren produktu eta zerbitzuetako batzuen adibideak, berriz, honako hauek dira: kalistenia-zirkuitua, bizikletak bizikleta elektriko bihurtzea, estetika eta ongizateko zerbitzu integralak, marketing aholkularitza edo ibilgailu klasiko eta historikoentzat pieza deskatalogatuak egitea (eskaneatzea eta 3D inprimaketaren bidez)

Zer da Ikasenpresa programa?

Ikasenpresa, ikasgeletan eskola-enpresak sortzea ardatz duen hezkuntza-programa da. Proiektu horren helburuen artean enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea dago eta baita gaitasun ekintzaileen garapena sustatzea ere: sormena, berrikuntza, talde-lana, erabakiak hartzea, informazioaren kudeaketa, iniziatiba, lidergoa, konpromisoa, negoziazioa, eta abar. Honez gain, ikaslea, beste kultura eta gizarte-errealitate batzuetara hurbildu eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatu nahi da.

Ikasleek enpresa txiki bat martxan jarriko dute ikasgelan, eta enpresaren jarduera guztiak aurrera eramango dituzte (irudi korporatiboa, administrazioa, marketina, salerosketa, eta abar). Produktu edo zerbitzu errealak izango dira, beraiek ekoitzi edo merkaturatutakoak.

Programaren helburuak:

    • Ikasenpresa bat sortzea, ekintzaile izateak zer esan nahi duen jabetu daitezen ikasleak.

 

    • Ikasleen gaitasunak garatzea, profesional onak izan daitezen: enplegagarriak, aktiboak, ekintzaileak edo euren lantokietan ekintzaile izateko.

 

    • Ikasleak autoenplegua beste aukera on bat dela jabetzeko sentsibilizatzea.