2023-2024 ikasturterako onarpen prozesuak ikasleen banaketa orekatuagoa sustatzearen alde egiten du

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera, 2023-2024 ikasturterako aurrematrikulak dakartzan berrikuntza nagusiak aurkeztu ditu, Bilbon egin den prentsaurrekoan.

Datorren astelehenean, otsailaren 13an, irekiko da 2023-2024 ikasturterako ikasleak onartzeko prozesurako eskabideak aurkezteko epea, Haur Hezkuntzako (2 urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. Prozesu honek berrikuntza garrantzitsuak dakartza, eta aurten hasiko dira ezartzen, ikasleen Haur Hezkuntzarako sarreratik hasita (2 urte), Hezkuntza Sailak Onarpen Dekretu eta Agindu berriak onartu ondoren.

2023-2024 ikasturterako aurrematrikula-prozesuan egin diren berrikuntzak eta hartu diren neurri berriek hezkuntza sistema orekatzearen aldeko apustua egiten dute, gizarte eta hezkuntza ikuspuntutik eta inklusioa irizpide nagusi hartuta. Nola nahi ere, modu progresiboan behetik gorantz hezkuntza sisteman hedatuz joango den prozesua izango da, 2 urteko geletatik hasita. Ez da inola ere planteatuko ikastetxe batean dagoeneko eskolatuta dauden ikasleak beste batera mugitzerik.

Prozeduran sartu diren berritasun nagusiak hauek dira:

Plazen erreserba: diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek gorde beharko dute Hezkuntza Sailak zehaztutako plaza kopurua, ikasle zaurgarriak eskolatzeko. Plazen erreserba hori izena emateko epean eskaerak jaso ondoren ezarriko da. Aniztasunaren eta zaurgarritasunaren banaketa orekatua bilatzen du neurri honek, Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoko ikastetxe guztien artean, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste mota batekoengatik segregatzea saihesteko.

Zaurgarritasun Indizea sortu da horretarako. Eskaerak aurkezterakoan, familia guztiek euren egoera sozio-ekonomikoari buruzko inkesta bat bete beharko dute. Bildutako informazioarekin definituko da zein ikasle hartuko diren zaurgarritzat. Era honetan, zona bakoitzerako Zaurgarritasun Indize erreferentziala zehazten da, ikastetxe bakoitzean ikasle zaurgarrientzat erreserbatu beharreko plaza kopuruarekin batera. Hezkuntza Sailak ofizioz zehaztuko du ikastetxe bakoitzerako erreserba. Helburua: eragin-eremu bateko ikastetxe guztiak eremu horretako zaurgarritasun indizera hurbiltzea.

Zonifikazioan ere doikuntzak egin dira, Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzarako, ezarritako neurrien eraginkortasuna benetakoa izan dadin. Inklusioa izan da horretarako irizpide nagusiak. Esaterako, udalerri handietan eta hiri ertainetan (hiriburuetan izan ezik) hainbat eragin-eremu izatetik eremu bakarra izatera pasatu da. Oro har, zonifikazioan doikuntzak egin diren lekuetan, eragin eremuak zabalagoak dira orain, aniztasunaren banaketa orekatuagoa errazteko. Eragin-eremu bakoitzean ikastetxe publiko bat dago gutxienez.

Eskaintzaren plangintza Haur Hezkuntzako sarrera-mailan (2 urte). Azpieskaintza eta gaineskaintza saihestea izango da onarpen prozesuan ikastetxe bakoitzean eskainiko den plaza kopuruaren irizpide nagusia. Ikastetxe guztiek beren plaza libre guztiak edo itunerako planifikatutako guztiak (itunpekoen kasuan) eskaini ahal izango dituzte.

Ikastetxe kopuru mugagabea eskaera bakoitzeko. Familia bakoitzak bere eragin-eremuko ikastetxe guztiak hautatu ahal izango ditu seme-alabak eskolatzeko, edo beste eremu batzuetakoak, mugakideak izan edo ez, kopuru-mugarik gabe, baldin eta beren planteamenduen arabera egokitzat jotzen dituzten hezkuntza-baldintzak betetzen badituzte. Beren interesen araberako hurrenkeran lehenetsiko dituzte. Onarpen-prozesua ikasle bakoitzari familiak lehenetsitako ikastetxea eskaintzen saiatuko da, eta hautatutakoetan eskolatzeko aukerarik ez balego bakarrik eskainiko litzateke beste ikastetxe bat, markatutako ezaugarriak izango lituzkeena eta ikaslearen bizilekutik hurbil legokeena. Horregatik, oso garrantzitsua da familiek ahalik eta ikastetxe gehien hautatzea, dagokien ikastetxea ahalik eta gehien egokitu dadin euren interesetara.

Hurbiltasuneko eskolatzea. Baremoko irizpideetan dagoen aldaketarik esanguratsuena, etxebizitzaren hurbiltasunagatik ematen den puntuazioan dago. Puntuaziorik handiena eskuratuko da aukeratutako ikastetxea familiaren bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxea (publiko zein itunpekoa) den kasuetan, beti ere eragin-eremuaren barruan: 7 puntu. Eremuko beste edozein ikastetxek –baina ez bizilekutik hurbilen dagoenak- 5 puntu eskuratuko ditu. Eragin-eremu berberaren barnean hurbiltasuna saritzen duen neurria da. Hurbileko eskolatzea bultzatzea da helburua (orain arte bizilekua eragin eremuan egoteak 6 puntu ematen zituen).

Baremoko irizpideak

Eskaintzen duen plaza kopurua baino eskaera gehiago duten ikastetxeetan aplikatzen da baremoa. Aurreko paragrafoan azaldu den bezala, bizilekutik eskolarako hurbiltasunagatik ematen den puntuazioan dago baremoko aldaketarik handiena (7 puntu, eragin-eremuaren barruan bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxean). Irizpide hauxe da, hurbiltasunarena, baremoan punturik gehien ematen duena.

Bizilekuaren gertutasunaren ondoren, eskatutako ikastetxean (edo hari atxikitako batean) neba-arreba bat edo gehiago matrikulatuta egotearen irizpidea da puntuaziorik handiena ematen duena: 6,5 puntu. Orain arte hori zen (ikastetxean matrikulatutako neba-arrebak izatea) baremoan puntuazio handiena ematen zuen irizpidea.

Baremoan jarraitzen dute, besteak beste, honako irizpide hauek: familia-unitatearen urteko errenta (gehienez 3 puntu); desgaitasuna (gehienez 2 puntu); familia ugaria (gehienez 1,5 puntu); guraso bakarreko familiakoa izatea (puntu 1); ikaslea harrera-familian egotea (puntu 1); erditze anizkoitzean jaio izana (gehienez 1,5 puntu); DBHko espediente akademikoa, Batxilergoan sartzeko (gehienez puntu 1); terrorismoaren biktima izatea (puntu 1); edo genero-indarkeriaren biktima izatea (puntu 1).

2023-2024 ikasturterako onarpen prozesu honetan, halaber, irizpide berri bat sartu da baremoan, 0,5 puntu ematen dituena, familia-unitatea lekuz aldatu bada, honako arrazoi hauengatik: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozein desgaitu izana, edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa.

Hezkuntzak batu egiten gaitu” kanpaina

Ekitaldian, Hezkuntza Sailak datorren astetik aurrera abian jarriko duen sentsibilizazio kanpaina bat ere aurkeztu du Bildarratz sailburuak. “Hezkuntzak batu egiten gaitu” leloarekin, kanpaina honek euskal gizartearen aniztasun zabala azpimarratzen ditu, eta hezkuntza-sistemak inklusiorako eta gizarte-kohesiorako duen funtsezko zeregina nabarmentzen du.

Kontuan izan beharreko egutegia:

    • otsailaren 13tik 24ra: eskabideak eta agiriak aurkezteko epea

 

Online edo aurrez aurre ikastetxean (idazkaritza ordutegian)

    • martxoak 14: eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira

 

    • martxoak 28: behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Apirilaren 4ra arte erreklamazioak egiteko epea.

 

    • apirilak 20: behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko epea, maiatzaren 22ra arte.

 

Otsailaren 13tik aurrera onarpen-prozesuari ekiteko prest daude dagoeneko Euskadiko 697 ikastetxe (horietatik 454 publikoak, %65). Horien guztien artean, seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten gurasoek, 540 ikastetxe izango dituzte bi urteko haurrentzat (horietatik 333 publikoak, hots, %62).

Ohikoa denez, eskaerak aurkezteko bi bide ipiniko ditu Hezkuntza Sailak familien esku: online burutu ahal izango da prozesu guztia, dokumentazioa aurkeztea barne, Hezkuntza Sailaren webgunearen bidez (www.euskadi.eus/hezkuntza); baina aurrez aurre ere egin ahal izango da, lehen aukeratzat markatu den ikastetxean (idazkaritza ordutegian).