Azpiazu sailburuak EIBMn hartutako azken erabakien berri eman du Eusko Legebiltzarrean

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, berak eskatuta egindako agerraldian, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak joan den abenduaren 27an hartutako erabakien berri eman du Legebiltzarrean.

Azpiazuk akordio horien edukia zehaztu du:

Lehen akordioa: Euskal Autonomia Erkidegoarekiko kontzertu ekonomikoa aldatzea

Lehen akordio honetan, bosgarren xedapen gehigarriari eman behar zaion idazketa berria adostu da. Idazketa horrek Ekonomia Itunari Fortuna Handien gaineko Elkartasuneko Aldi Baterako Zerga gehitzen dio —Ondarearen gaineko Zergaren osagarri—, hura sortzen duen Estatuko Legearen indarraldi bereko araudi autonomoko zerga itundu gisa.

Bigarren eta hirugarren akordioak: Euskal Autonomia Erkidegoaren partaidetza energiaren aldi baterako kargan eta kreditu-erakundeen eta kredituko finantza-establezimenduen aldi baterako kargan

Kasu honetan, Batzorde Mistoak erabaki du Estatuko Administrazio Orokorrak finantzaketa emango diola Euskadiri, Ukrainako gerrak eragindako aparteko ondorio ekonomiko eta sozialei eta COVID-19aren ondoriozko pandemiak ekarri dituen eskaintza- eta hornidura-arazoei aurre egiteko.

Azpiazuk Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzorderen bilera honetan zehaztu duenez, akordio horiek irakurketa bakarreko lege-proiektu gisa eta presazko prozeduraren bidez tramitatzen ari dira une honetan Kongresuan. Senatutik igaro ondoren, espero dugu udaberrirako onartuta eta argitaratuta egotea bi lege-testuak —Nafarroarekiko Hitzarmen Ekonomikoa aldatzen duen lege-proiektuarekin batera tramitatzen ari dira—.

Ekonomia Ituna aldatzen duen legea onartu ondoren, lurralde historiko bakoitzeko Batzar Nagusiek kasuan kasuko foru-arauak onartu beharko dituzte, zerga-figura berri bakoitza (eta berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren kasuan, horren aldaketa) zerga sistema foralean sartzeko.