Beatriz Artolazabalek espero du Memoria Demokratikoaren etorkizuneko Legeak “memoria demokratikoaren printzipio eta balioeekiko konpromiso komuna eta partekatua” islatuko duela

0

Beatriz Artolazabalek parte hartu du, Bilbon, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko sailburu gisa egin duen azken ekitaldi publikoan, 1937ko udaberrian, Gerra Zibilean, hil ziren sei gudari eta milizianoren gorpuzkiak familiei entregatzeko ekitaldian.

Honako hauen gorpuzkiak dira: Patxi Jaka Bikandi (Amorebieta-Etxano, Bizkaia), Gamiz-Fikan 2019an desobiratutakoa; Jose Martin Arrieta Ikaran (Markina-Xemein, Bizkaia), Martin Fabo Colera (Martzilla, Nafarroa), Ramon Crespo Ortiz (Lanestosa, Bizkaia), Fernando Lahera Urrutia (Sopuerta, Bizkaia) eta Inazio Lopetegi Oliden (Zumaia, Gipuzkoa), bost horiek guztiak Begoñako hilerrian desobiratutakoak, 2022an.

Beatriz Artolazabalek, memoriaren arloko politika publikoen ardura duen sailburu gisa egindako azken ekitaldian, Gerra Zibileko biktimen senideekin izandako azken esperientziak gogoratu ditu. “Asko ikasi dut zuen eskuzabaltasunetik. Giza eskubideen urraketa bidegabeen biktima guztiok transmititu didazue gorrotorik gabe bizitzen ikasteko lezioa. Azken ekitaldi hau berezia da, bere esanahiagatik, gaineratu du sailburuak “izan ere, gaur betebehar bat betetzen dugu, justizia egiten dugu eta memoria historiko eta demokratikoarekin dugun konpromisoari zentzua ematen diogu. Elkarrekin hunkitu eta elkarrekin ohoratzen ditugu printzipio eta balio etiko eta demokratikoak defendatzeagatik bizitza eman zutenak; gaur, Patxi, Fernando, Ramon, Inazio, Martin eta Jose Martinekin, zuekin guztiekin, zuen familiekin, benetan merezi izan duela sentitzen dugu”.

Beatriz Artolazabalek azpimarratu nahi izan du “herri honek memoria historiko eta demokratikoarekin duen konpromisoa”, erakundeak, alderdi politikoak, erakunde memorialistak, erakunde zientifikoak eta gizarte zibila biltzen dituena. Eta, jakina, desagertuen familien iraunkortasuna haien bilaketan eta oroimena mantentzea.

Sailburuak etorkizuneko Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko Legeari buruz hitz egin du – gaur egun Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari dena –. “Ziur naiz Memoria Demokratikoak berezkoak dituen balioekin guztiok gaur bat egiten dugun moduan, bategite horrek ere isla izango duela egun Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den Memoria Historiko eta Demokratikoko legean, akordio zabal bat erdietsiz”.

Ekitaldira bertaratu diren senideen aurrean, Artolazabal sailburuak gudari eta miliziano horien konpromisoa gogorarazi du, bai eta Errepublikaren Gobernuaren legezkotasunari eusteko borrokatu zuten pertsona guztiena ere, “askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren alde matxinatutako armadaren aurka, Euskadi eta Errepublika defendatzeko”. Konpromiso horrek heriotza ekarri zien haietako askori, sei borrokalarien kasuan, guztiak 1937ko maiatza eta ekainaren lehen asteen artean hil ziren, Bilbo erori aurreko borroken testuinguruan. Hiriaren inguruan zabaldutako defentsa-lerro honek, matxinatutako tropak sartu aurretik biztanleria zibila ebakuatzeko eta denbora irabazteko balio izan zuen.

Ahalegin horrek pertsona askoren heriotza eragin zuen, eta, horregatik, “gogoraraztea, ohoratzea eta haien memoria eta duintasuna aldarrikatzea da gaur egun dugun eskubideak eta askatasun-erregimena zuei ere zor dizuegula gogoratzeko modu bat”, sailburuak adierazi duenez. Gerraren eta gerraosteko errepresioaren biktima izan ziren emakumeak ere aintzat hartu nahi izan ditu, hurbilekoen galerari aurre egiteaz gain, “errepresioa, gosea eta umiliazioa2 jasan behar izan baitzuten.

Gaurko ekitaldian, oraindik identifikatu ezin izan dituzten borrokalarien senideak ere izan dira. Artolazabal haiei zuzendu zaie esateko azkenean lortuko dela agindu ezin duen arren, “ez dugu etsiko”, eta egunen batean haiek ere beren senideak berreskuratu ahal izatea opa die. “Badakit zuen eskuzabaltasunaz eta bihotzez pozten zaretela Patxi, Fernando, Ramon, Inazio, Martin eta Jose Martinen familiek haien gorpuzkiak berreskuratu dituztelako. Zuen poza ere bada, Gerran desagertutakoen familia guztiena”.

Beatriz Artolazabal sailburuak arlo horretan lan egiten duten talde guztien lana eskertu du: Eusko Jaurlaritzarena eta Gogorarena; Udalena; Aranzadi Zientzia Elkartearena; UPV-EHUko Biomics laborategiarena; eta Euskal Prospekzio Taldearena eta memoria historikoaren elkarte eta erakunde historikoena, senideak aurkitzeko lan handia egiten baitute.

Beatriz Artolazabalekin batera izan dira, hain zuzen ere, memoriaren arloko arduradunak: José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, Aintzane Ezenarro, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria eta Monika Hernando, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendaria.

Ekitaldia

Ekitaldira 80 senide inguru bertaratu  dira, identifikatutako sei borrokalarien senideak eta identifikazio prozesuan dauden familiak batuta. Gainera, Bilboko eta Gamiz-Fikako udaletako ordezkariak izan dira, bertan aurkitu baitzituzten gaur entregatutako gorpuzkiak: Asier Abaunza eta Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko zinegotziak; Ana Rubio, Gamiz-Fikako alkatea; Aitor Etxegarai eta Jesús Crespo, udalerriko zinegotziak; eta Asier Larrabe, Patxi Jakaren gorpuzkiak lurpetik atera zituztenean alkate izandakoa. Marina Bidasoro, Kultura zinegotzia, Zumaiako Udaleko ordezkari gisa izan da, Inazio Lopetegi bertakoa baitzen.

Haiekin batera ekitaldian izan dira gorpuzkien bilaketa, desobiratze eta identifikazio lanetan aritzen direnak. Aranzadi Zientzia Elkarteko, Lourdes Herrasti, Anartz Ormaza eta Pako Etxebarria; identifikazio lanetan UPV-EHUko Biomics taldeko Marian Martinez de Pancorbo eta Miriam Baeta; Euskal Prospezio Taldeko Kepa Ganuza, Alberto J. Sampedro, eta Mauro Saravia; ‘Ahaztuen Oroimena 1936’ memoria elkarteko Patxi Ibarzabal -Arrieta Ikaran familia bilatzeko lan egin duena, besteak-beste- eta EAEko erakunde historikoetako eta memoria-elkarteetako kideak.

Ekitaldia Dani Álvarez kazetariak gidatu du, eta bi bideotan biktimak aurkitu, berreskuratu eta identifikatzeko prozesua kontatzen da. Bertan, senideek hurbilekoei buruz hitz egin dute, baita prozesu osoan izandako bizipenei buruz ere. Ahots biziz ere egin dute, eta solasaldi laburra egin dute bideoak ikusi ostean:

  • Lander Mella, 2019an, Patxi Jakaren gorpuzkiak berreskuratu ziren lursailaren jabea.
  • Enara Lauzirika, Patxi Jakaren birbiloba.
  • Begoña Guerra, Begoñako hobi komunetik atera zuten, Ramón Cresporen iloba
  • Arantza Ugarte, Begoñako hobi komunetik atera zuten, Inazio Lopetegiren iloba.
  • Fernanda Lahera, Begoñako hobi komunetik atera zuten Fernando Laheraren alaba.
  • Marivi Fabo, Begoñan lurpetik atera zuten, Martin Faboren iloba,
  • Estanislao Arrieta, Begoñan hobitik atera zuten Jose Martin Arrietaren iloba.

Ekitaldiaren zatirik instituzionalenari bide eman aurretik, Victor Daniel Pastorrek eta Ander Sanchezek txalaparta jo dute eta, jarraian, Joseba Tapiak ‘Euzko Gudariak’ abestu du akordeoiarekin. Sailburuak hitz egin ondoren, gorpuzkiak eman zaizkie senideei.

Familia bakoitzeko bi kidek jaso dute gorpuzkiak dituen kutxa, baita desobiratze- eta identifikazio-txostena ere. Ohorezko aurrezkuarekin eta ‘Agur Jaunak’ ekitaldiari amaiera eman zaio.