eLankidetzaren Kontseilu Errektoreak 2023 urteko ekitaldiaren planifikaziorako dokumentu nagusiak onartu ditu

0

Joan den otsailaren 9ko saioan, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Kontseilu Errektoreak onetsi zituen 2023ko urteko plana, Dirulaguntzen plan estrategikoa, funts banagarriak eta 2023ko deialdien egutegia.

Urteko planak 2023rako aurreikusitako jarduera nagusien programazioa jasotzen du.

Dirulaguntzen plan estrategikoak eta funts banagarriek aurrekontua aplikatzeko ildo nagusiak ezartzen dituzte. Lehenengoak, 2023rako aurreikusitako dirulaguntzen ildoak zehazten ditu (bai zuzenekoak eta baita norgehiagoka prozeduren bidez ematen diren dirulaguntzak ere). Bigarrenak, dirulaguntza lerro bakoitzera bideratutako zenbatekoa zehazten du; bai 2023an ordaindu beharrekoa eta baita etorkizuneko konpromisoak ere.

eLankidetzak 50 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango du aurten. Horietatik, 26,5 milioi aurreko ekitaldietan hainbat urtetarako emandako dirulaguntza konpromisoei aurre egiteko izango dira; 3,4 milioi eLankidetzaren langileei eta funtzionamenduari dagozkion gastuetarako eta 2,8 milioi euro izendun laguntzetara. Gainerako 17,4 milioiak 2023an emango diren dirulaguntza berrien lehen ordainketak egiteko erabiliko dira.

eLankidetzak kudeatutako laguntza eta dirulaguntza gehienak arautzen dituen araubidean jasotako ordainketak hainbat urterako direnez, 2023ko ekitaldian ekimen berrietara 45,7 milioi euro bideratuko dira.

Halaber, Kontseilu Errektoreak erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez banatuko diren funtsen %7ra iritsi ahalko dela adostu zuen eta 2023ko laguntza eta dirulaguntzak emateko oinarrizko irizpideak onetsi zituen. Irizpide hauek izapide prozesuan balioztatzear daude.

Azkenik, 2023ko deialdien egutegiaren berri eman zen. Bertan agertzen diren datak behin-behinekoak dira eta ondorioz, aldaketak izan ditzake izapide prozesuaren arabera.

Kontseilu Errektorea eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren erabaki, administrazio eta kontroleko organo nagusia da.

Dokumentazio guztia www.elankidetza.euskadi.eus webguneko gardentasun atalean aurkitu daitezke.