Ertzaintzak kamioien eta autobusen ikuskapena indartuko du Euskadin

0

Otsailaren 13tik 19ra bitartean, besteak beste, gidatzeko eta atseden hartzeko denborak betetzen dituzten edo segurtasun-uhala erabiltzen den egiaztatuko dute

Ertzaintzak kamioien eta autobusen zaintza eta kontrola indartuko ditu otsailaren 13tik 19ra bitartean, Euskadiko errepide-sarean istripuei aurrea hartzeko. Kanpainaren helburua da erabilera publikoko errepideetan zirkulatzeko araudi bidez ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzea.

Alde batetik, gidatzeko eta atseden hartzeko denborak kontrolatuko dituzte, baimendutako gidatze-orduak gainditzen diren eta ezarritako atsedenaldiak egiten diren egiaztatzeko. Era berean, ibilgailuen takografoek behar bezala funtzionatzen duten eta erregistroak faltsutzeko eta polizia-kontrolak saihesteko manipulatu diren zainduko dute, manipulazio hori agiri ofiziala faltsutzearen delitutzat hartzen baita.

Kamioien kasuan, baimendutakoa baino zama handiagoa daramaten eta zama ongi lotuta dagoen ere egiaztatuko dute. Autobusen kasuan bidaiariek segurtasun-uhala jantzita duten zainduko dute.

Sonia Díaz de Corcuera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera: “Zero Biktima Ikuspenarekin istripuen tasa murrizteko lanean jarraitzen dugu, Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2021-2025 Plan Estrategikoan jasota dagoen bezala. Era honetako zaintza eta kontrol kanpainek horretan laguntzen dute, istripu larriak eragin ditzaketen arau-hausteei aurrea hartzen saiatzen diren neurrian”.

Kanpaina hau urte osoan arrisku-portaerak saihesteko gauzatuko diren Trafikoa eta Garraioa Zaintzeko eta Kontrolatzeko 45 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.