Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta UPV/EHUk hitzarmena izenpetu dute Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO katedra garatzeko eta mantentzeko

0

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) lankidetza-hitzarmena sinatu dute Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedra garatzeko eta mantentzeko, helburua izanik giza eskubideen arloko ezagutza eta formakuntza sustatzea eta Euskadiko segurtasun publikoaren esparruan aplikatzea.

Bi erakundeen xedea da esparru akademikotik sustatzea giza eskubideen kultura euskal gizartean eta parametro horiekin bat datozen jarduketak bultzatzea, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea aplikatzearen bitartez.

Lankidetza horri esker Akademian prestatutako profesionalen giza eskubideen arloko gaikuntza hobetuko da, bereziki indarra erabiltzeari eta horren mugei buruzkoa, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean eta dagokion jurisprudentzian ezarritako printzipioei dagokienez. Horretarako, bi aldeek Giza Eskubideen arloan eguneratutako edukiak diseinatuko eta prestatuko dituzte bai Akademiak berak antolatutako formakuntza-ekitaldi edo jardunaldietarako bai Euskal Poliziako agenteei zuzendutako eskala eta kategoria ezberdinetan sartzeko formakuntza-ikastaroetarako, espezializazio-ikastaroetarako edo gaurkotzeko, hobetzeko edo karrera profesionaleko ikastaroetarako.

Hitzarmenak urtebeteko indarraldia izango du, 2023ko abenduaren 31ra arte, beste lau urtez luzatu ahal izango da eta urtean 60.000 euroko gehieneko dirulaguntza izango du.