Zabalik Giza Eskubideen Zinemaldiko Gazte Epaimahaian parte hartzeko izen-ematea

0
PRUEBA

Giza Eskubideen 20. Zinemaldiko Gazte Epaimahaian parte hartzeko izen-ematea irekita dago. Epaimahaiak film laburrik onena aukeratuko du gai sozialak lantzen dituen nazioarteko lehiaketan. Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko kredituak lortzeko aukera ematen du. Izen-emate epea martxoaren 17ra arte zabalik da.

Gazte Epaimahaia 18 eta 30 urte arteko 150 bat gaztek osatuko dute. Apirilaren 21 eta 28 bitartean egingo den Giza Eskubideen Zinemaldiaren 20. edizioaren baitan Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari saria emateko ardura izango dute.

Gazte Epaimahaian kide izateko www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunean izena eman behar da. Epea martxoaren 17ra arte irekita dago. Behar izatekotan, zozketa egingo dugu martxoaren 20an.

Aurreko urteetan bezala, Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera emango du. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte. Gainera, epaimahaikide lana egingo duten gazteek Zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute.

Parte hartzen dutenek, derrigorrez, Antzoki Zaharrera joan beharko dute apirilaren 20an, film laburrak ikusteko saiora. Horretaz gain, Zinemaldian zehar, gutxienez, 19:30etako saioen %80ra joan beharko dute.

Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu.

Zabalik Giza Eskubideen 20. Zinemaldiko Gazte Epaimahaian eta eskola saioetan izena emateko epea

Gaurtik, otsailaren 13tik, aurrera ikastetxeek izena eman dezakete Zinemaldiak haur eta gazteei urtero eskaintzen dizkien proiekzioetarako. Aurten, Giza eskubideen inguruko hausnarketa lantzeko, ikastetxeei Yoko oporretan, Trash eta Gabi, 8 urtetik 13 urtera pelikulen eskaintza luzatzen da. Pelikulen gaia lantzeko gida didaktikoak ere banatuko dira. Aurten proiekzio presentziala berreskuratuko da eskainitako saio guztientzat. Hauek Antzoki Zaharrean izango dira, apirilaren 20tik 28ra goizeko 10:00etan.

Eskaintza doakoa da eta www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunearen bidez eman dezakete ikastetxeek izena martxoaren 15era.

Urtero bezala, Giza Eskubideen Zinemaldiak filmak lantzeko gida didaktikoak prestatu ditu. Proiekzioak ikusi aurretik eta ondoren haur eta gazteak giza eskubideen inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da helburua.

Filmeen gai nagusiak honako hauek izango dira: jolasteko eskubidea, birziklatzea, zaborren kudeaketa, ingurumena eta genero identitatea.

Filmak

Yoko oporretan (61 min) Euskaraz
Adina: 4-7 urte
Sinopsia: Udako oporrak iritsi dira, eta, elkar ezagutu zutenetik lehen aldiz, lau lagunak banandu egingo dira. Mai, Oto eta Vik bidaian doaz, bakoitza bere familiarekin, munduko hainbat lekutara. Yoko bakarrik geratuko da parkean Mirentxurekin. Zer egingo du Yoko gaixoak lagunik gabe? Eta hiru umeak izango al dira gai opor-lekuetan lagun berriak egiteko?

Trash (88 min) Euskaraz
Adina: 8-11 urte
Sinopsia: Kaxak, botilak, ontziak … bertan behera uzten ditugu kalean, dendetan edo zubi azpietan. Eta ez ditugu gehiagotan gogoratzen. Slim puskatutako kartoi kaxa bat da, eta azokan bizi da bere adiskide Bubbles kola-freskagarriarekin eta beste lagun batzuekin. Bizirauteko modu bakarra ezagutzen dute: dena xurgatzen duten garbiketa-makinei iskin egitea. Gau batean, ordea, Spark kutxa txiki bezain berezia azalduko da, eta Slimen bizimodua goitik behera aldatuko du. Abentura dibertigarrietan murgilduta, kutxatxoa Slimi zerbait gogorarazten saiatuko da: batentzat zaborra dena, beste batentzat altxorra izan daiteke.

Gabi, 8 urtetik 13 urtera (60 min) Euskaraz
Adina: 12 urtetik gora
Sinopsia: Gabik Gabi baino ez du izan nahi. Asmo erraza dirudi, baina ez da hain erraza. Gabi desberdin sentitzen da. 8 urte ditu, eta orain arte gauzak argi eta garbi esatea ez da inoiz arazo izan harentzat. Familia herri txiki batera bizitzera joaten denean, ordea, eta nerabezaroa azaltzean, gauzak aldatu egiten dira.

Erlazionatutako dokumentuak

2023/02/13-an argitaratua