Zumaiak bat egin du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileen artean sendagaien erabilera hobetzeko programarekin

0

Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazak, Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak eta Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteko presidente Miguel Angel Gastelurrutiak akordio bat sinatu dute gaur goizean Zumaiako Udaletxean. Horren bidez, Gipuzkoako udalerri horrek bat egin du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileen artean sendagaien erabilera hobetzeko programarekin.

Gipuzkoan, dagoeneko 39 udalerri dira programaren parte, eta 269 farmazia egiaztatu daude Lurraldean (guztien % 93,4).  Euskal Autonomia Erkidegoan, 148 udalerrik eta 437 farmaziak parte hartzen dute programan, eta 1.150 paziente ingururi laguntzen diete.

Azpimarratu beharra dago horrelako programak oso garrantzitsuak direla tratamendu farmakologikoen segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko, pazienteen eta haien senideen mesederako. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da kalkulatutakoaren arabera gaixotasun kronikoak dituzten adinekoen % 50-60k ez diotela tratamenduari behar bezala jarraitzen.

Hori dela eta, gaur Zumaiaren atxikimendua jaso duen programaren helburu nagusia da sendagaiak eskuratzeko aukera erraztea eta tratamendua behar bezala betetzen dela bermatzea. Gainera, farmaziek etxez etxeko laguntzailearekin eta/edo zaintzailearekin lankidetzan jardungo dute sendagaiak erosi, kontserbatu eta emateari lotutako alderdi guztietan.

Funtzionamendua

Udal bakoitzeko Gizarte Zerbitzuen zuzendaritzak aukeratzen du zer erabiltzailek parte hartuko duten, eta haiek baimena eman behar dute programan sartu aurretik.  Ondoren, erabiltzaile bakoitzak farmazia bat aukeratzen du, eta elkarrizketa bat egiten zaio, hartzen dituen sendagaiei eta dituen osasun-arazoei buruzko informazio guztia bilduko duen fitxa bat egiteko. Hamabost egunean edo astean behin, farmazialariak sendagaiak dosi pertsonalizatuetan prestatzen eta ematen ditu.

Programak dosifikazio-sistema pertsonalizatuak erabiltzen ditu tresna gisa, eta, bertan, pazienteak eguneko hainbat unetan hartu behar dituen konprimatuak eta dosia behar bezala hartzeko beharrezkoa den informazioa eskaintzen da.

148 udalerri eta 733 farmazia egiaztatu EAEn

Gipuzkoan, Zumaiak bat egin ondoren, dagoeneko 39 udalerri eta 269 farmazia egiaztatu (guztien % 93,4) daude programaren barruan. Farmazia horietatik, 154k 405 gipuzkoarrentzako sendagaiak prestatzen dituzte. Gipuzkoako lurraldean, programa horren 2023rako aurrekontua 160.000 € da.

Euskal Autonomia Erkidegoan, dagoeneko 148 udalerri dira programa horren parte, eta 733 farmazia daude egiaztatuta. Haietatik, 437k pazienteak dituzte. Gaur egun, etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren 1.150 erabiltzaile baino gehiagok baliatzen dute sendagaien erabilera hobetzeko programa, 2023rako 445.000 €-ko guztizko aurrekontua izango duena.//