Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak Zuzenbidean lizentziatutako 40 pertsonari bekak emango dizkie

0

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bekak emango dizkie Zuzenbidean lizentziatutako 40 pertsonari, karrera judizial eta fiskalerako oposizioak, eta Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegorako oposizioak presta ditzaten.

Laguntzen esleipena —guztira 264.000 euro— hautaketa-prozesu baten ondoren egin da. Prozesu horretan 52 pertsonak hartu dute parte, eta Hautaketa Batzordeak horietatik hamabi baztertu ditu interesdunak atzera egin duelako edo deialdian aurreikusitako baldintzaren bat betetzen ez zutelako, hala nola egoera ekonomikoa, espediente akademikoa eta euskararen ezagutza, besteak beste.

Batzordea Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko, Fiskaltzako, Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko ordezkariek osatzen dute: Euren zeregina laguntzak ematea eztabaidatzea eta proposatzea da, laguntzak arautzen dituen agindua aplikatuz.

Bekek urtebeteko iraupena dute eta urtean 6.600 euro emango dira —hilean 550 euro—. Onuradunek tutore profesional bat izan beharko dute. Tutore horrek, onuradunei prestatzen laguntzeaz gain, haien bilakaerari buruzko txosten bat egin beharko du hiru hilean behin.

Laguntza-programa honen bidez, Eusko Jaurlaritzak Zuzenbidean lizentziadunen motibazioa sustatu nahi du, beren helburu profesionalak lan-esparru horietara bidera ditzaten. Horrela, Justizia Administrazioari giza baliabide egonkorrak emango zaizkio, eta, era horretan, efizientzia eta kalitate handiagoa lortzen lagunduko da.

Bi hamarkada

Karrera judizial eta fiskalerako oposizioak prestatzeko laguntza-programa jarri zen abian jada bi hamarkada luze.

Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioko zuzendari Jon Uriarte pozik agertu da urte hauetan lortutako emaitzekin; izan ere, “karrera judizialera sartzea, egonkortasuna eta belaunaldien arteko erreleboa bultzatu ditu EAEko Justizia Administrazioan, eta hori berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioei jarraiki egin du”.

Aukeratutako 40 hautagaietatik 35 emakumeak eta 5 gizonak dira; 21 Bizkaikoak dira, 13 Gipuzkoakoak eta 6 Arabakoak.