Bizkaiko Foru Aldundiak, UPV/EHUk eta Bilboko Udalak abian jarri dute Bilbao Bizkaia Open Data Ikasgela

0

Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Bilboko Udalak Bilbao Bizkaia Open Data Ikasgela jarriko dute abian, hurrengo bi ikasturteetan zehar hedatuko den ekimena. Ekimen honen xedea Bizkaiko bi erakundeen datu irekien erabilera garatzea da biek ematen dituzten zerbitzu publikoak hobetuko dituzten unibertsitate-proiektuetan, eta baita gizarte-arazoak konpontzen lagunduko duen ezagutza berria sortzea ere.

Ildo horretatik ikasleei, unibertsitateko irakasleei eta ikertzaileei zuzenduta dagoen Bilbao Bizkaia Open Data Ikasgelak ekimen eta ezagutza berriak sortzea bultzatuko du gizarteak informazio publikoa modu eraginkorrean berriz erabiltzen laguntzeko. Horrela, ikasgela honetan, foru- eta udal-zerbitzuak hobetuko dituzten datu irekien berrerabilpenean oinarritutako proiektuak garatzeaz gain, datuen bistaratzeak sortuko dira unibertsitate-komunitateak informazio irekia tratatzeko proposatutako ekimenetatik abiatuta, betiere herritarren ongizatea hobetzeko helburuarekin. Ikasgelaren beste lan-esparru bat unibertsitate-komunitatearen trebetasun digitalak hobetzen lagunduko duten prestakuntza-ekimenak abian jartzea izango da.

Bilbao Bizkaia Open Data Ikasgela proiektua 2022ko irailean hasi zen, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaile, irakasle eta ikasleek osatutako lantalde bat eratuz, eta gune propioa izango du unibertsitate eskola horrek San Mamesen duen egoitzan. Gune hori Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak emandako dirulaguntza bati esker egokituko da, eta bi erakunde hauek, aldi berean, ikasgelaren kudeaketa-gastuak finantzatzen lagunduko dute.

Bilbao Bizkaia Open Data Ikasgelaren funtzionamendua Bilboko Ingeniaritza Eskolan dagoeneko martxan dauden hamabi Enpresa-Gelen antzekoa izango da. Enpresa-gela hauek I+G+b jarduerak sustatzeko enpresek eta erakundeek sortu eta finantzatutako ikasgela-laborategiak dira Eskolaren barruan. Ildo horretatik Bilboko Ingeniaritza Eskolako sailen eta enpresa-sarearen arteko lankidetzarako tresna eraginkorra dira, bai ikerketarekin, garapen teknologikoarekin eta berrikuntzarekin lotutako jardueretan, bai etorkizuneko ingeniarien prestakuntzarekin lotutako guztietan, baita enpresetako langileen birziklatzearekin eta etengabeko prestakuntzarekin lotutako jardueretan ere. Hamabi gela horiez gain Euskal Herriko Unibertsitateak beste hogei gela gehiago ditu beste fakultate eta eskola batzuetan.