Eusko Jaurlaritzak 7 milioi euro bideratu ditu ikastetxe publikoetan jolastoki inklusiboak sortzeko

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan. Berarekin batera, Nerea Melgosa Vega Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu berria izan da, gaur goizean hartu du kargua. Melgosak aukera baliatu du bere agintaldian ezarri dituen helburuen berri emateko.

Bere aldetik, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman du 7 milioi euroko dirulaguntza ematea onartu duela gaurkoan Gobernuak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako aisialdi-eremuetan obrak edo erreformak egiteko, ikastetxe horietan patio inklusiboak sor daitezen sustatzeko. Sailburuak azaldu duenez, jolastoki inklusibo kontzeptuak jolaserako espazioak eta uneak sortzeari egiten dio erreferentzia, non haur guztiek beren intereseko jolas-jarduerak egingo dituzten ikuspegi inklusibo eta hezkidetzailetik begiratuta. Deialdi hau Euskal Hezkuntza Sistemarako II. Hezkidetza Planaren ildotik garatzen da eta bertan, jolaserako gune horiek birpentsatzea proposatzen da, azken batean, patio inklusiboak hezkidetza eta harreman parekideagoak errazteko pentsatuak daudelako.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak Quebecekin lankidetza teknikoko proiektuetarako laguntzen deialdi bat onartu du. Proiektu horiek aldebiko harremanak areagotzea eta Euskadirentzat estrategikoak diren kanpoko eskualdeekin aliantza eta lankidetza berriak ezartzea dute helburu. Diruz lagun daitezkeen proiektu horiek arlo hauekin dute zerikusia: Kultura, Hizkuntza Politika, Ekonomia, Ingurumena eta Ikerketa eta Garapen Ekonomikoa.

Bestalde, 2023. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osoan bere zeregina betetzen duten langileentzat ordainsari igoera onartu du gaurko Kontseiluak. Iaz indarrean izan diren soldaten aldean %2,5eko igoera orokorra baimendu da aurtengo urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin  eta igoera hau funtzionarioentzat zein lan-kontratuko langileentzat izango da, baita Lehendakariarentzat, sailburuentzat, goi-karguentzat eta antzekoentzat ere. Igoera hau gauzatzeko aurreikusten den zenbatekoa 103.000.000 eurokoa da .

Gainera, Gobernuak Eako Udalarekin hitzarmen bat sinatzea baimendu du alokairu-erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzen sustapen bat garatzeko, gehien bat udalerri horretan erroldatutako pertsonentzat pentsatuak. Akordio honi esker, Udalak Eusko Jaurlaritzari ia 1.700 metro koadroko lurzorua doan lagatuko dio eta bertan Etxebizitza Sailak 16 etxe berri inguru eraikiko eta kudeatuko ditu.

Eta azkenik, Gobernu Kontseiluak Arte Plastiko eta Ikusizkoen eremuan jarduerak sustatzeko eta garatzeko 2023ko ekitaldiko dirulaguntzen deialdia onartu du. 480.000 euro bideratuko dira, aurreko urtean baino 16.000 euro gehiago.