Jaurlaritzak euskal eragileen eta Quebec-en arteko lankidetza-proiektuak babestuko ditu

0
Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio gaur Quebec-ekiko lankidetza teknikoko proiektuetarako laguntzen deialdiari.

2023-2024rako laguntzek 50.000 euro hartzen dituzte guztira, eta 2019an onartutako dekretu baten barruan daude. Dekretu horren helburua da aldebiko harremanak areagotzea eta aliantza eta lankidetza berriak ezartzea Euskadirako estrategikotzat jotzen diren kanpoko beste eskualde batzuekin, hala nola Quebec-ekin, zeinarekin Euskadik Elkar Ulertzeko Memorandum bat sinatu baitu 2017tik.

Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan helbidea duten pertsona juridiko pribatuei zuzenduta daude dirulaguntzak, baldin eta alde biko jarduera- edo lankidetza-proiektu bat aurkezten badute eta Quebeceko bazkide baten partaidetza badute. Proiektu bakoitzeko laguntza 5.000 €-koa izango da gehienez.

Zehazki, diruz lagundu daitezkeen alde biko lankidetza-proiektuen gaiak hauek izango dira:

    • Kultura: jakintza eta esperientzia trukeak kultura arloan; bereziki, hauetan: ondarea, artisten mugikortasuna, artisten, sortzaileen edo kultura-industrien arteko truke profesionalak, eta lanen, ondare-ondasunen eta kultura-produktuen hedapena.

 

    • Hizkuntza-politika: adituen eta ikertzaileen arteko trukeak, bakoitzari dagokion hizkuntzaren garapen eta sustapenaren eremuan, baita arlo horretako informazioaren eta jardunbide onen trukeak ere.

 

    • Ekonomia: Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Quebecen arteko informazio-trukeak, negozioa egiteko eta inbertitzeko aukerei buruz. Nork bere itsas ekonomiari dagokionez, hazkunde jasangarriko esperientziak trukatzea.

 

    • Ingurumena: informazioaren eta jardunbide onen trukea, klima-aldaketaren kontrako borrokari eta ingurumenaren babesari buruz.

 

    • Ikerketa, teknologia-garapena eta berrikuntza: informazioaren eta esperientzien trukeak, baita nazioarteko partzuergoetan elkarrekin jardutea sustatzea ere.

 

Quebec-ekin batera, Jaurlaritzak 40.000 euroko dirulaguntzen deialdi bateratua onartu zuen iazko amaieran, Galesekin, Flandriarekin eta Korsikarekin lankidetza-proiektuak bultzatzeko. Proiektu horiekin Euskadik Elkar Ulertzeko Memorandum bat (Galesekin eta Korsikarekin) eta Asmoen Adierazpen bat (Flandriarekin) sinatu ditu.

Bazkide Estrategikoen Sarea

Orain arte, Eusko Jaurlaritzak ondorengo eskualde hauekin sinatu ditu akordioak eta memorandumak: Jiangsu (Txina), Bavaria (Alemania), Flandria (Belgika), Queretaro (Mexiko), Cundinamarca (Kolonbia), Quebec (Kanada), Gales (Erresuma Batua), Akitania Berria (Frantzia) eta Korsika (Frantzia).

Atzerrian Euskadiren interesen zati handi bat biltzen duten eta lehentasunezko arreta jasotzen ari diren lurraldeak dira —Euskadi nazioartekotzeko, esparru geografiko estrategikotzat jotzen dira eskualde horiek—.