Donostiak Mugiment Kirol Txartelarekin egin du bat

0

Donostiak Mugiment Kirol Txartelarekin egin du bat Eneko Goia alkateak eta Gorka Iturriaga Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak gaur iragarri dutenez. Mugiment Kirol Txartelaren helburua bikoitza da: batetik, baliabide publikoen kudeaketa hobetzea eta, bestetik, herritarrei kirol eskaintza handiagoa eskaintzea. Hasiera baten Donostiako bi kirol instalaziok ( J.A.Gasca Kiroldegia eta Etxadi Kiroldegia) egin dute bat Mugiment Kirol Txartelarekin baina aurrerantzean instalazio eta ekipamendu gehiago gehitu ahal izango direla aurreikusten da. Donostiak Mugiment Kirol Txartelarekin bat eginda EAEko hiru hiriburuak daude dagoeneko kirol txartelera atxikita.

Txartel birtual honen bidez, ia 45.000 donostiar sartu ahal izango dira atxikitako beste 83 udalerritako kirol-instalazioetara. Horrek ez du inolako kosturik erabiltzaileentzat, sarrerarik ordaindu gabe sartu ahal izango dira instalazioetara eta bertako ikastaroetan parte hartu, edo kantxak, pistak edo zelaiak erreserbatu. Horretarako abonatutako pertsonen tarifa berberak izango dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriagak adierazi duenez, Mugiment kirol txartelak helburu bikoitza du “batetik, baliabide publikoen kudeaketa hobetzea eta bestetik, herritarrei kirol eskaintza handiagoa ematea”. Horretarako udalen laguntza eta elkarlana ezinbestekoa dela nabarmendu du: “udalak erabakigarriak dira gure herritarren kirol jarduera sustatzeko politiketan. Beraien laguntza eta lankidetza beraz, ezinbestekoa da herritarrei kirol eskaintza zabala, anitza eta kalitatezkoa eskaintzerakoan”.

Donostiako alkate Eneko Goiak nabarmendu duenez, “sistema berri honi esker kirol arloan zerbitzu hobea eskaintzea lortu dugu, beste sektore batzuekin egin dugun bezala, hala nola garraioaren sektorearekin, donostiarrei lurralde osoko baliabideetarako sarbidea erraztuz”. Goiak azpimarratu du hori guztia modu birtualean egin ahal izateak dakarren abantaila, zerbitzu hori eskuratu ahal izateko prozesua arintzen bait du.

 

158.000 erabilera

Donostia Mugiment Kirol Txartelera atxikita guztira 83 udalerri dira Mugiment Kirol Txartelarekin bat egiten dutena. Gaur egun 44.034 erabiltzaile daude Mugiment Kirol Txartelean erregistratuta eta guztira 143 kirol instalazio eta 1.142 jardueraz gozatzeko aukera dute. Ekimenari atxikitako herri bakoitzak bere zerbitzu eta ordutegi eskaintza ezarri du Mugiment Kirol Txartela dutenentzat. Kiroldegi bakoitzean kontsulta daiteke.

Kirol txartel birtual hau 2017. urtean jarri zen martxan eta ordutik 158.000 erabilera baino gehiago izan ditu. Iaz 60.000 erabilera izan zituen. Erregistratutako erabileratzat hartzen da beraiena ez den udalerri batetik proiektuari atxikitako beste udal-kirol-instalazioetako batera kirola egitera joaten den erabiltzaile-kopurua.

Mugiment Kirol Txartelaren zerbitzuez baliatzeko baldintza bakarra da atxikitako herrietako udal kirol zerbitzuetan abonatua izatea. Doakoa eta birtuala denez, Interneteko konexioa duen gailu mugikor bat baino ez da behar Mugiment Kirol Txartelaren aplikazioa deskargatzeko. Google Play-n eta App Store-n dago eskuragarri. Deskargatu eta instalatu ondoren, erregistratu egin behar da eta datu pertsonalak, helbide elektronikoa eta NANa eman behar dira, zein kirol entitateri ordaindu edo abonatu zaion adieraziz.

Dagokion entitateko kide dela egiaztatu ondoren, jakinarazpen bat jasoko da eta Mugiment Kirol Txartela erabiltzen hasi ahal izango da. Erabilera edo sarbide bakoitzean, erabiltzaileak txartel digitala erakutsi beharko du gailu mugikorrean, NANarekin batera, eta kirol-instalazioaren arduradunak egiaztapen-kode bat jarriko du erabiltzailearen gailuan, eta instalazioan sartzeko aukera emango zaio.