Euskal zinemak 2022 urteari amaiera bikaina eman nahi dio Goya Sarietan

0

Goya 2023 galak euskal presentzia oparoa izango du berriro ere, Euskadiko ikus-entzunezkoen industriak eta bertako profesionalek azken urteotan bizi duten une handiaren isla. Larunbat honetan aukera ugari izango dira garaikurrak lortzeko, besteak beste, Alauda Ruiz de Azua bizkaitarraren ‘Cinco lobitos’ izeneko opera primaren hamaika izendapenak kontutan hartuta. Paul Urkijo gasteiztarraren ‘Irati’ filmak ere aukerak ditu, bost izendapenekin, eta horiei Mikel Gurrea donostiarraren ‘Suro’ filmaren bi izendapenak gehitu behar zaizkie. Baina kategoria ezberdinetako izendapenak askoz gehiago dira, interpretaziotik animaziora, eta honek euskal zinemaren indarra erakusten du. Nabarmentzekoa da 28 kategoria daudela eta horietatik 21etan gutxienez euskal hautagaitza bat dagoela; bostetan bina hautagai daudela; eta beste batean, hiru.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez “2022.a urte garrantzitsua izan zen euskal zinemagintzarentzat. Horren lehenengo zantzuak Donostiako Zinemaldian ikusi genituen. Bertan sail ia guztietan hainbat euskal zine produkzio ikusi genituen. Beste jaialdi batzuetan ere ikusi ditugu euskal produkzioak. Urte oparoa izan da”. Zupiria sailburuak gaineratu duenez “asteburu honetan Sevillan, Goya sarietan, 2022ak gure zinearentzat izan duen garrantzi hori gauzatuta ikusiko da sari desberdinetan. Hori da behintzat daukagun esperantza. Goya sarietan atal eta sekzio desberdinetan daude euskal ordezkariak eta  zorterik hoberena opa diegu”.

Oraindik sariak zein eskutan eroriko diren ez badakigu ere, hain izendapen kopuru altua izateak berretsi egiten du azken urteetan sortutako ‘Loreak’, ‘Handia’, ‘El Hoyo’, ‘Akelarre’, ‘La trinchera infinita’ edota ‘Maixabel’ bezalako euskal film handien kalitate maila altuari jarraipena ematen ari zaiola.

‘Cinco lobitos’, aukera nagusia

Zehazki, gure zinemaren aukera handienetako bat ‘Cinco lobitos’ izango da, guztira 11 hautagaitza biltzen baititu filmak. Gainera, nabarmendu behar da sari entzutetsuenetako batzuk eskuratzeko aukera duela, hala nola Film Onenaren saria. Ruiz de Azúak berak Zuzendari Berri Onenaren eta Gidoi Egokitu Onenaren sariak lortu ditzake. Akademiak filmeko lau aktoreek egindako interpretazio-lan bikaina ere saritu nahi izan du. Ramón Barea bilbotar aktore ospetsua lehen aldiz izendatu dute eta Bigarren Mailako Gizonezko Aktore Onenaren Saria eskuratzeko borrokatuko du. Laia Costak, berriz, Emakumezko Aktore Protagonista Onenaren Saria jasotzeko aukera izango du; Mikel Bustamantek, Gizonezko Aktore Berri Onenarena, eta Susi Sanchezek, berriz, Bigarren Mailako Emakumezko Aktore Onenarena. Gainera, alderdi teknikoei dagokienez, Ekoizpen Zuzendaritza Onenaren (María José Díez), Muntai Onenaren (Andrés Gil), Soinu Onenaren (Asier González, Eva de la Fuente eta Roberto Fernández) eta Argazki Zuzendaritza Onenaren (Juan D. Domínguez) sarietarako hautagaitzak ere jaso ditu filmak.

Bestalde, Paul Urkijoren bigarren filmak, ‘Irati’ lanak, bost Goya eskuratu ditzake: Jatorrizko Abesti Onena (Aránzazu Calleja, Maite Arroitajauregi eta Paul Urkijo), Jatorrizko Musika Onena (Aránzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi), Jantzi-diseinu Onena (Nerea Torrijos), Efektu Berezi Onenak (Jon Serrano eta David Heras) eta Gidoi Egokitu Onena (Paul Urkijo).

Era berean, beste debutari batek, Mikel Gurrea zuzendariak, bi izendapen lortu ditu ‘Suro’ opera primarekin. Zinegile donostiarra, Alauda Ruiz de Azúa bezala, Zuzendari Berri Onenaren sarirako hautatu dute, eta, gainera, Vicky Luengo ere Emakumezko Aktore Protagonista Onenaren sailean nabarmendu dute.

Aipamen berezia merezi du euskal animazioak, Animaziozko Film Onenaren bost izendapenetatik hiru jaso baititu Alberto Vazquezen ‘Unicorn Wars’, Fermin Muguruzaren ‘Black Is Beltza II: Ainhoa’ eta Nuno Beatoren ‘Los demonios de barro’ filmekin. Halaber, ‘Unicorn Wars’ pelikulak Jatorrizko Abesti Onenaren saria ere eskuratu dezake Joseba Beristainen hautagaitzari esker.

Interpretazioaren atalean, Telmo Irureta gipuzkoarra Gizonezko Aktore Berri Onenaren sarietarako hautagai da, eta Valeria Sorolla ere Emakumezko Aktore Berri Onenaren sarirako izendatu dute Fernando Francoren ‘La consagración de la primavera’ filmean egindako lanagatik. Bestalde, Fernando Velázquez musikagilea Jatorrizko Musika Onenaren sarirako lehiatuko da, ‘Los renglones torcidos de Dios’ lanagatik. Gogoan izan behar da musikari getxotarrak 2017an sari hori eskuratu zuela, ‘Un monstruo viene a verme’ filmarekin.

Film laburretan ere

Kinieletan hiru euskal film labur ere oso ondo kokatuta daude saria lortzeko. Batetik, Estíbaliz Urresola Solagurenen ‘Cuerdas’ Fikziozko Film Labur Onenaren sarirako hautagaia da. Sevillara iritsiko da, besteak beste, Cannesko Kritikaren Asteko Rails d’Or saria eta Forqué saria lortu ondoren. Bestalde, euskal animazioa ere egongo da film laburren artean, Pablo Polledriren ‘Loop’ lanak Animazioko Film Labur Onenaren sarirako jaso duen izendapenarekin. Estatuko film laburrik sarituena da, eta 125 aintzatespen baino gehiago jaso ditu, bai Estatu mailan bai nazioartean. Azkenik, Film Labur Dokumental Onenaren Goya eskuratzeko hautagaien artean ‘Maldita. A love song to Sarajevo’ dago. Amaia Remirez eta Raúl de la Fuente zuzendarien lanak Fugaz 2022 Saria jaso zuen kategoria berean.

Ibilbide aparta

Izendatutako filmeek 2022an ibilbide aparta izan dute. Hainbat zinemaldi eta sari banaketatan saritu dituzte gure ikus-entzunezko sektoreak eta profesionalek duten maila oparoa berretsiz.

Euskal ikus-entzunezkoen sektoreak bizi duen une ona Donostiako Zinemaldia estatuko laugarren kultur ekimen nagusia izatean ere islatzen da. Espainiako Estatuko kulturaren egoerari buruz Fundación Contemporánearen Kulturaren Behatokiak egindako ikerketak Zinemaldia Euskadiko “kultura-intsignia” gisa ere aitortzen du, hau da, gure profesionalen arabera proposamenik nabarmenena.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ustez, “Zinemaldia bera 2022an kulturalki erakunde nabarmena izateak ere argi eta garbi adierazten du euskal zinemaren garrantzia”.

EITBk Goya sarietarako izendatutako ikus-entzunezko produkzioei emandako babesa ere aipagarria da. ‘Cinco Lobitos’, ‘Irati’, ‘Suro’, ‘Unicorn Wars’, ‘Black is beltza’, ‘La Consagración de la Primavera’ eta ‘Cuerdas’ filmek EITBren parte hartzea dute. EITBren helburua edukien berezko ekoizpena, barnekoa, elkartua edo mistoa, bultzatzea da ikus-entzunezkoen industriari bultzada  ekonomikoa eta sortzailea emateko.