Garraio Saila udaberrian hasiko da Altza eta Galtzaraborda arteko lineako tunela hondeatzen

0

Iñaki Arriola Sailburuak eta Izaskun Gómez Pasaiako alkateak, herri horri lurpeko geltoki berri bat emango dioten lanak epe barruan egin direla egiaztatu dute Antxon

 

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak, gaur Pasaian ziurtatu duenez, udaberrian hasiko dira egungo bidezubiaren ordez Pasaiara lurpeko geltoki berri bat ekarriko duen Altza eta Galtzaraborda arteko trenbide-saihesbidearen lineako tunelaren hondeaketa-lanak.

“Seguruenik maiatzean hasiko gara etorkizunean Topoak zirkulatuko duen tunela hondeatzeko lanekin. Izan ere, dagoeneko 150 metro zulatu ditugu Sasuategiko ahotik lineako tunelari eraso egiteko galerian, eta, beraz, 180 metro falta zaizkigu lotunera iristeko. Puntu horretatik tunela Pasaia aldera zulatzen jarraituko dugu”, zehaztu du Arriolak.

Garraio sailburuak eta Izaskun Gomez Pasaiako alkateak, gaur goizean bertatik bertara egiaztatu dute Antxo barrutia eraldatuko duen obra aurreikusitako epeen arabera ari dela gauzatzen: “Udala eta Jaurlaritza elkarlanean ari gara bidezubia desagerraraziz gure mugikortasuna hobetuko duen eta Antxoko fisionomia aldatuko duen proiektuan. Orain eragozpenak pairatzea dagokigu, eta horiek murrizteko ere elkarrekin ari gara lanean, baina helburuak merezi du”, nabarmendu du alkateak.

Arriola eta Gomez Euskal Trenbide Sareak Antxo barrutian, Gure Zumardian eta Sasuategin, elkarrengandik 300 bat metrotara, instalatu dituen obra-esparruetatik ibili dira. Jardueraren parte nagusia puntu horretan zentratzen da, nahiz eta saihesbidearen ekialdeko muturrean, Galtzarabordan, ere lantalde teknikoak lanean ari diren lurra prestatzen, tunela fronte horretatik hondeatzeko.

Altza eta Galtzaraborda arteko bi kilometroko tartea eraikita, 2016ko irailean Topoa Herreratik Altzara eraman zuen trenbide bikoitzeko saihesbidea osatuko da. Martxan jartzearekin batera, Topoak 7,5 minutuz behingo maiztasunak eskaini ahal izango dizkie Pasaiako eta Galtzarabordako erabiltzaileei. Obra zibilerako esleitutako aurrekontua 64,1 milioi eurokoa da.

Geltoki berria Pasaiarako

Proiektuak Pasai Antxoko erdigunean lurpeko geltoki berri baten eraikuntza ere jasotzen du. Terminala Gure Zumardia kalearen ondoko plaza azpian egongo da. Sarbidea Eskalantegi kalean egongo da, eta igogailua plazan bertan, elizaren ondoan. Larrialdiko irteera Hamarretxea kalearen inguruan egongo da. Alboko nasak izango ditu, baina horien eskailerak atari bakarrera iritsiko dira, eta bertatik helduko da kalera.

Bi nasak ere igogailu baten bidez egongo dira atariarekin konektatuta. Pasaiako geltokitik igarotzean, Molinao errekak eta inguruko eraikinek baldintzatzen dute linearen trazadura. Sarbideen kokapena eta larrialdiko aireztapenak ere baldintzatu dituzte.

Obraren egoera

2022ko udaz geroztik ari dira egiten Pasaiako lurpeko geltokiaren egitura osatuko duten pantaila-hormak. Lan horiek hiri-bilbearen gaineko eraginekin bateragarriak dira, eta oso fase desberdinetan daude. Hamarretxeta kalea desbideratu egin zen, eta datozen hilabeteetan itzuliko da jatorrizko posiziora. Horri esker, eremu horretako pantailak amaitu ahal izango dira.

Bestalde, duela gutxi hasi dira Molinao erreka desbideratzeko lanak. Erreka desbideratu ondoren, Gelasio Aramburu kalean eragina jasango duten zerbitzuak desbideratuko dira, eta egungo erreka beteko da, inguruko pantailak egiteko. Ondoren, erreka jatorrizko lekura itzuliko da eta, lauza amaitu ondoren, Ibaiondo inguruko pantailak amaituko dira.

Pasaiako geltoki osoa goiko lauza egin ondoren hondeatuko da, hau da, haren azpitik, eta, horrela, murriztu egingo da hiri-bilbearen gaineko eragina.

Lineako tunelari dagokionez, Sasuategiko ahotik erasoko galeriaren 150 metro zulatu dira, eta, beraz, 180 metro falta dira lotunera iristeko. Puntu horretatik aurrera, Pasaiarako noranzkoan hondeaketa lanak egiten jarraituko da. Prozesu horretan, gaueko ordutegian lan egiteko aukera emango duten antxuroiak egingo dira, lurrak tunel barruan pilatuko liratekeelako.

Bien bitartean, proiektuan deskribatutako mikropilote ainguratuen pantailak egiten ari dira Galtzarabordan, tunelaren erasoko kotaraino jaisteko. Lineako tunelaren hondeaketa datorren udan hastea aurreikusi da. Era berean, Galtzarabordako geltokiaren zati bat estali eta Parke kalea kiroldegiarekin lotzeko aukera emango duten hormak zimendatzeko lanak hasi berri dira.