Lehendakariak Ertzaintzako trafiko-unitateak zoriondu ditu Euskadiko errepideetako zaintza- eta segurtasun-lanen ardura hartu zutenetik 40 urte bete direnean

0

Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, eta Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua lagun duela, egin da gaur goizean Ertzaintzaren Iurretako egoitzan, Ertzaintzako trafiko-unitateen 40. urteurreneko ekitaldia. Ekitaldian Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria eta Josu Bujanda Ertzaintzaren burua ere izan dira, bai eta Ertzaintzako beste hainbat agintari, trafiko-unitateko agenteak eta Eusko Legebiltzarreko, EAEANko, Fiskaltzako, Nafarroako Foruzaingoko, Esquadra Mossoetako eta beste hainbat organismotako gonbidatuak ere.

Maricruz Hierro eta Javier Ibarluzea Bizkaiko Trafiko Unitateko agenteek bideratu duten ekitaldian une bereziak bizi izan dira, esate baterako, lehenengo promoziokoak diren eta jada erretiroa hartuta dauden Txema Sanz eta Santi Nuñez agenteek oraindik jardunean ari diren eta haiekin agente-lanbidearekiko maitasuna eta ardura partekatzen duten, eta transmititu ere egiten duten, Joseba Otero, Carmen Ruíz, Carlos Gómez eta Laura Fontaneda agenteekin izan duten elkarrizketa, anekdotaz josia. Eta elkarrizketa motz geratu denez, Ertzaintzako trafiko-unitate ezberdinetako agenteen, erretiratuta daudenen eta jardunean daudenen, lekukotasun pertsonalekin grabatutako erreportaje bat proiektatu da eta banatu zaie bertaratuei (hemen eskuragarri). Erreportaje horretan erakusten da, alde humano batetik, euskal herritarrak zerbitzatzeko eta babesteko horien garra eta ardura.

Ekitaldiko beste une aipagarri bat Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak Jose Antonio Fagunderi oroigarria eman dionekoa izan da. 1983ko otsailean trafiko-arloan hasi zen eta, une hauetan, 40 urte geroago, aktibo jarraitzen duen agente bakarra da. Ertzaintzako trafikoko unitate guztien izenean jaso du oroigarria.

Bestalde, ekitaldi honetan omenaldi hunkigarria egin zaie hiru trafiko-unitateetan zerbitzuan hildako ertzainei, bai eta ETAren atentatuetan hildakoei ere. Errepideetan egiten duten eguneroko lanaren zailtasunen eta arriskuaren ondorioz, Ertzaintzako trafiko-unitateak zerbitzuan biktima gehien izan dituztenetako batzuk dira, guztira 7 ertzain hil baitira lanean ari zirenean eta beste asko zauritu dira. Berez, trafikoko egungo uniformea 2008an estreinatu zuten, intentsitate handiko gorri fosforeszentearekin, agenteen ikusgaitasun handiko jantzien ezaugarri nagusia izanik.

40 urteko ibilbidea

Gaurko egunez, 1983ko otsailaren 14an, hasi zuten ibilbidea Ertzaintzako trafiko-unitateek Euskadin. Unitate horietako agenteak lehenengo promozioko batzuk ziren. Lehenengo promozio horretako hainbat agente erakunde autonomiko nagusien segurtasun-lanetan hasi ziren 1982ko urrian, eta 1982ko lehenengo promozio horretako bigarren agente talde batek, 340 ertzainek, trafikoaren eta garraioaren arloan prestatzen jarraitu zuten, handik laster Euskadiko hiru lurralde historikoetako trafiko-unitateak osatzeko. Bizkaian 140 agente hedatu zituzten, 110 Gipuzkoan eta 90 Araban.

Ertzaintzako lehenengo trafiko-patruilak lehenengo ibilgailuetan irten ziren kalera: Renault 18, modelo familiarra; Sanglas 400 motozikletak, handik laster BMW R65ek ordezkatu zituztenak; Mercedes MB130 furgonetak, atestatuetarako; eta Talbot automobila, abiadura kontrolatzeko radar-lanetarako.

Garai hartan lurralde bakoitzean planifikatzen ziren trafikoko patruilak, egungo azpiegiturekin zerikusirik ez zuen eta errei bakarreko errepide nagusietan (N-1, N-634 eta N-240) eta bigarren mailako eta tokiko beste errepide batzuetan oinarritzen zen errepide-sarean. AP-8 autobidearen kontrolaz eta zaintzaz, lehenengo urte haietan, Bizkaiko Trafiko Unitatea arduratu zen. Durangon zuen destakamentua arduratzen den gorabeherez Irun-Behobiako 0 kilometrora arte. Lehenengo urte horietan, bidegurutzeak arautzea trafikoko eguneroko zeregina zen; ez zegoen biribilgunerik, eta ohikoa zen bidegurutzeak semaforoen bidez edo patruilen bidez arautzea.

Hain zuzen ere urte horretan, 1983aren amaieran, sartu zen emakumea Ertzaintzan. Bigarren promozioan sartu ziren; izan ere, lehenengoan ezin izan ziren sartu soldadutza egitea eskatzen zenez. Era horretara, lehenengo emakume ertzainak hiru unitateetan sartu ziren, une hartan Ertzaintzako “Trafikoko Unitate Bereziak” deitzen zirenetan.

Hiru lurralde-unitate

Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitatearen lehenengo egoitza Bilboko Sabino Arana Etorbideko lonja batean ezarri zen, eta handik gero María Díaz de Haro kalera eraman zuten eta hainbat urtetan egon zen bertan. Gaur egun, Bizkaiko trafikoko baliabideak Ertzaintzaren Erandioko Polizia Zentroko instalazioetan daude.

Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitatearen lehenengo instalazioak Donostiako Tolosa Etorbideko kotxetegi batzuetan egon ziren, nahiz eta bulegoak eta aldagelak Foru Aldundiaren eraikinean egon. Jarraian, Gipuzkoako Trafikoko Unitatea Gipuzkoako hiriburuko Intxaurrondo auzora eraman zuten, eta Hernaniko Ertzain-etxetik igaro ondoren, Ertzaintzak Oiartzunen dituen instalazioetan kokatu zen behin betiko. Unitate horrek azpiegoitza bat izan zuen lehenengo Bergaran eta gero Zumarragan, eta azken hori une hauetan oraindik operatibo dago.

Arabako Trafikoko Lurralde Unitatea hasieratik egon da Iradier eraikinean, Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren instalazioen ondoan.

Trafiko-istripuen lehenengo atestatuak Bedian eta Zarautzen

Ertzaintzako 1983ko trafikoko unitate berriak euren lanari zegozkion eskumen eta ardura guztiak eurenganatzen hasi ziren, horien artean zirkulazio-istripuen arreta eta tramitazioa, garraioen kontrola eta lagun egitea, errepideen eta kirol-proben zaintza, eta, Ertzaintza osoa bezala, urte hartan Euskadin izan ziren uholdeetan ere mobilizatu zituzten.

Gogoratzen den lehenengo atestatua 1983ko otsailaren 18koa da, eta Bedian autobus batek pertsona bat harrapatu eta arin zauritu zuelako egin zen. Otsailaren 19an beste atestatu bat egin zen hildako pertsona batekin eta sei zaurituekin izandako istripu baten ondorioz; istripua N-634 errepidean, Zarautz eta Orio artean, gertatu zen 21:00etan. Orduko eginbideak idazmakinarekin eta zegozkion kalkoekin betetzen zituzten, eta kalkoei esker jatorrizkoa eta bi kopia izaten ziren epaitegira bideratu aurretik.

Ertzaintzak jarri zuen lehenengo trafikoko isuna 1983ko martxoaren 23koa da, eta arrazoia izan zen «Zama ez egokitzea eta zirkulazio-istripua eragitea, zamaren zati bat beste ibilgailu baten eta etxe baten kontra erori izanaren ondorioz». Gertaera horrek istripua eragin zuen N-240 errepidean, Gasteiz parean.

Urte horretan bertan, 1983an, apirilean, Ertzaintzak lehenengo aldiz lagundu zuen Euskadiko Itzulian, eta trafiko-unitateetako motor-gidari espezializatuen lanak ezaugarri duen profesionaltasunarekin ekin zioten.

Unitate horrek garrantzi handiko erronka bati egin behar izan zion aurre 1992an: Frantziako Tourraren irteera Euskadin, eta bananako lehenengo erlojupekoa egin zen eta beste bi etapa irten ziren Donostiatik. Orain egoera errepikatu egingo da, eta Ertzaintzak, eta, bereziki, trafiko-unitateek, berriz egin beharko diote aurre Frantziako Tourraren irteerari errepidean eta Euskadin segurtasuna emateko erronkari. Lasterketa Bilbotik irtengo da uztailaren 1ean, eta hiru etapatan banatuta 500 kilometrotik gora egingo ditu Euskadiko lurraldean.

Gaur egun 463 ertzainek zaintzen dute Bide Segurtasuna Euskadin

Gaur egun 463 agente daude Ertzaintzako trafikoko lurralde unitateetan, Bide Segurtasuna eta Atestatuak sailetan banatuta. Udaltzaingoekin elkarlanean lan egiten dute Euskadiko errepideetatik urtean igarotzen diren milioika ibilgailuren segurtasuna zaintzeko, Europarekin muga egiteak eta Itsasartea Igarotzeko Operazioaren bidean egoteak ematen dion berezitasunarekin.

Gaur egun 47 emakumek lan egiten dute trafikoaren arloan. Aldea oraindik ere nabarmena da, baina joera zuzentzen ari da promozio berriekin eta, batez ere, Emakumeak Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente-kategorian sartzeko 2026  I. Sustapen Plan berriarekin.