Ikerbasqueko ikertzaileek Euskadira 40 milioi eurotik gorako funtsak erakartzea lortu zuten 2022an

0

2022ren amaieran, IKERBASQUEk ibilbide luzeko eta lidergo-gaitasun handiko 178 ikertzaile zituen; goi-mailako ikertzaile gazteen harrobia bultzatzen lagunduko duten 94 ikertzaile gazte, eta aurreko bi kategoriak osatuz ikertzaile-karreraren etapa guztiak estaltzea xede duen Research Associate kategoriari atxikitako beste 79 ikertzaile. Guztion ikerketa-lanak oihartzun zabala lortu zuen aldizkari zientifikoetan. Haien ikerketa-jarduna nabarmen islatu da argitalpen zientifikoetan. Hartara, urte osoan, 1.437 artikulu plazaratu zituzten indexatutako argitalpenetan, hau da, nazioarteko kualifikazio handiko argitalpenetan. Datu hori 2021ean lortutakoa baino pixkat txikiagoa izan arren, aipatzekoa da pandemia-garaiaren ondoren ekoizpen zientifikora iritsi den egonkortzea, izan ere, 2021ean nolabaiteko inflazioa gertatu zen munduko ekoizpen zientifikoan.

Ikerbasqueko ikertzaileek 2022an lortutako funtsen guztizko zenbatekoa 40.361.528 eurokoa izan zen (2021ean baino ia 3 miloi euro gehiago). 2007az geroztik Euskadira 335 milioi euro erakatzea lortu dute guztira. Kanpoko finantzaketaz landutako 1.058 proiektutatik (aurreko urtean baino 118 proiektu gehiago) hogeik ERCren (European Research Council, Europako Ikerketa Kontseilua) finantzaketa izan zuten. Hauxe da kontinente zaharreko erakunderik ospetsuena, ezagutzaren mugan finkatutako asmo handiko ikerketa-proiektuen sustapenari dagokionez, eta iazko urtearen amaieran, 1.593 pertsonak lan egiten zuten Ikerbasqueko ikertzaileek zuzendutako taldeetan.

Ikerbasquek Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko erakarri dituen mundu osoko ikerzaileak 35 herrialdetakoak dira. Horien artean, gizonak dira nagusi, % 73, emakumezkoen % 27aren aldean. Ikertzaileen jakintza-arloei erreparatuta, %49 zientzia esperimentalen arloko espezialistak dira, % 23 medikuntza-zientzietakoak, % 15 ingeniaritza arlokoak eta % 13 giza eta gizarte zientzietako adituak. Ikerbasqueko ikertzaile hauek munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak dira, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck Elkartea tarteko direla.

2022an lortutako emaitzen harira esan daiteke Euskadi zientziaren arloko Europako erreferentetzat posizionatu dela. Nazioartean, Euskadi ikerketa aurreratuko eskualdea dela aitortzen dute dagoeneko, nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuta. Aurreko honen adibidea dugu Europako Batzordeak, Ikerbasqueren ikertzaileak erakartzeko programa hautatu zuela, 2021. urtean, garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimenik onenetakotzat. Ikerbasqueren proposamenak ebaluatu ziren 148 proposamenen artean puntuaziorik altuena lortu zuen eta ondorioz 4 milioi euro jaso zuen 4 urteetan Euskadin 36 ikertzaile berri kontratatzeko.

Nabarmentzeko moduko lan batzuk

IKERBASQUEko ikertzaileek egindako lanen artean eta azken urteko argitalpenik nabarmenen artean, honako hauek azpimarra daitezke:

  • Espazio urruneko supernoba bati esker, unibertsoko elementuen jatorria ulertu ahal izan dugu. DIPC zentroari atxikitako Tom Broadhurst Ikerbasque-UPV/EHUko ikertzailea partaide izan duen aurkikuntza hau Hubble Teleskopio Espazialak hartutako irudietatik abiatuta egin da. Ikerketaren emaitzak Nature aldizkari ospetsuan argitaratu ziren.
  • CICbioGUNEn jardunean diharduen Arkaitz Carracedo Ikerbasqueko ikertzailea buru duen ikerketa batek argi utzi du odol-hodiak funtsezko eragileak direla obesitatearen garapenean. Ikerketak hodietako zelulek gantz-zelulei eragiteko erabiltzen duten mekanismoa argitu du. Lana Nature Metabolism aldizkarian argitaratu zen.
  • Biodonostian lanean egiten duen Maria Muñoz Caffarel Ikerbasqueko ikerlariaren taldeak The Journal of Clinical Investigation aldizkarian argitaratutako artikulu batek frogatu duenez, Oncostatina M (OSM) zitokina proinflamatorioak bularreko minbiziaren aurrerakada eta metastasia errazten ditu, tumorearen mikrogiroan mezulari-lana eginez. Ikerketaren emaitzen arabera, OSM maila altua duten tumoreak pazienteen pronostiko okerragoarekin lotuta daude. Aurkikuntza honi esker, estrategia terapeutiko berriak garatu ahal izango dira bularreko minbiziaren aurka borrokatzeko.

 

Helburuko zentroa

Helburuko zentroei dagokienez, Ikerbasqueko 124 ikertzaile EHU/UPV-n lan egiten dabiltza. Gainerako 221k Deustuko eta Mondragoiko unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan lanean dihardute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpeko BERC (Basque Excellence Research Centre) izeneko bikaintasunezko bederatzi ikerketa-zentroak tarteko direla.

Hauxe da gaur egun indarrean dauden BERCen zerrenda osoa:

  • Achucarro – Basque Center for Neuroscience (Zamudio)
  • BCMatrials – Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures (Zamudio)
  • Polymat – Basque Center for Macromolecular Design & Engineering (Donostia)
  • DIPC – Donostia International Physics Center (Donostia)
  • CFM-MPC Materials Physics Center (Donostia)
  • Biofisika Institutua.Basque Centre for Biophysics (Leioa)
  • BC3 – Basque Centre of Climate Change (Bilbo)
  • BCAM – Basque Center for Applied Mathematics (Bilbo)
  • BCBL – Basque Center on Cognition, Brain and Language (Donostia)

IKERBASQUEk kontratatutako ikertzaileei harrera egiten dieten bederatzi bikaintasunezko zentro eta hiru unibertsitate (EHU/UPV, Deustu eta Mondragon) horiei Ikerketa Korporatiboko Zentroak (IKZ) gaineratu behar zaizkie: biomaGUNE (biomaterialeak), biogune (biozientziak), energiGUNE (energia), eta nanoGUNE (nanozientzia), bai eta osasungintza alorreko Biodonostia eta Biocruces ikerketa zentroak eta Azti, Neiker, Tecnalia, Tecnum (Nafarroako Unibertsitatea), Globernance (pentsamendu politikoaren ikerketa eta hedapen zentroa) eta IISL/IISJ. Guztira, Euskadiko 24 unibertsitate eta ikerketa zentro profitatzen dira nazioarteko ikertzaileen erakarpenaz.

 

IKERBASQUEri buruz

IKERBASQUE, Eusko Jaurlaritzak abiarazitako ekimen baten emaitza da, duela zenbait urtez geroztik autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek zientzia-ikerketaren alde egindako apustua sendotzea helburu duena, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean jasota dagoen moduan. Euskadi I+G+b alorreko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin honetan, talentua erakartzea da Ikerbasqueren jardunaren oinarrizko ardatza.