Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriagak Ander Elosegi piraguista olinpikoaren agur prentsaurrekoan parte hartu du

0

Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak, Olatz Alkorta Euskal Kanoe Federakuntzako zuzendari teknikoak, eta bere kirol ibilidean lagun izan dituen hainbat kirolarik lagunduta, Ander Elosegik eslalon piraguismoari agur esateko erabakia hartu duela jakinarazi du gaur, Donostian, 17 urtez kirol horretan goi-mailako lehiaketan aritu ondoren.

Txikitatik diziplina honi lotuta, Santiagotarrak klubarekin, Ander Elosegik agur esateko unea dela erabaki du, nahiz eta modu ludikoagoan hainbeste poz eman dizkion eslalonarekin bat egiten jarraituko duen.

Berezko talentua izan da beti Anderren nortasunaren ezaugarrietako bat. 2006an nazioarteko mailan debuta egin arren, zaila zen aurreikustea gerora etorriko ziren arrakasta guztiak eta kirol-ibilbide luzea. Ander Elosegik 13 Munduko Txapelketa, Europako 15 txapelketa eta 43 Munduko Kopa jokatu ditu maila absolutuan, eta lau Olinpiar Jokotan lehiatu da. Gainera, aipatutako lau Jokoetan finalerako sailkatu da, lau diploma olinpiko lortuz: laugarren izan zen Beijingen, 2008an; laugarren Londresen, 2012an; zortzigarren Rio de Janeiron, 2016an eta zortzigarren Tokion, 2021ean.

Ander Elosegik ibilbide oparoa izan du, eta euskal kirol olinpikoaren estandarte bihurtu da. Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago hainbeste aldiz olinpo horretara iritsi den beste gizonik, banakako kirolak eta kirol kolektiboak kontuan hartuta. Gipuzkoarrak, gainera, hurrengo belaunaldientzat eredu izango den dotorezia erakutsi du. Anderrek kanoa modalitatean egin dituen jaitsieren plastikotasuna eta liraintasuna betiko geratuko dira zale guztien erretinan.

Piraguistak bizitza osoa eman du bere kirolean, baina garaia iritsi da beste alderdi batzuk zaintzeko, hala nola, familia eta lagunak, edo erronka berriei denbora eskaintzeko, hala nola, laneratzea eta beste esparru batzuk, ingeniaritza informatikoa, esaterako. Ander ilusioz dago bere bizitzako beste alderdi batzuk lantzeko, baina aukera aprobetxatu nahi izan du urte hauetan guztietan bere kirol-ibilbidean babesa eman dioten pertsona guztiei eskerrak emateko.

“Eskertu nahi dut urte hauetan guztietan jaso dudan babesa. Eskerrak eman nahi dizkiet familiari, lagunei, klubari eta entrenatzaileei, bereziki hainbat urtetan nire ondoan izan den Xabier Taberna teknikariari, lankide, taldekide eta lagunei eta urte hauetan guztietan nirekin egon diren esponsor eta erakunde guztiei” azpimaratu du Elosegik.

Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak Ander Elosegik euskal kirolaren historian izan duen pisua azpimarratu nahi izan du: “Ander lau Joko Olinpikotan lehiatu den euskal gizonezko bakarra da. Gainera, jokatu dituen hitzordu olinpiko guztien finalean sartu da eta horietako bakoitzean diploma batekin itzuli da etxera. Elosegi, beraz, euskal olinpismoaren historian betirako leku nabarmena beteko duen kirolaria izango da, gure kulturarentzat elementu baliotsua”.

“Ander Basque Teameko estandarteetako bat izan da eta da. Sortu zenetik Fundazioaren beka jaso du. Ander Elosegik datozen belaunaldien erreferente izateko ezaugarriak biltzen ditu. Lehenik eta behin, pertsona zintzoa da, bigarren aurpegirik ez duena, bere akats eta bertuteekin, baina bere printzipioei inoiz traiziorik egiten ez diena”, gaineratu du Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak.

Ander Elosegiren ibilbidean, lehen aipatutako lau diploma olinpikoak nabarmentzen dira, 2019an Seu d´Urgelleko Munduko txapelketan lortutako zilarrezko domina, 2016an Liptovskyko Europako txapelketan lortutako brontzezko domina, 2010ean Seu d´Urgellen erdietsitako Munduko Kopako brontzea, 2011ko Argentiereko Munduko Kopako zilarra eta 2013ko Seuko Munduko Kopako zilarra.