Lycolabek lehen kolageno natural guztiz jasangarria garatu du

0

Kolageno naturala gartu duen Lycolab enpresa Beatriz Uralde biologo teknikoak 2015ean hasi zuen ibilbidearen emaitza da. UPV/EHUko Inizia programaren bidez, biologoa barraskiloz josita zegoen eremu batean ikertzen hasi zen. Bost urteko ikerketaren ondoren, enpresak Ecocertek ziurtatutako lehen kolageno natural liofilizatua garatzea lortu du, animalien ongizatea bermatzen duena, erregistratutako eta patentatutako metodologia baten bidez. Enpresa UPV/EHUko Farmazia Fakultatean sortu zen, Lascaray Ikerketa Zentroarekin lankidetzan ‘spin off’ bat bezala, eta gaur egun Arabako Parke Teknologikoan kokatuta dago.

Ecocert akreditazioaren bidez, produktua garatzeko animaliek tratu txarrik jasan ez dutela egiaztatzen da, baita hori lortzeko erabilitako teknikek ez dutela ingurumena edo produktua kaltetzen ere. “Prozesu kontrolatua da, ingurune natural eta bioteknologiko batean produktuen kalitatea eta trazabilitatea ziurtatuz”, azaldu du CEOak eta Lycolab sortu zuen bazkideak, Beatriz Uraldek. Izan ere, kolageno naturala izateko, produktuak hiru ezaugarri nagusi bete behar ditu: konposizioan eta erauzketan egonkorra izatea, osasun-baldintzak betetzea eta lortzeko eta ekoizteko ziurtagiri naturalaren baldintzak betetzea.

Gaur egun, Lycolab frankiziazio prozesuan dago, merkatu berri honen alde egiten duten erakundeei kolageno naturala lortzeko metodologia eskainiz, betiere berrikuntza eta iraunkortasuna kontuan hartuta. “Kosmetikaren eta/edo osasunaren munduan ospe handia duen eta sendotuta dagoen enpresa baten zerbitzura jarri nahi dugu gure metodologia, berrikuntza naturalaren eta garapen iraunkorraren alde egingo duen enpresa baten zerbitzura, alegia. Izan ere, uste dugu guk baino egokiago sartu eta ezarri ahal izango duela merkatuan kolageno naturala, beste osasun-aplikazio batzuetarako lan egiteaz gain”, Beatriz Uraldek adierazi duenez.

Nabarmendu behar da Lycolabek SPRI Taldearen laguntza jaso duela Inplantariak programaren bidez. “Marketin digitalari buruzko aholkularitza jaso genuen, eta oso esperientzia onuragarria izan zen”, Uraldek nabarmendu duenez. Etorkizunari begira, konpainiaren plana sektore kosmetikoko edo osasuneko enpresa batekin lankidetza lortzea da, bere metodologia garatzen jarraitu ahal izateko. “Pausorik eraginkorrena zein den ikusten ari gara gure helburua lortzeko”, amaitu du CEOak.

SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.