Euskadik Europako Batasunean duen partaidetza sistema osoa “hobetzeko”, Europako presidentetza aprobetxatzeko eskatu dio Garamendik Sanchez presidenteari

0

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari eskatu dio ekainetik abendura Espainiak Europar Batasunean (EB) izango duen presidentetza aprobetxa dezala autonomia erkidegoek Batasunean duten “partaidetza sistema osoa hobetzeko”. Olatz Garamendik azpimarratu du Sanchez Europako erakundearen buru izango den aurtengo bigarren seihilekoa aukera aproposa dela parte-hartze hori bultzatzeko.

Carmelo Barrio PP+Cs-eko legebiltzarkideak egindako interpelazioari erantzunez, Garamendik gaur Eusko Legebiltzarrean azpimarratu du erkidegoen egungo parte-hartze eredua ez dela onargarria, ez baitator bat eskumenen banaketaren eskemarekin. Ildo horretan, herrialdeetako ministroak biltzen dituen Europako Batasunaren kontseiluetan erkidego autonomoen presentzia eskatu du, beti ere bere eskumenekoak diren gaiak tarteko direnean

Zehazki, Sailburuak eskatu du euskal erakundeek parte har dezaten finantzetako 27 ministroak biltzen dituen Ekonomia eta Finantza Kontseiluaren (Ecofin) osoko bilkuretan. Izan ere, Euskadik autonomia fiskala du, foru-ogasun propioak eta Kontzertu Ekonomikoa. Euskadik lantaldeetan parte hartzen du Ecofin-en, baina ez osoko bilkuran eserleku propio batekin. Horrez gain, Garamendik proposatu du Euskadik, bere Ertzaintza izanik, Justizia eta, polizia eta segurtasun gaiei dagokienez, Herrizaingo Gaietarako Kontseiluan (JAI) parte har dezan.

Bere hitzaldian, Garamendik bi gobernuen arteko lankidetzarako aldebiko foroa deitzea ere eskatu du, Europako Gaietarako Bitariko Batzordea deritzana, baita Makroeskualde Atlantiko baten sorrera bultzatzea ere. Halaber, Europako presidentetzaren seihilekoak Europako erakundeetan euskararen eta beste hizkuntza ofizialen erabilera bultzatzeko balio behar duela adierazi du

2023ko bigarren seihilekoan Espainiak EBko Kontseiluaren presidentetza prestatzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa azaldu ondoren, Garamendik Jose Antonio Agirre Lehendakariaren garaitik gaurdaino Eusko Jaurlaritzaren  tradizio europazalea ekarri du gogora du Garamendik. “Konpromiso handia hartzen dugu Europar Batasun egonkor baten proiektuarekin, etorkizunera begiratuko duena, Herrien Batasun indartsua eta balio partekatuak izango dituena, eta bere aniztasuna errespetatuko duena”, adierazi du.