Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Joseba Díez Antxustegi Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, gazteen emantzipazioa finantzatzeko Euskal Estrategia 2030 onartzeari buruz.

Lehendakariak baieztatu du Gobernuaren helburu estrategikoetako bat dela emantzipaziorako adina jaistea. Horrela, Urkulluk azaldu du 2030erako estrategiak, emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtera jaistea eta emantzipazio-tasa,  25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, % 50era igotzea duela helburu. Estrategiak 10 trakzio-proiektu eta 26 ekimen osagarri biltzen ditu, 5 eremutan egituratuta: Enplegua, Etxebizitza, Errenta, Kohesioa eta Erresilientzia.

Lehendakariak berrikuntza nagusietako bat aipatu du: Emanzipa Programa, hilean 300 euroko laguntza bi urtez emantzipazio-prozesuan dauden 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat. “Hau da, emantzipazioa hasteko edo sendotzeko bultzada, beharrezkoagoa denean”, adierazi du.

Amaitzeko, Gazteen emantzipazioak adostasunik zabalena merezi duela azpimarratu du: “herri-ituna gazteriarekin eta gazteriaren alde”.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Osakidetzaren gainbeherari aurre egiteari buruz.

Iñigo Urkulluk azpimarratu du datuen arabera Osakidetza ez dagoela gainbeheran eta termino horietan hitz egiteak Euskadiko osasun-arloko profesionalek osatzen duten kolektiboari kalte baino ez diola egiten. “Gaur egun inbertitzen diren baino baliabide gehiago ez dira sekula inbertitu gure osasun sistema publikoan. Inoiz ere. Datu bat: 2013garren urtean 3.200 milioi euroko aurrekontua zuten Osasun Sailak eta Osakidetzak. Aurten, 4.600 milioi euro dituzte. Hori da gainbehera?”, aipatu du adibide gisa. 

Lehendakariak ziurtatu du osasun sistema indartzeko beharrezkoa dela elkarlana. Bide horretan, hausnarketa partekatzeko eta proposamenak bideratzeko hainbat bide direla azaldu du: Lehen Arretaren Plan Estrategikoa; Osakidetzaren Plan Estrategikoa;  Zerbitzuen Kartera Berria, edo Osasun Publikoaren lege berria, besteak beste. “Osasun sistema publikoa adostasunetik hobetzeko eta indartzeko lanean jarraituko dugu, hori baita denok partekatzen dugun helburua”, esan du. 

Galdera, Jon Hernández Hidalgo Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadiko zerbitzu publikoetako esternalizazioen politikari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak ez dituela zerbitzuak pribatizatzen eta ez direla kalitatea galtzen ari, ezta osasunaren arloan ere. Urkulluk emandako datuen arabera, kontrakoa gertatzen da: 100 eurotik 5 zentro itunduetara bideratzen ditugu. Berriro diot, 100etik 5 bakarrik. Arrazoi sinple batengatik egiten da hori: Osasun Sailak ezin ditu zerbitzu guzti-guztiak eskaini bere zentro guzti-guztietan udalerri guzti-guztietan. Era berean, Jaurlaritzak ezin ditu gizarte, hezkuntza eta kultura arloko zerbitzu guzti-guztiak eskaini”.

Lehendakariak zehaztu du zerbitzu-itun guztiak Jaurlaritzaren helburuetara egokitzen badira egiten direla, betiere kalitate-estandar batzuen bermera egokitzen badira. Hala, gogorarazi du, nolanahi ere, BERME PUBLIKOA izaten dela beti: bai funtzionarioek emandako zerbitzu publikoetan, bai baimen, finantzaketa eta KONTROL publikoaren mende dauden erantzukizun eta berme publikoko zerbitzuetan.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Lehendakariak ustelkeriaren aurkako borrokan egindako baieztapenak zuzentzeari buruz.

Urkullu lehendakariak gogorarazi du Arabako Probintzia Auzitegia epaia betearazteaz arduratu eta betearazi arte ez dela eraginkorra komunikabideen bidez zabaldu den epaia; eta “Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak gaur berretsi du Administrazioak oraindik ez duela ebazpenik jaso, eta, beraz, ez dela bidezkoa inolako zigor betearazpenik hastea. Auzitegiak epaia betearaztea agintzen duen unean jardungo dugu”.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto – Vox-eko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskal Autonomia Erkidegoan ustelkeria eta klientelismo politikoko kasuak saihesteko dauden mekanismoei buruz.

Iñigo Urkulluren esanetan, Euskadik ustelkeriari eta klientelismo politikoari aurre egiteko beharrezko tresna demokratikoak ditu, “ustelkeriari aurrea hartzeko, ustelkeria gertatu aurretik; ikertzeko eta jazartzeko, ustelkeria gertatzen ari den bitartean; eta, azkenik, aurre egiteko eta zigortzeko, ustelkeria gauzatu bada”.

Tresna horien adibide gisa, honako hauek aipatu ditu: kargu publikodunen Etika eta Jokabide Kodea eta Etika Publikorako Batzorde bat; Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta Toki Administrazioa; Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduna delituaren prebentzioan, ikerketan eta jazarpenean; organo judizialak eta Ministerio fiskala; Herri Kontuen Euskal Epaitegia eta, hala badagokio, Estatuko Kontuen Auzitegia; Datuak Babesteko Euskal Bulegoa edo Langileen Erregistro Zerbitzua; eta Arartekoa eta Estatuko Herriaren Defendatzailea.

«Gure sistema instituzional demokratikoa erabat konprometituta dago gardentasunaren eta gobernu onaren printzipio eta balioekin», adierazi du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto – Vox-eko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua indargabetzeari buruz.

Lehendakariak adierazi du bat datorrela Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua indargabetzeko ekimenarekin, “behin baino gehiagotan adierazi dudan bezala, baita legebiltzarreko foro honetan ere”. “Komenigarritzat jotzen dut salbuespenezko eta beharrezkoa ez den hertsapen-mekanismo hori gainditzen lagun dezaketen erreforma-proposamenak planteatzea, eztabaidatzea eta adostea. Gainera, komenigarritzat jotzen dut Estatu ereduaren beharrezko erreforman aurrera egitea, eta planteamendu hori Ganbera honetan bertan adierazi dut”, esan du.

Era berean, Urkulluk Gil-Robles, Muñoz Machado edo Garcia de Enterría Espainiako konstituzionalismoaren figurak aipatu ditu, hauek 155. artikulua salbuespenezko erabilera duen eta lurralde-autonomia etetea eta autonomia-erkidegoei eskumenak kentzeko balio ez duen hertsapen-mekanismoa dela defendatzen dute adieraziz. “Hauen ustez, formula zehaztugabea da, bere aukeren eta berezko ahalmenen erabateko zehaztasunik ezarekin diseinatua. Ez da beharrezkoa, bere helburuetarako erantzuteko ohiko mekanismoak nahikoak izan beharko liratekeelako, elkarrizketa politiko eta instituzionaletik hasita”, gaineratu du.

Galdera, Josu Estarrona Elizondo EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, ustelkeria-sententzia bat duen pertsona bat ez kaleratzea erabaki eta besterik ezin dela egin mantendu izanaren inguruan.

Lehendakariak beste behin errepikatu du Gobernuak legeak markatzen duen bidea jarraitu behar duela, “ez gara hortik mugituko”. Horrela, gogorarazi du legeak argi eta garbi dioela Arabako Probintzia Auzitegia epaia betearazteaz arduratu eta betearazi arte, emandako epaia ez dela eraginkorra. “Prozedura hori gustuko izan edo ez, hori da guk jarraitu beharreko bidea”, gaineratu du. 

Gobernuak oraingoz ez duela berririk jaso azaldu du, “nahiz eta dagoeneko aste batzuk pasa diren… eta egia aitortuko dizut, moteltasun horrek kezkatzen gaitu”. Hori bai, epaiaren berri izan bezain laster hartu beharreko erabakia hartuko dela ziurtatu du Urkulluk, ezarritako terminoetan. “Dena prest dugu hori egiteko”, adierazi du.