Euskadik material birziklatuak erabiltzea sustatuko du errepideen eraikuntzan eta birgaitzean

0
  • Bide-zoruei buruzko arau berriak eta horiek birgaitzeko gomendioek eraikuntzako materialak berrerabiltzea eta tenperatura baxuagoa eta, ondorioz, karbono-aztarna txikiagoa sortzen duten teknikak erabiltzea aurreikusten dute
  • Otsailaren 22an sektoreko berrehun bat profesional elkartuko dira Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan arau berria eta horri lotutako gomendioak aztertzeko

 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sareko bidezoruak dimentsionatzeko arau berriari eta zoruen gainazala birgaitzeko gomendioei buruzko jardunaldi tekniko bat egingo du otsailaren 22an, asteazkenean, Gasteizeko egoitza nagusian, berrehun profesionalekin.

Arauak eta gomendioak 2022ko uztailaren 12ko eta irailaren 27ko agindu banaren bidez onartu dira, eta horien ezarpen-esparrua eraikiko diren errepideen bide-zoruei buruzko proiektuak eta hiru lurralde historikoetako errepide-sarean dauden errepideetakoak egokitzeko edo hobetzekoak dira. Jardunaldia Pedro Marco Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeak inauguratuko du, eta honakoa azaldu du: “Euskadiko errepide-sarea berezia da bertako orografia, klima, geoteknia eta erabilgarri dauden lurzoruen eta materialen ezaugarriak direla-eta. Arrazoi horrengatik, azken bi hamarkadotatik ari gara lantzen arau tekniko hau, lurraldearen errealitatera egokitzeko, hiru foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak biltzen dituen Bide-zoruen Mahaian”. Jardunaldiari hasiera emateko ekitaldian Carlos Alzagak, Eusko Jaurlaritzarekin eta hiru foru-aldundiekin batera jardunaldia sustatzen duen Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoaren dekanoak ere parte hartuko du.

Zehazki, arau berrian –aurrekoaren bertsio zabaldu eta berrikusia da–, berrikuntza gisa, errepideko fresatuetatik berreskuratutako material bituminosoarekin fabrikatutako nahaste bituminosoen ezarpena arautzen da, eta horrek hondakin horren erabilpena areagotuko du, urtean 150.000 tona inguru sortzen baitira. Era berean, hondakin uren araztegietako errautsak errepideak eraikitzeko aprobetxatzea ere arautzen da, eta erabiltzeko materialen artean eraikuntzako eta eraisketako hondakinetako agregakin birziklatuen erabilera finkatzen da.

Bestalde, arauak ezartzen du 150-180 ºC-ra iristen diren nahaste bituminoso beroen ordez nahaste bituminoso epelak fabrikatu daitezkeela, 100 ºC inguruan, bai eta hotzean, giro-tenperaturan edo 60 ºC-ra arte, irekitako nahaste bituminosoak ere, iraunkorragoak eta malguagoak baitira deformazioen aurrean.  Bi kasuetan, helburua da fabrikaziorako behar den energia eta atmosferara isurtzen den CO2a murriztea eta, aldi berean, nahasteak manipulatzen dituzten langileen segurtasuna eta osasuna hobetzea.

Jardunaldian arauan sartu diren berrikuntza nagusiak azalduko dira. Hizlariek –horietako gehienak Euskadiko Bide-zoruen Mahaiko kideak­– azalduko dituzte Mahaia egiten ari den lana eta arau honen aurrekariak; arauan sartu diren aldaketa orokor nagusiak eta, bereziki, eranskin berriak; eta zoruen gainazala birgaitzeko gomendio berriak, eta, amaitzeko, araudi-mota honen analisi konparatiboa egingo dute beste autonomia-erkidego batzuetakoekin alderatuta.