Josu Erkorekak “Datuak Babesteko Euskal Agintaritza” berria sortzeko lege-proiektua aurkeztu die legebiltzar-taldeei 

0
  • Oraingo “Datuak Babesteko Euskal Bulegoa” ordezkatuko du, eta administrazio-organo independentea izango da, euskal administrazio publikoen irregulartasunak ikertzeko eta zehatzeko ahalmena izango duena

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak gaur goizean aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Datu Pertsonalak Babesteko eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritza sortzeko Lege Proiektua, Euskadiko arlo publikoaren ardurapeko datu pertsonalen tratamenduaren kontrola eta gainbegiratzea arautzeko sortutako testu arau-emailea.

Eusko Jaurlaritzak joan den abenduan bidali zuen testua, lege-proiektu berri hau Legebiltzarrean izapidetzen hasteko. Legeak 4 kapitulu, 42 artikulu, 2 xedapen gehigarri, 2 xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile 1 eta azken xedapen 1 ditu. Arau berriak Euskadiko arau-esparrura moldatzen du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (EB), datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoan, eta arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatutako datu pertsonalak babesteko araudian ezarritako antolaketa eta funtzionamendua.

Testuaren berrikuntza nagusia da egungo “Datuak Babesteko Euskal Bulegoa” ordezkatuko duen “Datuak Babesteko Euskal Agintaritza” sortzen duela. Berez, araudi berri horrek Euskadin indarrean dagoen beste araudi hau ordezkatuko du: Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeko eta titulartasun publikoko fitxategien erabilera arautzeko araudia. Funtsezko aldaketa da datuen babesaren arloko erakunde-antolaketan, orain arte izandako Bulegoaren araubide juridikoa, antolaketa eta eskumenak aldatzen baititu.

Agintaritza berria administrazio-organo independentea izango da, eta nortasun juridiko propioa eta euskal administrazio publikoak zaintzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko gaitasuna izango ditu. Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, pertsonen oinarrizko eskubideak eta askatasunak babesteko behar beste baliabide material, tekniko, pertsonal eta finantzario izango ditu. Gainera, edozein irregulartasun ofizioz nahiz interesdunak eskatuta ikertzeko eta zehatzeko ahalmena ere izango du.

Ikertzeko agintaritza

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza” berriak aldizkako edo unean uneko ikuskapenak egin ahal izango ditu, ofizioz edo interesdunek eskatuta, datu pertsonalen babesa eta tratamendua urratu den edozein kasutan. Horrez gainera, indarrean dauden araudiak betetzen diren egiaztatzeko prebentziozko auditoretza-planak ere egingo ditu.

Agintaritza berriko ikuskariek ikerketak burutzeko beharrezko informazioa bildu ahal izango dute. Horretarako, lokaletara sartu ahal izango dira, datu pertsonalak dituzten informazio-sistemak edo euskarriak aztertu ahal izango dituzte, datuen tratamendua kudeatzen duten programa eta aplikazioak edo agiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dute eta, beharrezkoa izango balitz, horien kopia ere eskatu ahal izango dute. Gainera, ikuskatutako pertsonaren etxean ere sartu ahal izango dira horren baimenarekin edo dagokion baimen judizialarekin.

Ikerketapean dauden administrazio publikoek, erakundeek edo pertsonek Agintaritzari laguntzeko eginbeharra dute, bai eta ikerketa egiteko beharrezkoak liratekeen datu, txosten, aurrekari eta frogagiri guztiak ematekoa ere, foru-ogasunen informazioa barne dela.

Gardentasuna eta kontrola

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako langileek euren eginkizunak betetzean jakindako informazioari buruzko sekretu profesionala gorde beharko dute, bai lanean ari direnean bai lana utzi ondoren, baina jarraian adierazten diren gaietako ebazpen guztiak web-orrian argitaratuko dira: datuen nazioarteko transferentziei, hitzarmenei, akordioei, urraketei buruzko prozedura amaituak, Datuak Babesteko Europako Batzordearen irizpenak, gidalerroak, nahitaezko txostenak, kontsulten erantzunak, jokabide kodeak, etab.

Zehapen-erregimena

Erakunde berri horrek esparru bikoitzean zehatzeko ahala izango du, eta 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduarekin (EB) harmonian:

  • Izaera juridiko pribatua duten sektore publikoko entitateen edo zerbitzu publikoak ematen dituzten pertsona fisikoen kasuan, isun administratiboak ezartzen dira zenbatekoa graduatzeko irizpide batzuekin. Zehapen larrienak, milioi bat eurotik gorakoak, EHAAn argitaratuko dira, arau-hausteari publizitatea emateko, eredu gisa balio dezan.
  • Arlo publikoaren kasuan, diziplina-neurriak edo ohartarazpenak aurreikusten dira, arau-haustearen eraginak zuzentzeko aplikatzekoak diren neurri zuzentzaileak adierazita. Gainera, neurri espezifikoak ezartzen dira arau-hausteak agintariei, goi-karguak betetzen dituzten pertsonei eta zuzendariei egotzi ahal zaizkien kasuetarako, adibidez EHAAn ohartarazpen bat argitaratzea.

Osaketa

Agintaritzak bere betebeharrak betetzeko behar beste langile funtzionario izango ditu. Agintaritzaren lehendakaria ezagutzak egiaztatuta dituen pertsona bat izango da. Eusko Legebiltzarrak hautatuko du Eusko Jaurlaritzak proposatuta. Lehendakariaren agintaldiak bost urte iraungo du; modu horretan bermatuko da legegintzaldiaren iraupen berbera ez izatea, eta bigarren mandatu bat bakarrik egin ahal izango du. Pertsona horri aholku emateko Kontseilu Aholku-emaile bat izango da, egikaritzeko gaitasunik izango ez duena eta adituek osatuko dutena:

  • Eusko Legebiltzarrak izendatutako 1.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak izendatutako 1.
  • Hiru lurralde historikoetako bakoitzak izendatutako 1.
  • EUDELek izendatutako 1.
  • Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen ordezkari 1, Kontsumobidek
  • UPV/EHUk izendatutako 2, bata informazioaren teknologietan aditua eta bestea Zuzenbidean aditua, Zuzenbidean egiaztatutako ezagutzak eta datuen babesaren arloan praktika dituena.

Aplikazio-eremua

Aplikazio-eremua erakunde hauen datuen tratamendua da: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, toki-administrazioak, Eusko Legebiltzarra, Batzar Nagusiak, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Arartekoa, lan-harremanen kontseilua, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea, legebiltzar-taldeak, batzarkide-taldeak edo udal-taldeak, unibertsitateak, bai eta Administrazio Agintaritza independenteetako, Eusko Legebiltzarreko eta Sektore publikoko erakundeak, pertsona fisikoak eta juridikoak, baldin eta datu publikoak tratatzen badituzte, eta abar.