- Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 110 milioi euro bideratuko ditu aurten eskaerari erantzuteko
- Prestazioak beste neurri batzuekin bateragarriak dira, hala nola kenkari fiskalekin, haurreskolen doakotasunarekin edo kontziliazio-laguntzekin, besteak beste
- Eusko Jaurlaritzak hilabeteak daramatza erantzun egoki bat emateko prestatzen: arloko lantaldea indartu da eta herritarrekin harreman zuzena izateko bitartekoak jarri dira
Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, 65.000 pertsonak baino gehiagok izango dute seme-alabak hazi eta mantentzeko hileko laguntza berriak jasotzeko eskubidea. Zehazki, 55.000 baino gehiago dira hiru urtetik beherako umeak, eta 10.000 inguru hiru eta zazpi urte bitarteko familia ugarietako haurrak. Eskari horri aurre egiteko, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 110 milioi euro bideratuko ditu 2023an.
Bi zifra horiek ondo azaltzen dute Jaurlaritzak seme-alabak izan nahi dituzten familien alde egin duen apustu sendoa, nahi duten seme-alaba kopurua izan dezaten. Izan ere, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur prestazio berri horiek arautzen dituen dekretuari.
Neurri horrekin, hiru urtetik beherako EAEko familia guztiek urtean 2.400 euro jasoko dituzte seme edo alaba bakoitzeko. Laguntza horiei kenkari fiskalak gehituko zaizkie: seme edo alaba bategatik, 950 euro inguru urtean; birengatik, 2.100 inguru; edota lehendik bultzatutako beste neurri mota batzuek ere, hala nola Haurreskolen doakotasuna edo Nerea Melgosak zuzendutako sail berak banatzen dituen kontziliaziorako laguntzak.
Urkullu Lehendakariak duela hilabete batzuk iragarri zuen bezala, apustua laguntza-sistema iraunkor eta jasangarri bat bultzatzea da, emantzipaziorako eta familiek nahi dituzten seme-alabak izan ditzaten, baldintzarik ezak behartutako atzerapenik gabe.
Lanak eginda
Laguntza berri hauek martxan jartzeak lan-karga gehigarria suposatzen ari da Nerea Melgosak aurreko astetik zuzentzen duen sailarentzat. Prentsaurrekoan azaldu den bezala, Familien eta Haurren Zuzendaritzak hilabeteak daramatza prestatzen prestazio berri honi eta datozen asteetan iritsiko diren eskaeren bolumena kudeatzeko:
- Laguntzak eskatzeko sistema sinplifikatu eta hobetu da, eta espedienteak kudeatzeko prozedura modernizatu da. Laguntza berriak telematikoki edo aurrez aurre eskatu ahal izango dira.
- Familia eta Haurren Zuzendaritzako lantaldea handitu egin da, eta 60 pertsona baino gehiago arituko dira prestazio berri horrekin lotutako kudeaketa guztiak egiten.
- Era berean, hainbat baliabide jarri dira herritarrek zalantzak argitu eta neurri horiei buruzko lehen eskuko informazioa aurkitu ahal izan dezaten:
- Atzotik, herritarrentzako zuzeneko telefono zenbaki berri bat dago martxan: 945 062 040 zenbakiaren bitartez.
- Era berean, posta elektronikoko helbide bat gaitu da, umeak@euskadi.eus, kontsultei erantzuteko.
- Webgunean atal bat dago, euskadi.eus/hilekolaguntzak estekan aurki daitekeena, prestazio berri honekin lotutako galdera arruntenei erantzunez.
- Halaber, kartelak eta informazio-liburuxkak diseinatu dira, eta datozen asteetan banatuko dira haur txikiak dituzten familiek edo lehen umearen zain daudenek denbora pasa ohi duten lekuetan, hala nola osasun-zentroetan edo haurtzaindegietan.
Eskaerak, martxoaren 1etik
Datorren hileko lehen egunetik hasita (martxoaren 1a, asteazkena), hileroko laguntza berriak eskatu ahal izango dira: telematikoki– horretarako, beharrezkoa izango da identifikazio-baliabide bat izatea, laguntza kanal horren bidez eskatu ahal izateko – edo aurrez aurre, Zuzenean Zerbitzuak EAEko hiru hiriburuetan dituen ordezkaritzetan, posta-bulegoetan edo Udalen bidez.
Adinaren baldintzak betetzen dituzten euskal familia guztiek jaso ahal izango dute beren kargura duten seme-alaba bakoitzeko laguntza bat hilero, dela jaiotzagatik, adopzioagatik, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioagatik edo tutoretzagatik. Horrela, hiru urtetik beherako haurrak dituzten familiek 200 euroko ordainketa eskatu ahal izango dute hilero; hirugarren eta ondorengo seme-alaben kasuan, 100 euroko laguntza gehigarria egongo da hilean, haurrak zazpi urte bete arte. Baldintza hauek betetzen dituzten familia guztiek kobratu ahal izango dute laguntza berria, nahiz eta 2023a baino lehen jaio izana.