Suteen itzalketako zerbitzuen LEPek ere plazen % 25etik % 40ra bitartean gorde beharko dituzte emakumeentzat plantilletako emakumeen egungo presentzia eskasa zuzentzeko

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskadiko “Suteen prebentzio eta itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuen Lege Proiektua”. Arau horrek larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemako oinarrizko zerbitzuetako bat arautuko du. Lehenbiziko aldiz, plantilletako emakumeen presentzia eskasa zuzentzeko neurriak, arauketa espezifikoa, jasoko du, Euskadiko Poliziaren Legean Ertzaintzarako eta Euskadiko udaltzaingoetarako ezarritakoa bezalakoa.

Euskadiko suhiltzaile-zerbitzuen egungo mapa heterogeneoa da: titularrak 6 erakunde ezberdin (3 hiriburuak eta 3 foru-aldundiak) dituzten 26 suhiltzaile-etxe daude. Arau berriak eredu koherentea eta kohesionatua ezartzen du suteen itzalketako zerbitzu guztientzat, bai eta zerbitzuko pertsonalari aplikatu ahal izango zaion araubide erkide bat ere, baina, aldi berean, uneoro, erakunde-maila bakoitzaren autonomia eta erabakitzeko ahalmena, zerbitzu bakoitzaren berezitasunak eta ezaugarri identifikatzaile eta historikoak errespetatuz.  Berez, araua erakundeen arteko lanaren emaitza da, eta legea prestatzean horien helburua izan da Euskadiko suteen itzalketako zerbitzu guztien jarduketa hobeto koordinatzea, eraginkortasunez iritsi ahal izateko Euskadiko lurralde osora. Bestalde, arauaren helburua suhiltzaile-zerbitzu horien eta larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemako gainerako eragileen arteko lankidetza hobetzea ere bada: Ertzaintza, udaltzaingoak, Osakidetza, DYA, Gurutze Gorria, etab.

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak lege berri hau Eusko Legebiltzarrean aurkezteko agerraldia eskatu du jada. Legeak 31 artikulu ditu 4 kapitulutan banatuta, eta 2 xedapen gehigarri, 4 xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.

Berdintasunari bultzada (19, 20, 21 eta 27. artikuluak)

Lege berriak urrats ausarta eta erabakigarria ematen du suteen itzalketako zerbitzuetan sartzean, lanpostuak betetzean eta barne-sustapenean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean aurrera egiteko. Gaur egun plantilletan oso emakume suhiltzaile gutxi daude, eta lege honek, beraz, ezartzen du erakundeek sustapen-plan espezifikoak jarri behar dituztela martxan suteen itzalketako zerbitzuetan emakumeen presentzia bermatzeko.

Alde horretatik, kategoria bakoitzean txanda libre bidez sartzeko hautaketa-prozesuetan emakumeek beteko duten plaza-kopuru bat zehaztu beharko da horien presentzia orekatu ahal izateko. Kopuru hori, legea onartzen denetik aurrera, deialdia egiten duten erakundeek zehaztuko dute, eta ezingo da deitutako plaza-kopuruaren % 25etik beherakoa eta % 40tik gorakoa izan. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legean Ertzaintzarentzat eta Euskadiko udaltzaingoentzat ezartzen den tarte bera da.

Koordinazioa eta lankidetza

Onartzekoa den legeak (9. art.) egungo Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuak Koordinatzeko Batzordearen maila igotzen du. Batzordea kide anitzeko organo aholku-emailea izango da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zuzenduko du eta erakunde guztiak eta ordezkaritza handiena duen lanbide-elkartea egongo dira bertan ordezkatuta. Batzordearen eginkizunak izango dira lanerako metodoak, protokoloak, ekipoak eta materialak homogeneizatzea, suteetako esku-hartzeei buruzko eredu estatistiko bateratu bat estandarizatzea, lankidetza-akordioak bultzatzea, etab.

Alde horretatik, aipatutako erakunde guztiak ordezkatuta dauden Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Kontseiluaren eskumena izango da Euskadiko erakundeen suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen kategorietan sartzeko hautaketa egitea eta prestakuntza eskaintzea, bai eta prestakuntzako gainerako jardueretan lankidetza eskaintzea ere.

Beste alderdi aipagarri bat da (11, 12 eta 13. art.) zerbitzu bakoitzak zerbitzuaren titularra den administrazio publikoak eskumenak dituen lurraldean garatuko dituela bere eginkizunak, baina lurralde-eremu horretatik kanpora ere jardun ahal izango du premia larriko egoera batean, beste leku batzuetan sortutako larrialdiaren arabera.

Agintaritzako agenteak

Gaur onartu den arau berriak suteen itzalketako langileen oinarrizko jarduera-printzipioak ere zehazten ditu, bai eta ezbeharren bat gertatzen denerako nahiz ikuskatzeko ahala gauzatzeko dituzten ahalmenak ere. Horrek guztiak segurtasun juridikoa ematen die euren jarduera guztiei esku hartzen ari direnean (5. art.), hauek izanik jarduera horietako batzuk: aginduak ematea; eraikinetan sartzea, beharrezkoa bada indarra erabilita; ibilgailuak mugitzea; kaleak ixtea, trafikoa geraraztea edo bideratzea Euskal Poliziako agenterik ez badago; jendeari sartzeko mugak jartzea; laginak jasotzea; informazioa eskatzea; agiriak kopiatzea, etab.

Horrela, esate baterako, suhiltzaileak (16. art.) agintaritza-agentetzat hartuko dira zerbitzuan daudenean edo, zerbitzuz kanpo daudenean, ezbeharren batean edo berehalako arrisku-egoeraren batean parte hartzen dutenean, suteen itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako langileak direla egiaztatuta. Hori dela eta, lanbidea egiaztatzen duen agiriak eraman beharko dituzte (17. art.). Horrez gainera, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko suhiltzaile guztiak biltzen dituen erregistro bat sortuko du (18. art.).

Langileak (15. eta 23. artikuluak eta Bigarren Xedapen Iragankorra) eskala eta hierarkia-lerro bakarrean sartuko dira, eta lerro horretan honako kategoria hauek izango dira txikienetik handienera: suhiltzailea, dotazioko burua, taldeko burua, ofizialordea, ofiziala eta inspektorea. Lege berri honetan ezarritako estatutu-araubideak arautuko ditu. Suteen itzalketako zerbitzuetan beste teknikari batzuk, administrariak edo beste ofizio batzuetakoak ere egon litezke, beharrezkoa bada, eta aldi baterako langileak ere kontratatu ahal izango dira une jakinetan laguntzeko.

Enpresetako suhiltzaileak

Azkenik, legeak, Euskadiko lege batean lehenbiziko aldiz, enpresetako su-itzalketako zerbitzuak ere arautzen ditu, eta zerbitzu horietako suhiltzaileei Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, horretarako prestakuntza gainditu ondoren, emango dien egiaztapena eskatuko zaie.