Donostiak 1552 trafiko istripu izan zituen 2022an

0

Donostian 1.552 trafiko istripu gertatu ziren 2022an, iaz baino %3,32 gehiago, baina 2019an baino %1,9 gutxiago. Kontuan hartu behar da, 2019a pandemiak eragindako mugikortasun murrizketarik gabeko azken urtea izan zela. Era berean, gutxi gorabehera istripuen ia erdia (832) zauriturik gabekoak izan ziren, eta guztira bi pertsona hil ziren, 2021ean baino bat gutxiago eta 2019an baino bi gutxiago.

Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak eta Hiri-Segurtasun eta Herri-Babeseko ziengotzi Martin Ibabek 2022ko trafiko istripuen datuen berri eman dute. Estatistika honek jasotzen ditu hiri barruan gertatutako eta Udaltzaingoaren interberntzioa behar izan zituzten istripuak.

Autoak eta bi gurpilatako ibilgailuak inplikatu nagusienak

Hiri Segurtasun eta Herri Babeseko zinegotzi Martin Ibabek azpimarratu du, autoak (1329 inplikatu) zein motorrak (537) izan direla gertatutako istripuen protagonista handienak. Kasu gehienetan istripuen kausa distrazioa eta trafiko arauen urraketa izan dira.

Hirugarren urtez, istripuen gaineko estatistikak urte osoko Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen (Patinete Elektrikoen) datuak jasotzen ditu. Horren harian, Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak azaldu du ibilgailu mota horiek 2022ean 71 istriputan egon zirela inplikatuak, hau da, iaz baino 27 gehiago (gogoratu behar da, 2020an lehen aldiz sartu zirela ibilgailu hauen urte osoko datuak estatistikan).

Gainera, Aranak azpimarratu du, bizikletak direla istripuetan gehien inplikatuta egon den hirugarren ibilgailu mota. 2022an 228 bizikleta egon ziren inplikatuta istripuren batetan, 2021ean baino 2 gehiago.

Istripuen ia erdia zauriturik gabekoak

Donostiako 2022ko trafiko istripuen estatistikak erakusten du istripuen %53,6 zauriturik gabekoak izan zirela, eta gainerakoetan izandako zaurituen kopurua (968) iaz baino handiagoa izan zela (881). 968 zauritu horietatik 914 arinak izan ziren, 52 larriak, eta bi hildako egon ziren. Hildakoen kopurua iaz baino bat txikiagoa izan da, eta 2019an baino bi gutxiago. Hildakoak motor gidari bat eta emakume bat kotxe batek harrapatuta izan ziren.

Harrapatze kopurua handitu da

Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak bere departamentutik zein Hiri-Segurtasun eta Herri-Babeseko departamentutik garrantzi handia ematen zaion estatistikaren beste datu bat nabarmendu du, hain zuzen ere, harrapatzeak.

Donostian 2022an 109 harrapatze gertatu ziren, iaz baino 14 gehiago. 99 pertsonak zauri arinak izan zituzten, 9 zauri larriak eta hildako bat egon ziren. Eta horietatik 85 oinezkoak ziren.

Istripuetan gertatzen den moduan, autoak dira harrapatze kasu gehienetan inplikatuak dauden ibilgailuak (50), eta jarrian motorrak daude (15). Hirugarren ibilgailu mota bizikletak dira (13), 2021an baino 7 bizikleta gehiago inplikatuak egon dira harrapatzeetan.