Euskadiko txanpon-makinen % 60k baino gehiagok emakumearen irudi sexualizatua proiektatzen dute

0

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru dela inauguratu da gaur goizean Jokoaren Euskal Behatokiak antolatutako “Emakumea eta ausazko jokoak” jardunaldia. Ekitaldia otsailean ospatzen den Joko Arduratsuaren Nazioarteko Egunaren esparruan antolatu da. Jardunaldi horretan Iraide Fernández Aragón UPV/EHUko Soziologian doktoreak Jokoaren Euskal Behatokiak egin duen Emakumeari eta jokoari buruzko panoramika txostena aurkeztu du.

Bestalde, Karmele Mendoza Pérez Extremadurako Unibertsitateko Garapenaren, Ikaskuntzaren eta Heziketaren Psikologian doktoreak “Genero-perspektibak nerabeen eta gazteen joko-ohiturak ulertzeko” hitzaldia eman du. Jarraian, Irune Suberbiola, Laura Macía, Aidé Baranda, Pilar Urra eta Sonia González Ubierta adituek mahai-inguru batean hitz egin dute emakumeari eta ausazko jokoei buruz diziplina arteko begiradatik.

Sexismoa diru-makinetan

Jokoaren Euskal Behatokiak egin duen azterketan «B» motako makinen (diru-makinen) modelo homologatuek estalkietan erabiltzen dituzten irudiei buruzko analisi aitzindaria egin da. Euskadin dauden 339 makina-modeloak aztertu ondoren, txostenak zehaztu duenez:

  • % 57,5ek erakusten dute emakumearen irudi sexualizatua proiektatzen duen edukia eta % 4,1ek emakumeen irudi ez-sexualizatuak.
  • Ehuneko hori % 63,7ra arte igotzen da joko bat baino gehiago eskaintzen duten makinak batuz gero.

Genero-perspektibadun joko-ohiturak

Txostenak egiaztatzen du gero eta handiagoa dela Euskadin jokatzen duten pertsonen ehunekoa, eta oraindik ere emakumeek baino gizon gehiagok jokatzen duten arren, ohitura berdintzen ari dela eta, gainera, emakumeen artean gehiago ari dela gora egiten. Horrez gainera, argi dago gizonek emakumeek baino maizago jokatzen dutela eta, emakumeekin alderatuta, online jokoaren modalitatean gizonen presentzia nabarmenagoa dela.

  • AUSAZKO JOKOAK ETA KIROL-APUSTUAK:
    • Jokatzen dutela aitortzen duten pertsonen ehunekoak 10 portzentaje-puntu egin du gora 2019tik 2022ra, eta 2022an biztanleriaren % 76,3ra iritsi da.
    • Jokatzen duten emakumeen joko-maila gizonenaren antzekoa izan da 2022an: galdetu zaien emakumeen % 75,3k (2019an baino 10 puntu gehiago dira, urte hartan % 65,2 baitziren) eta gizonen % 77,5ek (2019an % 69,9 ziren) adierazten dute azken urtean jokatu dutela.
  • ONLINE JOKOA:
    • Gora egin du online jokoetan parte hartzen duten emakumeen eta gizonen kopuruak ere: 2019ko % 2tik 2022ko % 3,3ra.
    • Tipologia zehatz horretan, emakumeek errezelo gehiago dituzte, eta hiru urte horietan % 1,5etik % 1,1era jaitsi dira joko-mota horretan aritu direnak. Aitzitik, gora egin du joko-tipologia horretan aritzen diren gizonen kopuruak: % 2,7tik % 5,2ra.
  • OHITURAZ JOKATZEA:
    • Egunero edo astero jokatzen duten pertsonen kopuruak gora egiten jarraitzen du 2019tik 2022ko konparazioan.
    • Emakumeak baino gehiago dira sarri jokatzen dutela adierazten duten gizonak: % 19,3 gizonak eta % 14,7 emakumeak 2019an; eta % 32,3 gizonak eta % 24,1 emakumeak 2022an.
  • JOKOAREN BALORAZIOA:
    • Euskal gizartearen aldetik hobetu egin da jokoaren balorazioa 2019tik 2022ra bitartean.
    • Emakumeen pertzepzioa gizonena baino kritikoagoa da: galdetegia erantzun duten emakumeen % 49,3k (eta gizonen % 44,4k) pertzepzio “txarra edo oso txarra” dute ausazko jokoez eta kirol-apustuez.

Euren buruari jokatzea debekatzen dioten pertsonak

2022ko urtarriletik abendura bitartean Euskadin euren buruari joko pribatuetan nahiz online jokoetan jokatzea debekatu zioten pertsonen kopuruak % 36,3 egin zuen gora (1.813 pertsona erregistroan).  Horietatik 1.424 gizonak dira (% 78,5) eta 389 emakumeak (% 21,5). Pertsona autodebekatuen igoera hori argi eta garbi da inskribatutako gizonen igoeraren ondorio, 2022ko urtarriletik abendura % 79,6 baitziren gizonak eta % 6,1 emakumeak.

Bestalde, laguntza bila elkarteetara jotzen duten pertsona gehien-gehienak ere gizonak dira (% 89), eta 18 urtetik 45 urtera bitarteko adin-tartekoak (elkarteetara jotzen dutenen % 64,9). Adin-tarte horretako emakume oso gutxik jotzen dute elkarteetara, % 5,31k, hain zuzen ere.

Txantiloia: laguntza-elkarteak Vs joko-enpresak

Genero-aldaera barne hartuta, azterlanak egiaztatzen du alde handiak daudela jokoarekin arazoak dituzten pertsonei laguntzeko elkarteetan lan egiten duten pertsonen eta jokoaren sektoreko enpresetako langileen artean:

  • LAGUNTZA ELKARTEAK: Euskadin halako elkarteetan lan egiten dutenen artean banaketa antzekoa da (24 emakume eta 20 gizon). Hala ere, joko-adikzioak dituzten pazienteei laguntzen aritzen diren boluntarioen artean % 73,6 dira gizonak eta % 26,4 emakumeak.
  • JOKO-ENPRESAK: Jokoaren sektoreko enpresa-sareko plantillak oso maskulinizatuta daude, langileen % 34,7 bakarrik baitira emakumeak. Horietako zuzendaritzako karguen kasuan (lehendakaria eta zuzendaritza-batzordea edo -kontseilua), emakumeek halako karguen % 20,8 baino ez dituzte betetzen. Kasu batzuetan, esate baterako, kasinoen eta apustu-etxeen kasuan, emakume bakar bat ere ez dago zuzendaritza-karguetan.