Euskal Autonomia Erkidegoko Plus 2021-2027 Europako Gizarte Funtsaren Programak aurreikusi du 90.000 pertsona baino gehiagori arreta ematea

0

Gaur Bilbon egindako abiarazte-ekitaldiarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Plus 2021-2027 Europako Gizarte Funtsaren programazio-aldi berri bat hasi da. Aldi horretarako, 197 milioi eurotik gorako jarduketak biltzen dira —horietatik 79 milioi Europar Batasunak jarriko ditu—, eta 90.000 pertsona baino gehiagori arreta ematea aurreikusi da.

Hori da Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk nabarmendu duen alderdietako bat, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosarekin eta Europako Batzordeko eta Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioko ordezkaritza batekin batera egindako aurkezpen-ekitaldian.

Azpiazuk honako hau nabarmendu du: “datozen 7 urteetan EGIFek finantzaketarekin eta printzipio eta balio partekatuekin lagunduko du Euskadiren hazkunde inklusiboan, lan-merkatuaren modernizazioan, gure artean ditugun eraldaketa berde eta digitaletara egokitzean eta gure gizarteko pertsona kalteberenak babesten”.

Joan den azaroaren 25ean onartu zuen programa hau Europako Batzordeak. Programa Europar Batasunak pertsonengan inbertitzeko duen tresna nagusia da, eta koronabirusaren pandemiaren ondoren Europar Batasunaren susperraldi sozioekonomikorako giltzarrietako bat.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak azpimarratu duenez, Europako Gizarte Funtsaren Plus Programa, Euskadiko egoera sozioekonomikoaren eta laboralaren azterketan oinarrituta egina, sortu da “kalitatezko enplegua lortu eta mantendu dadin bultzatzeko, eta desgaitasuna duten pertsonen eta pobreziako edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea errazteko, eta Euskadin gizarte-babeseko politiken dimentsio berri bat eratzeko bokazioa du”.

Bestalde, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak bere saileko hiru programa aurkeztu ditu. Horiek bat egiten dute Europako Gizarte Funtsaren + programaren hiru ardatz nagusirekin. Aukerak Suspertzen eta Trapezistak izenekoak eta pobrezia materialari aurre egiteko laguntza-programa bat dira. Lehen bi programak pandemiaren testuinguruan sortu ziren, eta, fase pilotu baten ondoren, dagoeneko eman dira beharrezkoak urratsak horiek estruktural bihurtzeko, haurren eta familien politika normalizatuetan kokatuta, batetik, eta migrazioen eta gazteriaren politiketan, bestetik.

Bereziki, Melgosa sailburuak Aukerak Suspertzen programaren balioa nabarmendu du. Eskolaz kanpoko hezkuntza indartzeko programa komunitarioa da, eta arrakala digitala murriztea eta desabantaila sozialeko egoeran dauden haurren, nerabeen eta haien familien gaitasunak indartzea du helburu. Programa hori Familia eta Haurren Zuzendaritzak sustatzen du, eta Agintzari kooperatiba sozialak eta hirugarren sektore sozialeko 20 erakundek baino gehiagok kudeatzen dute.

“Asmoa ez da, soilik, baliabiderik ez izateagatik behar duten familiak informatikoki hornitzea. Gainera, hezkuntza-laguntza eskaintzen zaie, etxe horietako haurrek edo nerabeek ikasketa-ohiturak indartu ditzaten, trebetasun digitalak eta/edo hizkuntza-konpetentziak gara ditzaten”, azaldu du Melgosak. Programak, gainera, gurasoentzako indargarri espezifiko bat jasotzen du, haiei prozesuan seme-alabak babesten laguntzeko.