Jokin Bildarratzek euskal Lanbide Heziketako hidrogeno berdearen lehen azpiegitura inauguratu du

0
  • San Jorge Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak TELKI, Lanbide Heziketako Hidrogeno Berdearen azpiegitura inauguratu du; Hidrogeno Berdearen ekoizpenean adituak diren pertsonak bildu ditu ekitaldiak Santurtzin
  • Hidrogeno Berdea energia garbia eta agortezina ekoizteko ikerketa-bide nagusietako bat da.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Nicolas Sagarzazu Antolamendu eta Plangintza zuzendariarekin batera, San Jorge Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren TELKI Green Hydrogen Lab gunearen inaugurazioan parte hartu du, Santurtzin. Azpiegitura aitzindari honek uretatik hidrogeno purua lortzeko beharrezko instalazioak batzen ditu, azpiegitura fotovoltaikoa eta eolikoa prozesu honetarako energia-iturri gisa erabiliz.

TELKI bana-banako konplexua da, bai energia berriztagarrietan adituak prestatzeko, zein ingurumena errespetatzen duten irtenbide energetiko jasangarrietan sakontzen lagunduko duten lankidetza-proiektuak garatzeko.

Inaugurazioan Sergio Rojasek parte hartu du, Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (CSIC) Katalisi eta Petroleokimika Institutuan Ikerketa irakasleak. Etorkizun iraunkorragoa eta planetarekiko begirunetsuagoa izango den energia-iturri bat garatzeko funtsezkoa den teknologia honen erronkak eta aukerak azaldu ditu.

Jardunaldian zehar, gainera, azpiegitura honen oinarrizko funtzionamendua eta ikastetxean ematen den Energia Berriztagarrien Goi Mailako zikloaren ezaugarriak eta lan-aukerak ere aztertu dira.

Aurrerago joatea

Bildarratz sailburuaren hitzetan, San Jorge ikastetxea energia berriztagarrien eta hidrogeno berdearen inguruan egiten ari den lanak “erakusten du Euskadiko Lanbide Heziketak zenbateraino berrasmatzen duen bere zeregina etengabe. Atsegin dut irudi inkonformista hori erakustea, beti aurrerago joan nahia, arlo ezezagunak aztertzea, lantzea eta ikasgeletan ezartzea. Izan ere, azkenean, hori da bilatzen duguna: gure ikasleei ahalik eta prestakuntzarik onena eskaintzea, egungo garairako egokia, baina, era berean, epe laburrean lan-merkatuak zer eskatuko dien sumatuta”, adierazi du.

Energia-iturri horri aurreikusten zaion etorkizunari dagokionez, Hezkuntza sailburuak apustu argia azaldu du. “Argi daukat hidrogeno berdea estrategikoa bada, guk hor egon behar dugula: energia hori ulertzeko, ekarpenak egiteko, esperimentatzeko eta, batez ere, gure ikasleak trebatzeko. Etorkizuneko profesionalak trebatzea, dagoeneko ikertzen, berritzen eta beren prozesuetan aplikatzen ari diren enpresen eskutik. Izan ere, aurrera egiteko modurik onena probatzea da, praktikan jartzea; batzuetan huts eginez, aurrera egiteko beharrezko urrats gisa”.

Amaitzeko, Bildarratzek gogorarazi du orain abian jarriko den proiektua zertarako erabiliko den: ikasleak prestatzeko, Lanbide Heziketako ikastetxeekin zein enpresekin lankidetzan aritzeko eta ikerketa aplikatuko proiektuetan parte hartzeko, hain zuzen ere. Eta ziur agertu da “DBHko eta Batxilergoko ikasle bat baino gehiago animatuko dituela prestakuntza horren alde egitera”.

Hidrogeno Berdea, energia garbi eta agortezinerako atea

Hidrogenoa da naturako elementu kimiko ugariena, eta energia-iturri garbia eta agortezina izateko ahalmena du. Hala ere, elementu hori ez da inoiz bakarrik agertzen, beste elementu batzuekin lotuta baizik. Hidrogenoa beste elementuetatik bereizteko prozesuan erabiltzen den energiak zehazten du erregai jasangarria izango den ala ez. Hidrogenoa beste elementu batzuetatik bereizten denean energia berriztagarria erabiliz (eolikoa, eguzkikoa edo hidraulikoa), C02 emisiorik gabe, Hidrogeno Berdea lortzen da.

Hidrogeno Berdearen ekoizpen-prozesua erregai fosilen bidez egindako prozesua (Hidrogeno Beltza) baino askoz garestiagoa da. Ikerketa eta garapen teknologikoa ezinbestekoak dira energia-iturri giltzarri hau optimizatzeko eta errentagarri bihurtzeko, etorkizun jasangarriago bat lortzeko eta planeta gehiago errespetatzeko. Izan ere, energia-konpainia aurreratuenek eta CSIC bezalako ikerketa-zentroek alor hau hartu dute ardatz beren ikerketetan.

San Jorge LHII

San Jorge LHIIk Lanbide Heziketako 16 heziketa-ziklo eskaintzen ditu, Erdi Mailako 6 eta Goi Mailako 10, 8 lanbide-arlotan.

San Jorge Energia Berriztagarrien Goi Mailako zikloa eskaintzen duen Bizkaiko ikastetxe publiko bakarra (Usurbil LHII-k eta Somorrostro LHIPI-k ere eskaintzen dute). Gainera, ikastetxean bertan ematen diren beste zenbait ziklok ere, hala nola «Sistema elektroteknikoak eta automatizatuak», «Telekomunikazio- eta informatika-sistemak», «Analisi- eta kalitate-kontroleko laborategia», «Instalazio elektrikoak eta automatikoak» eta «Telekomunikazio instalazioak» zikloek, gai horri lotutako edukiak jasotzen dituzte beren ibilbide akademikoan.

Lanbide Heziketako zikloetan 603 ikasle daude guztira (378 gizon eta 225 emakume), 229 Erdi Mailako zikloetan eta 374 Goi Mailakoetan. Gaur egun 28 ikasle ari dira Txandakako Lanbide Heziketa Dualaren ereduan prestatzen, eta horietako 7 Energia berriztagarriak ziklokoak dira.