Zuzenbideko ikasleei dei egin die Garamendi Sailburuak beren ezagutza zerbitzu publikoan jartzera

0
  • Zuzenbideko prestakuntzak lan publikoan jarduteko eman ditzakeen aukerak azpimarratu ditu Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak, unibertsitateko 200 ikasle gazteren aurrean, Deustun
  • Datozen urteetan Administrazio publikoak belaunaldien arteko errelebo prozesuari ekingo diola gogorarazi du Garamendik eta, horretarako, trebatutako eta zerbitzu publikorako bokazioa duten pertsonak beharko direla

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak bere gogoetak partekatu ditu gaur Deustuko Unibertsitateko Zuzenbideko 200 ikasle ingururekin, eta beren ezagutza arlo publikoaren zerbitzura jartzera animatu ditu. Olatz Garamendik belaunaldien arteko errelebu prozesuaren barruan kokatu du gonbidapena; izan ere, administrazioa prozesu horretan murgilduta dago jada, eta datozen urteetan are biziagoa izango da. Gainera, bere irudiko, Zuzenbidean duten ezagupenak Administrazio publikoaren ateak irekitzen dizkie, betiere Administrazioaren mesedetan, lizentziatuen prestakuntza juridikoa lan publikoarentzat onuragarri izango bailitzateke.

Garamendik Deustuko Unibertsitateko Zuzenbideko ikasleek antolatutako Enplegu eta Ekintzailetza Foroan egin ditu adierazpen horiek, ‘Zuzenbidea eta Enplegu Publikoa’ jardunaldian. Sailburuak bere burua ispilatuta ikusi du aurrean izan duen ikasle multzoan, bera ere Zuzenbidean lizentziatu baitzen unibertsitate berean. Horrek, herritarrei zerbitzu publikoa emateko bokazio goiztiarrarekin batera, Eusko Jaurlaritzan letratu plaza lortzera eraman zuen. Azaldu duenez, “nire bizitza profesionaleko poztasun handienetako bat izan da”.

Bere ibilbide profesionalean arlo publikoari lotutako hainbat ardura postutik igaro dela adierazi ondoren -Funtzio Publikoaz eta Zerbitzu Juridiko Zentralez arduratzen den Eusko Jaurlaritzako Sailaren buru izaten amaitu arte-, Sailburuak adierazi du Legearen eta Zuzenbidearen mende egoteak prestakuntza juridiko horren “garrantzia” nabarmentzen duela, “horiek direlako administrazio jardunaren funtsezko printzipioak”. Gernikako Estatutua eta autogobernua ere aipatu ditu. “Tresna horrek ongizate handiagoa dakarrelako, kudeaketa hobea eta gertuagokoa egiteak garapen eta hazkunde iraunkorra dakarrelako, eta hori herritarren onerako delako”, azaldu du.

Garamendik berretsi du enplegu publikoa aukera ona dela hazkuntzaren eta komunitatearen eta guztion ongiaren zerbitzura lan egiteko. “Enplegu publikoan, aukera ederra dago balio horiek Zuzenbidean oinarrituta lantzeko”, animatu ditu entzule izan dituen etorkizuneko letratuak.

Ildo horretan, onartu berri den Euskal Enplegu Publikoaren Legean jasotzen den kalitatezko enplegu publikoaren eredu propio baten aldeko apustua berretsi du. Eredu hori gizarte aldakor eta etengabe eraldatzen ari den batean gauzatu beharko da. “Horretarako, tresna berritzaileak eta zerbitzu publikorako bokazioa duten pertsonak beharko dira, beren gaitasunak eta ezagutza administrazioaren eta, beraz, herritarren zerbitzura jartzeko prest daudenak”, azpimarratu du.