Azpiazu Kongresuan izan da 2022-2026 bosturtekorako Kupoaren metodologia onartzen eta Ekonomia Ituna aldatzen duten legeak eztabaidatu eta onartzeko bilkuran

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua Diputatuen Kongresuko Osoko Bilkuran izan da gaur. Bertan, Ekonomia Itunaren Legearen aldaketa eztabaidatu eta onartu da. Aldaketa horrek barne hartzen du hiru zerga berri ituntzea eta lehendik dagoen beste bat aldatzea, baita 2022-2026 bosturtekorako Kupoaren metodologiari buruzko lege berria jasotzea ere.

EIBM Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak joan den azaroan eta abenduan lortutako akordioen emaitza da onarpen hori. Sailburuarekin batera, Ogasuneko sailburuorde Itziar Agirre, Erakundeen Baliabideetako zuzendari Aitziber Beldarrain eta Zerga Administrazioko zuzendari Ane Etxenausia izan dira.

Azpiazuk nabarmendu du onarpen horrek euskal erakundeei dakarkien finantza-egonkortasuna, eta “ezegonkortasun ekonomikoa bizitzea egokitzen ari zaigun garai hauetan, kaudimena eta sendotasuna bermatzea dakarren” ziurtasuna, gehitu du.

“Ekonomia Ituna da gure finantzaketa-erregimenaren oinarria, eta euskal instituzio gisa dugun betebeharra eta erantzukizuna da Euskadirentzat funtsezkoak diren horrelako akordioak lortzeko lan egitea”.

Gaurko akordioek, Azpiazuk dioenez, islatu egiten dute instituzioen arteko finantza-harremanen normalizazioa eta Ekonomia Itunarekiko errespetua gauzatu izana, non aldebiko ituna baita ezaugarri.

Horrela, besteak beste, Ekonomia Itunaren aldaketarekin, honako hau onartzen da:

Plastikozko ontzi berrerabilezinen gaineko zerga berezia

Hondakinak zabortegietan biltegiratzearen, errausketaren eta hondakinen baterako errausketaren gaineko zerga

Fortuna handien gaineko aldi baterako solidaritate-zerga

Ekonomia Ituna egokitzea berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergan egindako aldaketetara.

Finantza-arloan, Kongresuak Euskadiko Kupoa 2022-2026 bosturtekorako zehazteko metodologia onartzen duen lege-proiektua onartu du. Horren arabera, abiaburu-urteko behin-behineko kupoa 1.472 M €-tan finkatzen da (1.468M €, Arabako Foru Lurraldeari konpentsazio historiko bat kenduta).

Zenbateko hori Estatuari ordaintzen ari zitzaion Kupoaren oso antzekoa da, eta onartutako metodologiak % 6,24an mantentzen du egozpen-indizea.