Castaños eta Galindo ibaiak birnaturalizatzeko ahaleginetan da Barakaldoko Garapen Jasangarria arloa

0

Gaur arratsaldean aztertuko du Udalbatzak Castaños eta Galindo ibaiak zeharo birnaturalizatzeko proiektuaren onarpena, Barakaldo parean. «Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala arloko ekimen bat da, ibai-ingurune hori birnaturalizatzeko eta hobetzeko, Gorostitzako presatik itsasadarraren bokalera bitarteko tarte zabal batean, Desertu-Urban parean», azaldu du Fernándezek.

Castaños-Galindo hiriko eta landako ibai-ingurunea osorik berreskuratzeko planak 2.452.472,73 euroko aurrekontua du, BEZa barne, eta Espainiako hirien birnaturalizaziora eta erresilientziara bideratutako jarduketak sustatzeko dirulaguntzen deialdiari erantzun dio, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan. Laguntza horiek Biodibertsitate Fundazioak ematen ditu, Trantsizio Ekologikoko eta Erronka Demografikoko Ministerioaren mende.Klima-aldaketaren aurka borrokatzeaz hitz egiten dugunean, ez da nahikoa hitz onak eta keinu txikiak egitea.  Anbizio handiko ekintzak behar dira, ingurumenarekiko konpromiso argia erakusten dutenak. Eta proiektu hau halakoa da», baloratu du Carlos Fernándezek.

Fernándezek Carlos Pera alkate ohiaren lana goraipatu nahi izan du. 90eko hamarkadaren amaieran Urban plana bultzatu zuen, Labe Garaietako antzinako industria-lurrak berreskuratzeko, berdegune, pasealeku, bizitegi-eraikin eta ekipamenduekin. Hori guztia, Itsasadarra berriz konkistatuz. «Erriberako parkea horren guztiaren errematea da, Bilbao Ría 2000rekin batera taxututako plangintzaren amaiera», nabarmendu du.Itsasadarraz gainera, Barakaldon badira hiria besarkatzen duten beste bi ibai-ibilgu, Kadagua eta Castaños-Galindo, eta zaindu egin behar ditugu. Carlos Fernándezek adierazi duenez, ibaien birnaturalizazioak proiektu estrategikoa eta hiri-proiektua izan behar du Barakaldon.

IBILALDIAK, PASABIDEAK ETA IBAIERTZEKO BASOAK…
Proiektuaren ekintzak ibaiak ikuspegi integratzaile batetik berreskuratzera bideratuta daude, barakaldarrei onurak ekarriko dizkien ibai-ekosistema erabat funtzionala lortzeko.

Nabarmentzekoak dira oinezkoen eta bizikleten ibilbide berriak sortzea, sare berdea osatzeko, ibaien ertzak komunikatuko dituzten pasabide berriekin, landaredia berreskuratzea eta ibaiertzeko baso bat landatzea (lizarrak, haltzak, sahatsak eta tankerako espezieak landatuko dira).  Proiektuak paisaia eta ingurumen-kalitatea hobetzea ere barne hartzen du, fauna-biodibertsitatea sustatuz, landaredi inbaditzailea kontrolatuz eta urpean gera daitezkeen eremuak babestuz.

«Horrela, korridore ekologikoa eta bizilagunen aisialdirako espazio osasungarria sortuko dugu, eta, aldi berean, uholdeak arindu eta biodibertsitatea bultzatuko.  Castaños eta Galindo ibaiak enklabe natural bat dira, XX. mendeko garapen industrialean nahasi zena, ibai-habitat horrek hiriarentzat duen balio ekologiko eta sozialaren zati handi bat galdu duena, eta proiektu honek aberastasun hori berreskuratu nahi du», azaldu du Fernándezek.

Alba Delgadok azaldu duenez, Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala arloak proiektua aurrera ateratzeko lan egin du, eta zenbait erakunderen laguntza ere jaso du, hala nola Mugarik Gabeko Basoena, Kosten Sailarena, adinekoentzat udalerri atseginagoa egiteko Barakaldo Lagunkoia ekimenarena  eta Eguzki eta Ekologistak Martxan talde ekologistena.

Zinegotziak gogorarazi du, halaber, duela bi urtetik lanean ari direla Castaños ibaiaren ibilguan.  Zehazki, 2021eko martxoan, Barakaldoko Udaleko Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala arloak, Osakidetzako Sestaoko OSIk eta Ekologistak Martxan elkarteak Gorostitzako kiroldegitik hurbil, Tellaetxe parkean, Castaños ibaiaren meandroan, errebiera-baso txiki baten landaketa bultzatu zuten.

Gainera, azken hilabeteetan, URAk espezie inbaditzaileak kentzeko lanak egin ditu Castaños ibaiaren ertzetako 25 puntutan, eta gaur egun ibaia birnaturalizatzen ari da zati txiki batean, Gorostitzako kiroldegiaren ondoan dauden hormigoizko hormak kenduz.